Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Lezetxikiko besahezurra, Euskadin aurkitu den giza hezurrik zaharrena

2014.eko abenduak 10
  • Humeroari egin berri zaizkion datazio probek gutxienik 164.000 urteko antzinatasuna ematen diote
  • Penintsulan datatu den giza hondakinik zaharrena ere bada, Atapuerkan aurkitu direnak salbu
  • Humeroa Lezetxikin aurkitu zela 50 urte bete berri dira aurten

Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak Arrasateko Lezetxiki haitzuloko indusketetan 1964an aurkitu zuten giza humeroa, duela 50 urte beraz, Euskadin orain arte aurkitu den giza hondakinik zaharrena da, baina baita Penintsulako zaharrena ere, (Atapuerkan aurkitutakoak izam ezik). Halaxe baieztatu du hezur horren lagin bati Australian egin zaion probak. Uranioaren serieen bidez burututako datazioaren arabera 164.000 urte (+/-9.000 urte) ditu besahezurrak gutxienik. Humeroa, Behe Paleolitiko arokoa, Eusko Jaurlaritzaren Goaz Zentroan dago gordea, Donostian (Gipuzkoako Ondasun Arkeologikoa eta Paleontologikoa Zaindu eta Ikertzeko Zentroa), eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak eman du datazioa egiteko laguntza ekonomikoa.

35 urte inguruko neandertal aurreko gizaki batena da Lezetxikiko humeroa –emakumea ziurrenik-. Lehenago ere eginak zitzaizkion hainbat datazio-proba, baina orain arte ez zen emaitza onik lortu. Horregatik, pieza garrantzitsu hau datatzeko nahia bizi-bizi zegoen, aurkitu zenez geroztik. Koro Mariezkurrenak, 2009tik Goaz Zentroaren zuzendari denak, lehentasunezko helburutzat hartu zuen datazioa, are gehiago aurkitu zeneko 50. urteurrena iristear zenean. Beraz, Lezetxikiko hezurraren datazioa bultzatu zuen.

Horrela, Goaz Zentrua Rainer Grün-ekin jarri zen harremanetan. Australiako Unibertsitate Nazionaleko aditu honek nazioarteko errekonozimendua du Geokronologian, eta eskarmentu luzea uranioaren serieen bidez egiten diren datazioen ikerketan. Hauxe jo zen humeroa datatzeko metodo egokientzat. Datazio hau, goranahi handiagoa duen proiektuaren lehen fasea da, DNAren analisia ere bere barne hartzen baitu proiektuak. DNA-analisi hauek hezurrari buruzko datu gehiago ezagutaraziko dituzte: gizaki honen filogeniaz datu berriak ezagutuko dira (beste talde batzuekin dituen harreman genetikoak), bai eta emakumea ala gizona ote zen ere.

Uranioaren serieen bidezko datazioa

Ablazio-laserraren bidez, zenbait neurri hartu dira humeroaren zeharkako sekzio bateko lau eremutan. Honi esker isotopo honek (uranioak) hezurrean duen adsortzio eta difusio prozesua aztertu ahal izan da. Metodo honek uranioa hezurraren barnera noiz migratzen den ezagutzea ahalbidetzen du. Lurperatu eta gutxira gertatzen da hori, baina oszilazioak izaten direnez, lortutako data gutxieneko adinaren estimazioa da.

Gainera, azterketa morfometrikoa ere burutu da, eta honek agerian utzi du Lezetxikiko humeroak kidetasun handia duela Erdi Pleistozenoko giza fosilekin, Atapuercako Sima de los Huesosekoekin esaterako. Hauek dira neandertalen aurretiko Europako biztanleak.

Gaur egun, eztabaida handia dago aldi horretako Europako biztanleen gainean, eta eztabaida hori piztu egin da azken hiru urteotan jasotako datu genomikoen ondotik. Datu berri horiek are interes handiagoa ematen diote Lezetxikiko humeroari. Datazioaren ondoren, Goaz Zentroak hezurraren genomaren sekuentziazioa burutu nahi du, DNA hondakinak gordetzen dituela egiaztatu ahal izan baita. Bere antzinatasuna dela-eta, DNA aztarna horiek oso degradatuta daude.

Beraz, ondoriozta daiteke, uranioaren serieen bidezko datazio zuzenak Lezetxikiko humeroaren kronologiaz zegoen eztabaida argitu duela, eta egun, Lezetxiki dela Euskadin aurkitu den giza hondakinik zaharrena. Era berean, Penintsularen iparraldean, Atapuercako Sima de los Huesosekoen kronologia baino beranduagokoa da. Kidetasun morfologiko handia du Lezetxikikoak fosil haiekin.

Ikerketa hau burutzeko baimena eta laguntza ekonomikoa Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zentroak eman ditu.

50 urteko historia

Aurten bete da mende erdi Euskadin orain arte sekula aurkitu den giza hondakinik zaharrena aurkitu zenetik. Arrasateko Lezetxiki haitzuloan izan zen. 60koen hamarkadan Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna indusketa lanak egiten ibili ziren bertan. Honela jaso zuen gertaera Barandiaranek bere egunerokoan, 1964ko abuztuaren 12 eta 20an:

“12n eguna. Bazkal ondoan Altuna etorri zatak bere motoarekin eta biok etorri gaittuk bereala Gesalibar’era”.

Izan ere, Altunak eraman ohi zuen Barandiaran bere Vespan hartuta, burutzen ari ziren indusketetara, bien fardel eta guzti: bataren maleta eta bestearen zorroa. Honela jarraitzen du Barandiaranek egunerokoan:

“20n eguna. Arratsaldean Donosti’ra Intxausti’tar Jokinen alaba batayatzera. Bitartean Lezetxiki’n nere lagunak gizaezur bat arkittu die, Moustier arokoa edo lenagokoa”.

Egiazki, arratsalde hartan On Jose Migelek alde egin behar izan zuen aztarnategitik, aipaturiko bataioa zela-eta. Jesus Altuna eta beronen ikasle bat gelditu ziren indusketan. Haitzuloko estraturik sakonenean ari ziren lanean, eta bertan azaldu zen Lezetxikiko giza humero ezaguna. Gauean, aurkikuntza Barandiarani erakutsi ziotenean, haren pozaren lekuko izan ziren.

Besahezurra Bartzelonako Unibertsitatean Antropologia irakasle zen Jose Maria Basabek ikertu eta Munibe aldizkarian argitaratu zuen. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatea sortzearekin, Bilbora etorri zen Basabe katedra hori bera hartzera. Concepción de la Rua izan zuen bertan ikasle kuttun, eta honek betetzen du gaur egun irakasle izan zuenaren katedra. Jesus Altuna eta Concepcion de la Rua ari dira orain hezur hau eta beroni berriki egindako ikerketaren emaitzak aurkezten.

Aurkikuntzaren ondoren, Altunak Londresko Goekronologia laborategi batera bidali zuen hezurraren lagin bat 1969an. Kenneth P. Oakley ari zen bertan uranioaren serieen bidezko datazio lanetan, baina ezin izan zen emaitzarik lortu. Hala ere, beti susmatu izan da 130.000 urte baino gehiago izan zitzakeela, Lezetxikiko estraturik sakonenean aurkitu baitzen humeroa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesus Altuna, Concepción de la Rúa