Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2014.eko abenduak 12

Iñigo Urkulluk Legebiltzarreko taldeek Gobernuaren Kontrolerako Osoko Bilkuran egindako galderei erantzun die gaur goizean

4. Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, aurrekontu-egonkortasunari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Jaurlaritza lanean ari dela aurrekontu- eta erakunde-egonkortasunaren alde. Legebiltzarreko talde guztiekin egindako bileren bidez, Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko itunaren bidez eta Finantzen Euskal Kontseiluan egindako hitzarmenen bitartez, besteak beste, egin zuen hori iaz, azaldu duenez. 

«Egonkortasuna merezi beharra dago», azaldu du Urkulluk; hitzartutakoa bete izana egiaztatu duela eta, horregatik, 2015eko aurrekontuentzat adostasunak lortu ahal izan dituela gaineratu du, orobat. 

7. Interpelazioa, Marian Beitialarrangoitia Lizarralde EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, bi urteko agintaldiaren ostean bere politikak bideratzeko dituen asmoen inguruan.

Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran aurkeztutako hiru ildo nagusiak lantzen jarraitzen duela azaldu du lehendakariak, hau da: ekonomia suspertzea, bakea eta bizikidetza, eta autogobernua.

Eusko Jaurlaritza –azaldu du Urkulluk– industria, nazioartekotzea eta berrikuntza laguntzen ari da. Azken batean, hazkunde ekonomikoa lagunduz «etorkizuneko ekonomia berriaren oinarriak finkatzen ari gara». Hori da, bere iritziz, enplegua sortzeko era bakarra. 3 eurotatik bi gizarte-babeserako sistemara bideratzen direla ere ekarri du gogora Urkulluk. 

Bakeari eta bizikidetzari dagokionez, bestalde, «gauzak argi lehen egunetik» eta hitzartutakoa betetzen, adierazi du.  Eta autogobernuaren aurrerapenaren gainean, legebiltzarrean akordioak lortu ahal izateko, elkarrizketarako oinarriak jartzea dagokiola adierazi du lehendakariak. Halaber, zeregin hori esparru horretan dagoen «hutsune historikoa» betetzeko gauzatzen ari dela gaineratu du.

9. Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ebatzi gabeko atentatu terroristei buruzko txostenaren gainean.

«1960 eta 2014 artean hildakoak eragindako atentatu terroristen auzibide-egoeraren gaineko txostena» aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak ostiralean. Urkullu lehendakariaren iritziz, dokumentu horrek gure iraganari buruzko puzzlea osatzen laguntzen du. Testu horren arabera, hildakoen 220 familiak ez dute jaso oraindik epai argigarririk. 

Argitu gabeko atentatuen txosten hori Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren barruan sartzen da; memoria-politika egiteko beste modu bat da, «biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta ordainerako eskubideak laguntzekoa», azaldu du. Jaurlaritzak 3 lan-lerro jarraituko ditu horretarako: epai argigarririk jaso ez duten familiei errekonozimendu pertsonalizatua eskaintzea; iragana argitzen duten azterlanak egitea egiarako eskubidea gauzatzen laguntzeko, eta horien berri ematea erakunde betearazle, legegile eta judizialei justiziarako eskubidea laguntzearren.

11. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, euskal herritarrok 1983tik euskara ikasi eta erabiltzeko bideratu ditugun 2.000 milioi euro baino gehiagoko kopuruari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du euskara zein gaztelania Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak direla xedatzen duela Gernikako Estatutuak, eta administrazioak horien erabilera bermatu behar duela beharrezko bitarteko guztiak erabiliz. 

Legea betetzen ari direla esan du lehendakariak, bi hizkuntzak ofizialak diren arren, «maila berean ez daude» eta. Azken 30 urteetan egindako inbertsioari esker, euskara «indarberritzen ari da»: gaur egun elebidunak dira 25 urtetik beherako gazteen % 75. «Inbertsioak aurrera egiten lagundu digu eta aurrerantzean ere egingo dugu», esan du lehendakariak. 

12. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, kirol profesionalari ematen zaizkion laguntza publikoei buruz.

«Ez zaio diru publikorik ematen kirol profesionalari», adierazi du lehendakariak. Kirola finantzatzeko Jaurlaritzaren politika deialdi publikoen bidez gauzatzen da kirola, kategoria guztietan, emakumeen zein gizonezkoetan, sustatzeko, azaldu du lehendakariak. 

14. Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Guggenheim Bilbao Fundazioak onartutako hitzarmen berriari buruz.  

Solomon R. Guggeheim Fundazioarekin sinatu berri duten hitzarmenak, Urkullu lehendakariaren iritziz, esan nahi du «esperientzia arrakastatsuko 20 urte eta aukerez beteriko 20 urte» ditugula.  Lehendakariaren aburuz, Guggenheim museoa euskal arte eta kulturarako bultzada izan da munduan, eta hitzarmen horri esker «helburu handiagoak izan ditzakegu». 

Sinatutako hitzarmenak jasotzen dituen gauzen artean, hauek nabarmendu ditu lehendakariak:

  • Euskal ikasleek New Yorken ikasteko beka-programa bat. 
  • Euskal artistek New Yorken esperientziak trukatzeko, gaitasunak hobetzeko eta are gehiago ikasteko programa bat.
  • Museoaren bilduma handitzen jarraitzea, euskal artelan garaikideei arreta berezia eskainita.
  • Euskal artistek parte hartzea antolatu beharreko erakusketetan.
  • Euskal parte-hartze handiagoa Guggenheimaren nazioarteko sarean. 

16. Galdera, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ETBk 2014ko amaieran dituen entzuleria-aurreikuspenei buruz.

EITBk urtea % 13ko entzule kopuruarekin amaituko zuela jakinarazi zuela gogorarazi du lehendakariak, eta helburu hori betetzen ari direla gehitu du. Datu hori, bere iritziz, kudeaketa profesional onari esker lortzen da. 

17. Galdera, Vicente Reyes Martín Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren Patronatuak Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin izenpetutako hitzarmenaren inguruan. 

Guggenheim Fundazioarekin hitzarmen berria sinatzeko orduan legebiltzarreko batzordeak egindako 19 gomendioak hartu direla kontuan azaldu du lehendakariak.

 Urkulluk esan duenez, «berdinen arteko» hitzarmena izan da, eta Guggenheim Bilbao Museoaren kudeaketa-autonomia handiagoa bermatzen du. Kontratua Euskadirentzat eta euskal kultura eta artearentzat ez ezik, herrialdearen proiekzioarentzat ere positiboa dela esan du. Horrez gain, lehendakariak gaineratu du Guggenheim proiektuak hirukoiztu egin dituela Euskadirako bisitak, eta 4 milioi bisitari (erdia atzerritik) hartzea jarri du 2020rako helburutzat.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2014.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    [#VÍDEO] Respuestas del Lehendakari a preguntas parlamentarias durante el Pleno de Control del Parlamento Vasco ➡ http://t.co/uj400rUXIi

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)