Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik defendatu du, Europako eta nazioarteko kideekin batera, tokiko eta eskualdeko agintaritzek garapenerako lankidetzaren alorrean jokatzen duten rola, eraginkortasunaren eta kontuak ematearen ikuspuntutik

2014.eko abenduak 09

Euskal Fondoak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak konferentzia bat antolatu dute europar erakundeen aurrean, lan-agenda bateratu batez. Konferentziaren konklusioak kontuan hartuko dira lankidetza deszentralizatuaren europar estrategian

 

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak eta Euskal Fondoak (Lankidetzan aritzen diren Tokiko Euskal Erakundeen Elkartea) konferentzia bat egin dute Bruselan, garapenerako lankidetzaren alorreko europar eta nazioarteko eragile, sare eta erakunde nagusien parte-hartzearekin.

Ekitaldiak Europar Batasunaren finantza-laguntza izan du (“Europa Herritarrentzat” programaren bitartez) eta erakunde hauen lankidetzarekin egin da: ALDA (Europako Kontseiluaren gobernantza eta tokiko demokraziari buruzko agentzia), Nazio Batuen Garapenerako Programa (NBPG), PLATFORMA (tokiko eta eskualdeko agintaritzen europar plataforma, lankidetzaren alorrekoa, Euskal Fondoaren parte-hartzea duena), CRPM (Europar Batasuneko kostaldeko 150 eskualdeak biltzen dituen plataforma. Euskadik kanpo-lankidetzaren europar Lan-taldea koordinatzen du), eta CONCORD (Europako GKEen plataforma). Azpimarratzekoa da, halaber, Globernance zentroaren parte-hartzea (gogoetarako, ikerketarako, eta ezagutzaren hedakuntzarako zentroa); izan ere, zentro hori erreferente gisa nabarmentzen ari da gobernantzaren eta giza garapena adierazleen bidez ebaluatzeko tresnen eremuan.

            Tokiko eta eskualdeko agintaritzen, europar erakundeen eta gizarte zibilaren ordezkarien parte-hartzearekin, konferentziaren helburua izan da gizarte zibil, eskualde eta udalerrien rola indartzen duten ekintza konkretuak eta tresna berritzaileak aurkeztea; horren bidez, eragile horien ekintzen eraginkortasuna bultzatzen da eta kontuak ematea bermatzen da, garapenerako lankidetza deszentralizatuaren alorrean. Gainera, paneletako parte-hartzaileek lankidetza-prozesu aurreratu berriak aurkeztu dituzte, eta baita maila anitzeko aliantza eraldatzaileak ere.

Beste alde batetik, Euskal Fondoaren ordezkaritzak lan-agenda bat gauzatu du eta zenbait bilera izan ditu ALDA eta PLATFORMArekin, eta horren bidez lankidetza espezializatuko aukerak ireki ditu, europar proiektuetan parte hartzeari begira. Euskal Fondoaren ordezkariak hauexek izan dira: Imanol Landa, Getxoko alkatea eta  Euskal Fondoako presidentea; Mikel Arrastoa, Zizurkilgo udalaren ordezkaria eta Euskal Fondoako presidenteordea; Maite Cruzado, Irungo bigarren alkateordea eta Euskal Fondoako diruzaina, eta Juanma Balerdi Euskal Fondoako Zuzendaria.

Euskal Fondoak Bruselan gauzatu dituen konferentzia eta lan-misioa Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin jadanik finkatuta dauden lankidetza eta kooperazioaren emaitza izan dira.

 

Euskal lankidetza eta eragileen europar eta nazioarteko posizionamendua

Euskal Fondoako presidente eta Getxoko alkate Imanol Landak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marínek beren hitzaldietan nabarmendu dutenez,  beharrezkoa da lankidetza eredu berritzaileago eta eraginkorragoaren bidean aurrera egiten jarraitzea; bide horretan, tokiko eta eskualdeko mailek eta beste kide batzuek elkarrekin lan egin behar dute, elkarrizketen bitartez eta lankidetzan arituz. 2015aren osteko agendaren erronka eta dimentsio berriek aliantza berriak behar dituzte, eta, halaber, sektore- eta lurralde-eragile berrien inplikazioa, herritarren lehentasunekiko konpromisoa, paradigma aldaketa eta ikuspegi global bat, aldi berean zehatza eta lokalizatua dena.  

Beste alde batetik, Nazio Batuen ordezkariek mundu osoan garatzen ari den 2015 Osteko agendaren lokalizazio prozesua azaldu zuten. Prozesu horretan, eskualde eta tokiko testuingurua hartzen ari dira kontuan, eta baita milurtekoaren desafioen lurralde-dimentsioa ere, 2015 Osteko agendaren garapenaren etapa guztietan: helburuen ezarpena, inplementazio modua eta adierazleen erabilera, prozesuaren monitorizazioa barne sartuta. 

Azpimarratzekoa da europar erakundeek espresuki eskatu dutela konferentziaren emaitzen berri jasotzea, lankidetza deszentralizatua bultzatzeko europar estrategian kontuan har daitezen; era horretan, euskal lankidetzaren eta tokiko eta eskualdeko agintaritzen rol proaktiboaren balioa aitortzen da. Beste alde batetik, ekimena Europa mailako zita bilakatu da, europar erakundeek 2015 Europako Garapen Urtearen testuinguruan egingo dituzten ekintzei aurrea hartuz. Horrekin batera, europar eta nazioarteko agenda markatzen dituzten Milurteko Garapen Helburu Berriez (MGH) hausnartzeko gune ere bilakatu da konferentzia. 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskal Fondoa, ALDA, Naciones Unidas, CGLU, Concord, PLATFORMA, instituciones de la Unión Europea