Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek gazteria politiken eremuan bultzada handiagoa eskatu du Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan

2014.eko abenduak 12

Sailburuak Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta kirolaren alorreko Ministro Kontseiluan esku hartu du.

 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriartek Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirolaren Ministro Kontseiluan parte hartu du, Autonomia Erkidegoen jarrera defendatuz eta amaiera emanez Euskadik EBko Ministro Kontseiluan izandako sei hilabeteko koordinazio eta parte-hartze aldiari.

Brusela, abenduaren 12an:Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriartek Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirolaren alorreko Ministro Kontseiluan esku hartu du, Bruselan. Europar Batasuneko Ministroen aurrean euskaraz izandako hitzaldian, Sailburuak Autonomia Erkidegoen ahotsa aurkeztu du, gazteriari buruzko politikak indartzeak duen garrantzia defendatuz; bere esanetan, politika horiek eraginkorragoak izan behar dira biztanle gazteentzat, oraingo erronka sozioekonomikoei erantzun konkretuak eman ahal izateko. 

Seihileko honetan, enplegu eta gazteriaren alorrean, Euskadik Autonomia Erkidegoen parte-hartzea koordinatu du haien parte-hartzeari irekitako lau Ministro Kontseiluetan. Aburto Sailburuak Europar Batasuneko Enplegu eta Gizarte Gaietako Kontseiluan parte hartu ondoren, Uriarte Sailburuak EBko Ministro Kontseiluan izandako agerraldiak bukaera eman dio Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko erabakitze-organo gorenaren talde teknikoetan sei hilabetez gauzatutako lanari; horren oinarrian daude Europar Erkidegoekin Zerikusia duten Gaietarako Konferentziaren (CARCE) akordioak eta Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Kontseiluaren Formazioetan ordezkatzeko sistemaren akordioak, 2004an onartuak.

Bere mintzaldian, Uriarte Sailburuak bultzada politiko berri bat eskatu die Europar Batasuneko Estatuei, gazteriari buruzko politiken zeharkakotasuna lurralde eta eskumen maila guztietan sustatzeari begira. Alde horretatik, Sailburuak azpimarratu du gazteen emantzipazioa, bizi-kalitatearen hobekuntza eta gazteen parte-hartzea funtsezkoak direla. Zeharkakotasun egokia finkatzera iristeko beharrezkoak diren tresnak bultzatzeko har litezkeen neurriei dagokienez, nabarmendu du beharrezkoa dela horri bultzada politikoa ematea, gazteriaren erakundeak indartzea eta, halaber, gazteen parte-hartze aktiboagoa ezartzea eta erraztea erabakiak hartzeko prozesuetan.

Autonomia Erkidegoek Kontseiluan parte hartzeko eta bertan ordezkatuta egoteko ezarrita dagoen sistemak bide bat eskaintzen die Autonomia Erkidegoei beren interesak defendatzeko eta Kontseiluaren negoziazio-prozesuan eragina izateko, jorratu beharreko gaien inguruko jarrera komuna hartu aurretik, eta, gainera, Kontseiluan zuzenean esku hartuz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Europar Gaietako Zuzendaritzak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak elkarrekin lan egin dute, seihileko honetan, 2004ko akordioak aplikatzeko. Gaur egun, EBko 5 Ministro Kontseilu soilik daude irekita Autonomia Erkidegoen parte-hartzeari: Enplegua, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak; Nekazaritza eta Arrantza; Ingurumena; Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirola; eta Joko eta apustuen alorra, Lehiakortasunaren Kontseiluan, eta fiskalitatearen zati bat.

Euskararen erabilera Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan

Europar Erkidegoekin Zerikusia duten Gaietarako Konferentziaren (CARCE) akordioak eta Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Kontseiluaren Formazioetan ordezkatzeko sistemaren akordioak 2004an sinatu zirenez geroztik, euskaraz hitz egin daiteke EBko ministroen Kontseiluetan eta Eskualdeen Batzordean. Halaber, Europako Batzordera edo Europako Herriaren Defendatzailearengana jo nahi duten euskal herritarrek euskaraz egin dezakete.

2007ko azaroan, garai hartako Sailburu Miren Azkaratek euskaraz esku hartu zuen aurreneko aldiz, orduan ere Autonomia Erkidegoen jarrera gazteriaren alorrean defendatuz, EBko Ministro Kontseiluaren baitan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LuisSaratxaga
    2014.eko abenduak 15

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriarte solicita un mayor impulso de las políticas de juventud en el Consejo de Ministros de la Unión E... http://t.co/zMv5Z8QTmY

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)