Berriak
Eu

Urumea arroan Uholdeak Ekiditeko Erakunde Arteko Batzordearen hamaikagarren bilera

2014.eko abenduak 09
  • Oraingo batzar honetan aztertutako lanak: Urumean URAk eginiko mantentze-lanak, ETS-Loiolako lanak, Martutenen uholdeei aurre egiteko lanak, Karabel  zubiaren lanon amaiera, Astigarraga-Ergobia tarterako proiektua idazteko lizitazio-agiria.
  • Erakundeen arteko batzarrak berretsi du adostutako neurriak aurrera eramateko konpromisoa, ur goraldien  kudeaketa eraginkorra lortzeko.
  • Bileran mahaigaineratu diren nobedadeen artean nabarmendu behar da Donostiako Udalak, URAk Martuteneko zubiaren eraikuntza hasi ahal izateko beharrezkoak diren  eraispenak esleitu dituela

 2014.12.09.Gaur goizean, Donostiako udalean, Urumea arroan uholdeak ekiditeko erakunde arteko batzordearen hamaikagarren bilera egin da. Bertan ondorengo erakundeek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udaletako ordezkariek, Añarbeko Uretako ordezkariek eta, Gobernu zentralaren aldetik, Kosten Zuzendaritzak. Hauekin batera, bizilagun elkarteen ordezkaritza ere egon da.

Batzordearen 11. Bilera honetan, Urumean ur-goraldien kalteak murrizteko abian diren beste ekimenak aztertu dira. Hauen artean, azpimarragarrienak:

  • URAk aurreko hiruhilabetean Urumean eginiko mantentze lanen txostena aurkeztu du.
  • ETS-Loiolako zubiari dagokionez, URAk azaldu du lanok bukatuak direla. Halaber, azaldu du lanok egiteko ibilguan jarri behar izan zen lan-material oro kendu dela jada, Urki elkarteak lagunduta.
  • Martutenen uholdeei aurre egiteko proiektuari dagokionez, URAk jakitera eman du lanon lizitazioa abian dela: abenduaren 4ean eskaintzak aurkezteko epea bukatu zen eta guztira 13 eskaintza jaso dira.
  • Hernaniko Karabeleko zubi berriari dagokionez, URAk aditzera eman du trafikoari irekitzear dela. Horrek ahalbidetuko du zubi zaharra eraistea; alegia, Urumeako ur-hustuketarako oztoporik nabarmenetarikoa. URAk azaldu du eraisketa-lanak abenduan bukatuko direla, baldin eta Urumea ibaiaren emariak halaxe ahalbidetzen badu. 
  • Astigarragan egin beharreko lanei dagokionez, URAk jakitera eman du Ergobia-Akarregi tarteko lanok direla Urumean proiektatu eta hasi beharreko hurrengoak (Arro mailako azterketa hidraulikoak dioenari men eginez eta Urumeako Uholde-arriskua Kudeatzeko Planari jarraituz). Lan horiek 2015-2021 urteetarako plangintza hidrologikoaren neurrien programaren barne dira. Beraz, Martutenen Uholdeei aurre egiteko lanak hasi eta gero, Ergobia-Akarregi tarterako proiektua idazteko lizitazio-agiriak lantzeari ekingo zaio.
  • Donostiako Udalak, URAk Martuteneko zubiaren eraikuntza hasi ahal izateko beharrezkoak diren eraispenak esleitu dituela eman du jakitera. Tximistarri S.L. enpresari, Martutene Pasealekuko 6, 12, 16 eta 18-20 zenbakietako eraikinen behin-betiko adjudikazioa egin zaio eta Desmontes Ribera de Navarrari behin-behineko adjudikazioa pasealeku berdinean dauden 57, 59-61 eta 63 zenbakietan daudenena. Eraispenak hilabete honetan hasiko dira.

Batzorde honek 2015ko martxoaren 16an egingo du hurrengo bilera, Hernaniko Udaletxean.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)