Berriak
Eu

Gabonetako erosketen aurrean, Erosketak denboraz planifikatzea, prezioak alderatzea, etiketak egiaztatzea eta tiket zein fakturak gordetzea gomendatzen du Kontsumobidek modu seguru eta arduratsuan kontsumitzeko

2014.eko abenduak 11

Gabonak bertan daude; horregatik, Gabonetako erosketen aurrean, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak, kontsumitzaileei informazioa eta babesa ematearren, kontuan hartu beharreko hainbat aholku eman nahi dizkie modu arduratsu eta seguruan kontsumi dezaten.

Kontsumobidek gogora ekarri nahi du, gure inguruko eragin kontsumitzaileen aurreko kontzientzia kritikoa eduki behar dugula, bereziki aro honetan, eta saiatu behar dugula kontsumitzaile zentzudunak izaten, era horretan gure poltsikoak kontrolik gabeko gastutik babesteko.

Horiek horrela, Kontsumobidek honako aholku hauek eman nahi dizkie kontsumitzaileei:

  • Planifikatu erosketak behar bezalako aurrerapenaz. Behar ditugun gauzen zerrenda bat edukitzea baliagarria izango zaigu neurrigabe eta alferrikako gastuak saihesteko eta «urtarrileko aldapa» arinago bihurtzeko.
  • Erosi denboraz eta alderatu prezioak saltokien artean; era horretan hobeto hautatu ahal izango dugu: horrenbesteko presarik gabe, merkeago eta askoz eskaintza zabalagoaren gainean.
  • Gorde erosketen tiketak eta fakturak, baita erositako produktuen beste edozein agiri ere (publizitatea, entrega-agiria, merkataritza-bermea...). Beharrezkoak dira erreklamazio bat aurkeztu behar izanez gero.
  • Gogoan izan saltokiek ez dituztela erositako artikuluen itzulketak zertan onartu horiek akastunak ez badira. Kontsumitzailea pozik ez egoteak ez du eskubiderik ematen dirua atzera ematea exijitzeko, betiere saltokiak horrela eskaini ez badu.
  • Begiratu produktuen etiketei. Oso informazio baliotsua ematen dute: ekoizlea, banatzailea, osagaiak, kontuan hartu beharrekoak... Bereziki, segurtasunerako dira funtsezkoak etiketak.

Era berean, Gabonetan bereziki egiten diren berariazko erosketei dagokienez (hala nola jostailuak edo egunero erosten ez ditugun elikagaiak), Kontsumobidek hainbat aholku eman nahi dizkie kontsumitzaileei:

Jostailuak erosteko:

  • Hautatu CE bereizgarria duten jostailuak. Jostailuak Europako araudiaren funtsezko segurtasun-baldintzak betetzen dituela adierazten digu bereizgarri horrek.
  • Jostailua norentzat den kontuan hartzea (adina, lehentasunak...) hautatzeko orduan.
  • Saihestu sexismoa jostailuak aukeratzean: ez dago mutilentzako edo neskentzako jostailurik, ume bakoitzarentzat egokiak edo desegokiak diren jostailuak baizik.
  • Gogoratu jostailuaren helburua sormena sustatzea dela, eta ez behaketa hutsa.

Bideojokoak erosteko:

  • Hartzailearentzako moduko bideojoko egokia hautatzeko begiratu behar diegu bideojokoen kutxetan ageri diren piktogramei (marrazkiak). Edukiari buruzko informazio garrantzitsua ematen dute (gomendatutako adina, indarkeria-maila, beldurra...).

Elikagaiak erosteko:

  • Ongi aztertu erosi beharreko itsaskiaren, arrainaren eta abarren egoera: kolorea, usaina...
  • Gogoan izan kabaren deiturek (brut, brut nature, lehorra eta erdi lehorra) azukre-proportzioaren berri ematen dutela.
  • Gogoratu turroi tradizional bigunen eta gogorren kalitateak (gorena, estra, estandarra, popularra) horrelakoek eraman behar duten almendraren gutxieneko osaera eta ehunekoaren araberakoak direla.

Internet bidezko erosketei dagokienez, lehenik eta behin segurtatu beharra dago online denda webgune seguru batean ostatatuta dagoela. Zerbitzari seguru batean ostatatutako orrien URLak HTTPS:// du hasieran.

Segurtasun-adierazle hauek ere ageri dira: giltzarrapo itxi bat eta giltza bat (URLren ondoan edo nabigatzailearen beheko aldean). Giltzarrapoa irekita egoteak esan nahi du webgunea ez dela segurua.

Halaber, kontuz ibili beharra dago enpresaren kokapen fisikoari buruzko daturik ez duten webguneekin. Segurtatu behar dugu enpresa hori egiaz badela, bai eta online dendak Interneten modu seguruan ordaintzen uzten duela ere.

Azkenik, online erosketetan, atzera egitea erabakiz gero, produktua itzultzeko aukera dago kontratua sinatu edo produktua jaso ondoko 14 egunetan, inolako zigor edo gasturik izan gabe (atzera egiteko eskubidea). Erosi behar duzun online dendak zer itzulketa politika duen informatzea gomendatzen du Kontsumobidek.

Kontsumoko gaiei buruzko informazio eta gomendio gehiago jaso nahi izanez gero, aukera dago Kontsumobideren webgunean:

www.kontsumobide.euskadi.eus

Kontsumobidek gogorarazi nahi du herritarren arretarako zerbitzuak dituela Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduak 11

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau