Berriak
Eu

URAk eraiki duen Hernaniko Karabeleko zubi berria irekiko da

2014.eko abenduak 11

Uraren Euskal Agentziak —Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikia— eraiki duen Hernaniko Karabeleko zubi berria gaur irekiko da. Zubi berriaren xedea da Urumea ibaiaren ur goraldiei aurre egiten laguntzea Hernani inguruan.  

(Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu: GeoEuskadin)

URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak zehaztu duenez “Hernaniko Karabel auzoan uholdeei aurre egiteko — gogora ekartzekoak dira, besteak beste, 1983ko abuztukoak, 2004ko urtarrilekoak edota 2011ko azarokoak— agerikoa zen ezinbestekoa zela zubia ordezkatu eta ura auzoan sartzea ekiditeko lezoi bat eraikitzea. Urumea Arroan Eusko Jaurlaritzak uholdeei aurre egiteko ekimenen artean urrats nabarmenak”.

Karabel zubiaren ordezkatze lanak 2.345.363,50€-ko aurrekontua izan dute eta aurreikusitakoa baino hilabete batzuk lehenago bukatu dira. Ondorioz, zubi zaharraren eraisketa- eta kentze-lanak aurreratu ahal izango dira; hain zuzen ere, datozen egunotan ekingo zaie lanoi, neguko balizko ur-handiak heldu aurretik.

Ansolak azaldu duenez,“ Zubi zaharrak ibaiaren ahalmen hidraulikoa, hots ur-hustuketarako ahalmena, murriztu izan ohi du; horrek ur handien sasoietan ur laminaren hazkundea areagotzen zuen inguruan, eta horrekin batera ibaiaren ur goraldiak sortu izan dituzten kalteak”.

URAko zuzendariak adierazi du “gaur irekitzen den zubi honek eta eremuan eraikiko den lezoiak ibaia auzoan sartzea ekidingo du, bai ortuen zonaldetik bai Karabel auzoko ezkerreko ibai ertzetik. Bi ekintza horien bitartez 100 urteko errepikatze-denborarako ur goraldiei eutsi ahal izango zaie, eta ur laminaren jaitsiera uretan gora ere nabarituko da.”

Lan horiek Eusko Jaurlaritzak sustaturiko Urumeako Arroko Uholdeei Aurre egiteko Planaren barnean dira: Karabeletik uretan gora zein uretan behera egitear edo jadanik abian dauden beste ekimen batzuekin batera. Horien artean, azpimarratzekoak dira Donostiako Martutene auzoan, URAk hemendik gutxira hasiko dituen lanak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)