Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Barbara Goenaga eta Kalakan, Poziktibity egitasmoarekin

2014.eko abenduak 11

“Euskara, gaurko bizitzarako hizkuntza modernoa”, Poziktibity ekimenaren lelo berria

Barbara Goenaga aktorea eta Kalakan taldeko kantari eta perkusio joleak –Thierry, Xan eta Jamixel- Poziktibity egitasmora gehitu dira. Eurak dira ekimenaren bosgarren bideoan protagonista. “Euskara, gaurko bizitzarako hizkuntza modernoa” da Poziktibity ekimenak oraingo honetan dakarren leloa, eta euskaraz ekoitzitako sormen lanez dihardu laukoteak bideo berriko solasaldian. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta bideo berriko protagonistek elkarrekin aurkeztu dute atal berri hau gaur goizean, Donostiako Nineu jatetxean burutu den aurkezpen-gosarian.

Thierry, Xan eta Jamixel, Kalakan perkusio taldeko hirukotea batetik, eta Barbara Goenaga aktorea bestetik, baina denak elkarrekin. Hauexek dira Poziktibity ekimenera batu diren ahots eta aurpegi berriak. Bakoitza bere arloan, baina denak ere eszenatokietan eskarmentu handikoak izanik, sormen lana eta euskara dituzte hizpide ekimenerako grabatutako solasaldietan. Mahai baten bueltan eserita, euskara gaurko bizitzarako ederki moldatzen den hizkuntza dela azpimarratzen dute batzuek zein bestek solasaldi goxoan. Nor bere esperientzia profesionaletik ari dira hizketan lau artistak, bakoitzak bere lan ibilbidean bizi izandako egoeretatik, baina ondorio nagusi  batera iritsiko dira lauak: hizkuntza, euskara kasu honetan, ez dela muga munduko edozein bazterretako entzuleengana iristeko. Alegia, sormen lan bat ona bada, iritsiko zaiola mezua entzuleari, edozein delarik ere hizkuntza. Baita euskarazko lanak badira ere.

Azken urteetan gertatzen ari den fenomeno bat aipatu du Patxi Baztarrikak bere azalpenei ekiteko: euskal gazte asko ari dela munduan zehar lan egiten bere sustraiak ahaztu gabe. “Ingurura begiratzea besterik ez da behar ohartzeko egiten dituzten proposamenak biziki erakargarriak eta oso arrakastatsuak direla Euskal Herrirako ez ezik, mundu zabalerako ere”, azaldu du sailburuordeak. “Orokorrean, egiazkoak diren kultur proposamenak, sustraietatik oso gertu daudenak, benetakoak, modan daude. Jendeak gustuko ditu. Euskara punta-puntako sortzaileen eta artisten, aktore eta aktoresen, musikari eta kantarien hizkuntza ere bada. Esaten da “euskara modan jarri behar da”: nik nahiago dut esatea, euskaraz sortzen dena jarri behar da modan; euskarazko sorkuntza, euskarazko jarduna jarri behar da modan. Euskara zerbait egiteko tresna da, eta egiten den hori modan jartzen den neurrian, orduan euskara ere modakoa izango dugu”. Barbara Goenaga eta Kalakan taldea adibide gisa jarriz, zera gehitu du: “Horixe da gure oraingo protagonistek bakoitzak bere esparruan egiten duena”

Singapurretik etorri berritan, herrialde hartako hotel batean izan duten gertaera bat kontatu du Kalakan taldeko Jamixelek. “Singapurren hotelera iritsi eta bertako langile batek “kaixo, ongi etorri!” esan zigun. Eta gu harrituta!”. Eta ondoren berriz, jatetxeko  kartan euskarazko mezuak aurkitu zituzten musikari lapurtarrek, “on egin eta gisakoak”.  Sailburuordearen mintzaldiari jarraiki berriz, euren lanaz aritu da Jamixel. “Guk egiten duguna da iturri zaharretik hartu kanta zahar horiek, eta jantzi berri eta modernoarekin apaindu, gaur egungo jendeei emateko, gaur egungo kodigoekin”. Horretan dago gure hizkuntzaren etorkizunerako gakoa, Kalakan taldeko mutilen esanetan: “Gure kultura modernitatera eramatea, eta euskal sorkuntzak modan ipintzea”.     

Barbara Goenaga aktoreak Kalakaneko kideek kontatutako anekdotari heldu dio, berari ere ez zaizkiolako arrotz gertatzen gisa horretako gertaerak. “Hemendik kanpo, askotan, garrantzi gehiago ematen diote gure hizkuntzari geuk baino” Eta berari gertatutakoa kontatu du segidan. Neskalagun euskalduna duen zine zuzendari eskoziar batek film baterako gidoia bidali zion ingelesez, Euskal Herrian grabatzeko ekoizpen txiki bat. “Irakurri nuen, hitz egin genuen, eta handik bi astera deitu zidaten kontatuz filma euskaraz nahi dutela egin. Zergatik? Ba hemen daukagun altxorra, daukagun hizkuntza, ikaragarrizkoa iruditzen zaielako. Zuzendari hori euskara ikasten hasi da, filma euskaraz egin nahi du, munduan zehar eramateko. Gidoia ingelesetik euskarara pasatzen ari dira, eta dagoeneko trailerra egin dugu, euskaraz”.  Goenagaren esanetan, kanpoko jendearekiko harremanean konturatzen gara askotan zein altxorra dugun euskararekin.

Amaitzeko, Patxi Baztarrika sailburuordeak eskerrak eman dizkie bideo berriko protagonistei “batez ere hemendik kanpora, munduan zehar, euskaltasuna eramaten duzuen normatasunagatik. Euskara ez da ez handia ez txikia, ez muga eta ez oztopo proposamen horiek sortu eta munduratzeko”, gehitu du sailburuordeak “Alderantziz. Beste edozein hizkuntzarekin gertatzen den moduan, euskarak ere begirada ezberdin eta berezko bat eskaintzen du. Eta begirada horri esker jendeak gustuko dituen proposamen asko eta asko sortzen dira

Barbara Goenaga eta Kalakan taldeko kideen solasaldia www.poziktibity.eus webgunean ikus daiteke osorik.

 

Maiatzean Poziktibity proiektuaren lehen topaketan azaldu zen bezala, solasaldi hauetan egunero eragiten diguten gaiak jorratuko dira. Lehenengoan, Aritz Aduriz eta Imanol Agirretxe futbolariek hizkuntzak jakitea eta hizkuntza hauek erabiltzea zeinen inportantea den gogorarazi ziguten. Bigarrenean, berriz, Aritz Aranburu eta Hodei Collazo surflariek euskaraz disfrutatzeko eta gozatzeko eskatu ziguten. Alegia, euskara gure denbora librean ere erabiltzea, beraiek egunero egiten duten bezala. Hirugarrenean, Reyes Pradosek eta Anne Igartiburuk bestelako mezu bat bota ziguten: hizkuntza bat ikasteko inoiz ez dela berandu. Heldutan ere hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua dela, alegia. Laugarren bideoak Euskadiko Fiskal Nagusi Juan Calparsoro eta Idoia Gurrutxaga, Donostia Ospitaleko Mediku Zuzendari Idoia Gurrutxaga izan ditu protagonista. Hizkuntza eskubideen inguruan solastu ziren, eta norberak bere hizkuntzan aritzeak ematen duen lasaitasunaz.

‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da.  Positiboa eta atsegina den zerbait iradokitzen digu. Baita energia, poztasuna, aktibitatea, euskara bizitzeko era bat, eta jarrera bat ere. Jarrera berri bat euskararekiko, irekia, jendea erakartzen duena. Euskara dakitenentzako gonbidapen bat da, erabili dezaten, baina baita ez dakitenentzako ere, euskarara hurbildu daitezen. ‘Poziktibity’, beraz, jarrera bat da, tonu bat, balore batzuk, eta ‘Poziktibity’ dira jarrera hau konpartitzen duten pertsona guztiak.

 

Donostian, 2014ko abenduaren 11n

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Suagaar
    2014.eko abenduak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @PatxiSaez: .

    Euskara gaurko bizitza modernoan ondo baino hobeto moldatzen den hizkuntza.

    1)http://t.co/ixmsCscK5n

    .

  • @PatxiSaez
    2014.eko abenduak 13

    Comentario de Twitter:
    .

    Euskara gaurko bizitza modernoan ondo baino hobeto moldatzen den hizkuntza.

    1)http://t.co/ixmsCscK5n

    .

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Barbara Goenaga; Kalakan taldeko kideak