Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza-ikastaroak 246ra eta matrikulazio kopurua 22.200ra handituko ditu 2015ean

2014.eko abenduak 11

24. promozioko 120 ertzain trebatzeko prozesuaz eta Ertzaintzaren 25. promozioan 250 pertsona sartzeko beste prozesu bat deitzeaz gainera

2015eko urteko jardueren plana onartu du gaur Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Kontseiluak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru zuela eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Josu Zubiaga, Arkauteko Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo era han zirela. Jarduera-planean 246 ikastaro eta 22.191 matrikula aurreikusi dira. 

Ertzaintzari dagokionez, prestakuntza-planak 2014an emandako ikastaroen kopurua bikoiztu du 2015erako (65etik 115era); 14.450 matrikula inguru aurreikusita daude. Udaltzaingoentzako ikastaroei dagokienez, urteko planak 51 ikastaro eta 4.113 matrikula jaso ditu, eta suhiltzaile profesionalentzat, berriz, 42 ikastaro antolatuko dira (527 matrikula guztira). Halaber, datorren urtean 29 ikastaro antolatuko dira larrialdietako boluntarioentzat eta Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendariarentzat; guztira 779 matrikula aurreikusi dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bestelako taldeen prestakuntza-beharrei ere erantzungo die; horrelakoentzat zazpi ikastaro aurreikusi dira, 320 matrikula guztira.

2015erako plangintzan, zeharkako hiru konpromiso ageri dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardueran: euskara, giza eskubideak eta ingurumena.

2014ko ekitaldiko euskalduntzearen arloko berritasunen artean, nabarmendu behar dugu, batetik, ertzainek aukera izan dutela, lehen aldiz, IVAPeko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian parte hartzeko, EAEko herri-administrazioko gainerako funtzionarioek bezalaxe eta, bestetik, Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna ematen hasi dela.

Ildo horretatik, hizkuntza-normalizazioan aurrera jarraitzen du akademiak (aurtengo maiatzean Euskararen Erabilera Plana onartu zuen) 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak lortzeko ikastaroen bidez. Horrez gain, 2015ean euskara gehituko da Ertzaintzaren XXIV. promozioa trebatzeko ikasgaien hizkuntza gisa, eta prestakuntza-eskaintzan salaketak zein deklarazio-hartzeak euskaraz egiten ikasteko ikastaroa ere egongo da ikerketa kriminaleko espezialistentzat.

Giza eskubideekiko konpromisoan sakontzen jarraitzeko, Parez Pare jardunaldien beste ziklo bat antolatzeaz gain, Biltzen Integraziorako eta Kulturen Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuaren bidez, ikastaro hau jasoko dute akademiako langileek: «Aniztasuna eta Komunikazioa». Iaz hasitako prestatzaileen prestakuntzaren barruan, Amnesty International, Baketik eta Geuz erakundeen laguntza izango dugu.

Halaber, XXIV. promozioaren barruko prestakuntzan zeharka jasoko da diziplina guztietan «Ertzaintza eta giza eskubideak» izeneko modulua. Era berean, honako arlo hauetan ere prestakuntza hobetzeko lanean arituko gara aurrerantzean, besteak beste: genero-indarkeria eta etxeko indarkeria; adingabeak eta adinekoak babestea, eta egoera ahulenean dauden taldeetako kideak errespetatu eta babestea.

Ingurumenarena da 2015erako zeharkako beste konpromiso bat. Arlo horretan, Akademiak landa-inguruneko polizia-patruilari buruzko ikastaroak eskainiko ditu Ertzaintza eta Udaltzaingoarentzat. Ertzain-etxeetako ikerketa-arlorako ikastaroei dagokienez, ingurumenari, ondare historikoari zein hirigintzari buruzko ikastaroak egongo dira, eta suteen aurrean jarduteko ikastaroak eta Gai Nuklearren, Erradiologikoen, Biologikoen eta Kimikoen ikastaroak ia kolektibo guztientzat eskainiko dira.

Guztira 1.060 lagunek parte hartu dute 2014an Parez Pare polizia-jardunaldien lehen edizioan. 2015ean ere egingo dira, eta, besteak beste, Giza Eskubideen esparruko polizia-jardunbide egokiak zein segurtasunaren eta larrialdien arloko bestelako gaiak aztertuko dira jardunaldiotan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)