Berriak Osasuna
Eu

Minbiziari buruzkoa izango da EiTBren elkartasun maratoia

2014.eko abenduak 05

Erradioterapia goiburuarekin, abenduaren 18ra bitartean EiTBk baliabide guztiak jarriko ditu minbiziaren inguruan sentsibilizatu eta dirua biltzeko.

Minbizia izango da  Euskal Irrati Telebistaren hamabosgarren EiTB Maratoiaren gaia. Goiburua, berriz, Erradioterapia, euren bizitzako abestia entzuten jarrai dezaten izango da. Erradioterapia eta musika lotu dira aurten kanpainan. Abenduaren 18ra bitartean, EiTB taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dute, minbiziaren gainean berri eman eta ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzeko.

Maratoiaren aurkezpena Bilboko EiTBko egoitzan izan da eta honako hauek hartu dute parte: Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia; Maria Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Guillermo Lopez Vivanco, Gurutzeta Ospitaleko Onkologia Medikuko zerbitzu burua; Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako arduraduna; kaltetuen elkarteetako ordezkariak eta EiTBren iragarkian parte hartu dutenetako batzuk.

Hurrengo egunetan, EiTBko irrati eta telebistetako albistegiek eta hainbat saiok erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukokoak bilduz.

Abenduaren 11n irekiko da diru laguntzak emateko bideratuko den telefona: 902 54 25 25. Halaber, eitb.eus bidez dirua emateko aukera dago jadanik.

Hilaren 18a izango da elkartasun kanpainaren egun handia. Egun guztian, ehun pertsona famatuk baino gehiagok diru laguntzak egin nahi dituzten herritarren deiei erantzungo diete. Egun osoan zehar, EiTBko komunikabideek bat egingo dute deiak jasoko dituzten gunearekin.

Egun horretan, goizeko 09:00etatik gaueko 22:00ak arte, musika maratoi bat antolatuko da Bilbon, Erriberako Merkatuaren alboan dagoen gune batean. Denentzat zuzeneko musika izango da 13 orduz. Guztira, 26 talde eta bakarlarik hartuko dute parte, besteak beste: Mikel Urdangarin, John Berkhout, Enkore, Erromoko Kantariak, Bilboko Udal Txistulari Banda, El Menton de Fogarty eta 'A Ze Banda' saioko finalistak (Random, The Kites eta Twin Melody). Ekitaldia eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da. 

Beste zenbait ekitaldi ere izango dira egun hauetan, tartean, abenduaren 17an, Saray kaltetuen elkarteak paper birziklatuarekin egindako soinekoen desfilea antolatuko du Iruñeko Planetariumean.

Euskadin 11.500 minbizi kasu diagnostikatzen da urtero

Minbizia da 45 eta 75 urte bitarteko pertsonen heriotzen kausarik ohikoena. EAEn, gutxi gorabehera, 11.500 kasu berri diagnostikatzen dira urtero. Horietako 7.000 gizonezkoak dira (%58) eta 4.500 emakumezkoak (%42). Lurraldeei begiratuta, 1.550 kasu izaten dira urtean Araban, 3.600 Gipuzkoan eta 6.350 Bizkaian.

Tumoreak dira EAEko herritarren heriotzaren lehenengo kausa. Heriotza guztien %30aren atzean daude eta tasa gordina 100.000 kasutik 281ekoa da. Bigarren lekuan, zirkulazio-sistemako gaixotasunak daude, %9arekin eta 100.000 biztanleko 88ko tasarekin.

EAEn, XXI. mendeko lehen hamarkada honetan, gizonen %50ak eta emakumeen %60ak bizirauten dute minbizia detektatu eta ondorengo bost urteetan, gaixoaren bizilekua eta adina edozein dela ere. Hortaz, XX. mende amaierako biziraupen datuekin alderatuta, egoerak hobera egin du nabarmen, garai hartan gizonen %40ak eta emakumeen %48ak soilik gainditzen baitzuen minbizia. Osakidetzak abian dituen diagnostiko goiztiarrerako programek ahalbidetu dute biziraupen datuen hobekuntza hau.

Ikerketa proiektu onenentzat bideratuko da dirua

EiTB Maratoian bildutako diruaren %100 ikerketak finantzatzeko erabiliko da. BIOEF Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak deialdi publikoa egingo du, eta aukeratu den ikergaiari buruzko proiektu onenak hautatuko dira. Bosgarren aldiz jarraian, I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da. 

Horrez gain, BIOEFen beste xede bat ikerketa-jardueren egitura aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoetatik bideratzea da. Eta azken asmoa, datuak behar bezala erregistratzeko, prozesatzeko eta biltegiratzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzea, gerora gai horren gainean ikertzen dutenen mesederako.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia , Guillermo Lopez Vivanco, Gurutzeta Ospitaleko Onkologia Medikuko zerbitzu burua, Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako arduraduna