Berriak
Eu

Euskal hezkuntza sistema elebiduna eredugarria Rhode Island Unibertsitatearen arabera

2014.eko abenduak 12

Pasa den abenduaren 9an Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzak Rhode Island Unibertsitatearekin elkarlanean Euskararen Nazioarteko Egunaren omenean  ekitaldi bat ospatu zuten, uniberstitateko Agnes G. Doody aretoan.

Saiorako, irakasle eta kultura sailburu ohi den Miren Azkarate, Kingston hirira gerturatu zen eta bertan “Best Practices in Bilingual Education” (Praktika hoberenak hezkuntza elebidunean) izeneko hitzaldia eman zuen. Erin Papa izan zuen lagun, Rhode Island Roadmap to Language Excellence programaren zuzendaria, zei nak estatuko eskoletara hezkuntza eleaniztasuna zabaltzea duen helburu.

Bertako unibertsitateko zenbait irakaslek euskal hezkuntza elebiduna eredugarritzat kontsideratu zuten beraien herritarren artean eleaniztasuna sustatzeko.

Azkarate andereak euskal hezkuntza eredua eta 80.hamarkadatik gaur egun arte elebitasun arloan lortutako arrakastak aurkeztu zituen.

“Gure etorkizuneko erronka nagusia euskararen erabilera da. Euskararen ikaskuntzan aurrerapausu handiak eman dira, baina orain eguneroko esparru desberdinetan euskara erabiltzearen garrantziaz kontzientziatu behar gara” zioen Azkaratek. “Era berean garrantzitsua da euskaldunen komunikazio gaitasunak indartzea ”.

Rhode Island Unibertsitatean izandako ekitaldi hau, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzak bertako zenbait erakunde eta euskal etxerekin elkarlanean, herrialdean zehar euskara ezagutzera emateko helburuz antolatutako ospakizunetako bat izan da.

Halaber, abenduaren 10ean, Miren Azkarate eta Euskadiren Estatu Batuetako ordezkari, Ander Caballero, Newport hirian Rhode Islandeko euskal etxeko kideekin bildu ziren, euskara atzerrian sustatzeko modu desberdinak aztertzeko.

Euskararen Nazioarteko Eguna, 1995.urtean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak instituzionalizatu zuten, eta urtero abenduaren 3an ospatzen da euskara sustatu eta omentzeko helburuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)