Berriak Osasuna
Eu

Adikzioei buruzko Lege-proiektua. (2014-12-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 09

 

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ADIKZIOAK OSASUN PUBLIKOAREKIN LOTURIKO GAITZAT JOTZEN DITUEN LEGE-PROIEKTUA ONARTU DU, HAIEN ONDORIOAK ETA KAUSAK BARNEAN HARTUTA

Osasuna sustatzeko, adikzioak prebenitzeko eta eskaintza murrizteko neurrien bitartez, legeak errealitate berriei egokituriko konponbideak ematea du helburu, arreta berezia eskainita adingabeei eta giza talde ahulenei

Osasuna sustatzea, adikzioak prebenitzea eta eskaintza murriztea dira Gobernu Kontseiluak gaur goizean onarturiko adikzioei buruzko lege-proiektuaren oinarriak. Haren xede nagusia pertsonen osasuna babestea da, bereziki adingabeena eta giza talde ahulenena.

Hala, urtea amaitu baino lehen gai horrekin loturiko arau-proposamen zabalago bat osatzeko hartutako konpromisoa bete da, egungo gizartearen premiekin bat eginik.

Gobernuko kideen bileraren ostean, Osasuneko sailburuorde Jon Darpónek azaldu duenez duela gutxira arte drogak beren ondorioekin -ordena publikoa, osasun arreta eta gizarte-zerbitzuak- loturiko ikuspegietatik eta arloetatik jorratu dira; lege berriak, ordea, osasun publikoko gaitzat jotzen ditu, eta ondorioak ez ezik, kausak ere hartzen ditu kontuan, zeharkako eta dimentsio anitzeko ikuspegi batetik, eraginpeko edo loturiko arlo guztietatik (komunitatea, familia, hezkuntza, osasuna, gizartea, lana, justizia...), ikuspegi globalizatzaile, oso eta planifikatua baliatuta eta era normalizatuan.

Legeak 97 artikulu izango ditu, honela banatuta: zazpi titulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen; azken horien artean, nabarmentzekoak dira araudi-garapenari eta indarrean sartzeari buruzkoak. Horien bitartez, honako esparru hauek arautuko dira:

OSASUNA SUSTATZEA ETA ADIKZIOAK PREBENITZEA
- Lehen aldiz hartuko da aintzat espezifikoki osasuna sustatzeari dagokion arloa. Era berean, adikzioen prebentzioari helduko zaio, hainbat arlotan, bereziki familia-, hezkuntza- eta komunitate-arloan, lan-arlotik hasita.

ESKAINTZA MURRIZTEA
ALKOHOLA
- Lehen aldiz debekatuko da adingabeek alkohola kontsumitzea.
- Kalean alkoholdun edariak saltzea edo ematea debekatuko da, udalaren baimenarekin egiten denean izan ezik.
- Debekatu egingo da berehalako kontsumora zuzendurikoak ez diren merkataritzako salguneetan saltzea, 22:00ak eta 7:00ak bitartean.

TABAKOA
- Publikoaren eskura dauden lekuetan, oro har, edo erabilera kolektiboko lekuetan erretzea debekatzeari buruzko erreferentzia erantsi da, leku horien titulartasuna publikoa ala pribatua izan, hala, debekua elkarte gastronomikoetara ere zabaltzen dela argituz.
- Debekatu egingo da kirol-instalazioetan erretzea, itxitako, erdi-itxitako eta aire zabaleko eranskinetan barne.

ZIGARRO ELEKTRONIKOAK
- Araudia betearazteari begira, zigarro elektronikoak erabat parekatuko dira tabakoarekin.

PORTAERAZKO ADIKZIOAK
- Aintzat hartzen diren lehen aldia da, eta hain zuzen, beren izaeragatik, kontzientziazio-eta sentsibilizazio-neurrietan zentratu da haiei heltzeko modua, hala, jokoaren eta teknologia digitalen eta haien aplikazio berrien -batez ere bideojokoak- erabilera arduratsua sustatzeko.

OSASUN LAGUNTZA ETA SOZIOSANITARIOA
- Berria da araudiagatik beragatik, nabarmendu egiten baitu administrazioen arteko koordinazioaren eta erakunde pribatuekiko lankidetzaren beharra.

GIZARTERATZEA
- Adikzioak dituzten pertsonen arretarekin eta gizarteratzearekin loturiko jardun-arloak eta -irizpideak azpimarratzen dira, betiere gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren barruan.

EZAGUTZAREN GARAPENA ETA KUDEAKETA
- Droga Mendekotasunen Euskal Behatokiarena izango da rol nagusia.
- Gai horrekin loturiko programa publikoak ebaluatzea.
- Arlo horretan lan garrantzitsua egin duten pertsonei sariak eta ohorezko aipamenak emateko aukera.

ERAKUNDE MAILAKO ANTOLAKETA
- Egungo konpetentzia-banaketari eutsiko zaio.
- Osasun Plana
rekiko lotura.
- Eusko Jaurlaritzaren Sail Arteko Batzordea desagertuko da eta Adikzioei buruzko Erakunde Arteko Koordinazio Batzordea sortuko da, Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen parte-hartzearekin.
- Droga Mendekotasunen Aholku Kontseilua birformulatuko da eta Adikzioei buruzko Euskal Kontseilu izena jarriko zaio; horrez gain, ateak irekiko zaizkio inplikaturiko erakunde berrien parte-hartzeari eta ordezkaritza parekidea ezarriko da enpresa- eta sindikatu-elkarteen artean.

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
- Administrazio arau-hausteak ekartzen dituzten jokabideen sailkapen zehatza egingo da.
- Zehapenen katalogoa bat dator
arau-hausteen erregimenaren betearazpenarekin, eta harekiko proportzionala da.
- Zehapenen zenbatekoak arau-haustearen egiazko larritasunaren arabera egokituko dira (600 eurora arteko isunak arau-hauste arinengatik; 10.000 eurora artekoak larriengatik, eta 600.000 eurorainokoak oso larriengatik), legea behar bezala betearazteko asmoz.
- Adingabeei jarritako isunen ordez komunitatearen mesederako lanak edo jarduerak egin ahalko dira, edo arau-haustea egin duen pertsonak adikzioekin loturiko prestakuntza/informazio ikastaro bat egin ahalko du.

Hala, Osasun sailburuaren iritziz, gaur goizean onarturiko aurreproiektuaren ikuspegi eta filosofia berriak honako berritasun hauek dakartza:
Adikzioei hainbat diziplinetatik helduko zaie eta osotasunean jorratuko dira.
Osasun Publikoarekin loturiko ikuspegia. Hau da: Osasunerako Hezkuntza sustapen- eta prebentzio-ereduaren oinarri eta funtsezko estrategia gisa.
Nazioarteko erreferentzia zorrotzenetan eta berrienetan oinarrituta dago. Gaiarekin loturiko Europako eta beste autonomia-erkidego batzuetako legedia kontsultatu dugu. Horretaz gain, adituekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten duten erakundeekin hitz egin dugu (Eguia-Careaga Fundazioaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa -SIIS-, Drogamendetasunen Deusto Institutua eta Kriminologiaren Euskal Institutua -IVAC-KREI-).
Gizartearen parte-hartze zabala entzunaldiko eta informazio publikoko tramitean.
Legea euskaraz eta gaztelaniaz idatzi da, aldi berean; hau da, idazketa-prozesua elebiduna izan da hasiera-hasieratik.
Portaerazko adikzioak bildu dira, lehen aldiz.
Giza talde ahulenak aintzat hartu dira espezifikoki, eta arreta berezia eskaini zaie, batez ere adingabeei, baita gizarte-bazterkeriako egoeran daudenei ere.
Aintzat hartu da genero-ikuspegia, ikuspegi orokor eta horizontal gisa, ekitatea izanik bai bitartekoa, bai xedea.

Lege-proiektuaren testu osoa: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog05/eu/contenidos/informacion/anteproyecto_ley_adicciones/eu_2238/index.shtml

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CNPT_E
    2014.eko abenduak 10

    Comentario de Twitter:
    Proyecto de Ley sobre Adicciones. (Resumen del acuerdo del Consejo de Gobierno del 09-12-2014) http://t.co/ZntEcUPPHa Enhorabuena x avance!