Berriak Segurtasuna
Eu

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak 2014ko jardueraren balantzea egin du

2014.eko abenduak 05

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea izan da buru Erandion Udaltzaingoetako agintariekin egindako bileran

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga EAEko udaltzaingoen ehun agintarirekin baino gehiagorekin bildu da gaur Erandion. Izan ere, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak bilera egin zuen atzo Bilbon urteko balantzea egiteko eta sailburuordeak horren berri eman du gaur. Balantzeak hainbat gai jasotzen ditu, besteak beste, Udaltzaingoen agintaritza-egiturak homogeneizatzeko eta Koordinazioko tokiko batzordeak arautzeko prestaketa fasean dauden bi dekretuak; aguazilen eta mugikortasuneko agenteen ziurtagiri profesional berria, udaltzainenaren antzekoa; eta drogen eraginpean dauden gidariak identifikatzeko udaltzainek biltzen dituzten listu-laginak aztertzeko Udalekin izapidetu beharreko lankidetza-hitzarmena.

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea atzo, osteguna, bildu zen Segurtasun Sailaren Bilboko egoitzan, eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioaren eta herri ezberdinetako udaltzaingoen arteko koordinazioaren egoera aztertu zuten. Gaur, ostirala, balantze horren eta batzordeak jorratutako bestelako gaien berri eman diete Erandioko Ertzaintzaren zentralera deitu dituzten udaltzaingoen ehun agintariri baino gehiagori.

Bi dekretu berri

Polizien agintariei askotariko gaien berri eman diete, nabarmentzekoak dira Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza prestatzen ari din bi dekretuak. Lehenaren helburua udaltzaingoetako buruzagitzen egiturak homogeneizatzeko irizpideak ezartzea da, udalerrien neurrien arabera zuzenagoak eta egokiagoak izan daitezen. Bestearena, ordea, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio batzordeak arautzea da, ertzain-etxe guztiak barne har ditzan eta laneko bileren maiztasuna ezartzeko. Bestalde, egun abian dauden koordinazio batzordeen jarduera aztertu dute.

Aguazilek eta mugikortasuneko agenteen ziurtagiri berria

Gainera, Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroaren bilakaera eta udaltzaingorako ziurtagiri profesional bateratuak emateko prozesua aztertu dituzte, baita aguazilentzako eta mugikortasun-agenteentzako antzeko txartel bat sortzeko aukera ere; hala, Euskadin egun dauden gutxi gorabehera 150 aguazil eta mugikortasun-agenteek egiaztatzeko modu profesionala eta homogeneoa izango dute.

Hitzarmena udalekin listu-laginak aztertzeko Bileran, izapidetzen ari diren hitzarmen baten edukia aurkeztu diete. Horri esker, udalek Segurtasun Sailaren Erandioko laborategietara gidarien listu-laginak bidali ahalko dituzte, drogen eraginpean gidatzen aritu diren egiaztatzeko. Udaltzaingoek egindako hasierako azterketan baiezko emaitza lortu duten pertsonen laginak izango dira. Halaber, Ertzaintzak eta hainbat udaltzaingok sinatu dituzten hitzarmenak aztertu dituzte. Hitzarmenok askotariko xedeak dituzte, hala nola funtzioak mugatzea, polizia-oharretara eta datu-bankuetara sartzeko protokoloak ezartzea, komunikazio-sistemak bateratzeko Tetra hitzarmenak, etab.

Udaltzaingoen Interneteko atarien bilakaera ere izan dute aztergai, horren bidez koordinatzeko eta informazioa helarazteko modu berriak ezartzeko. Bestalde, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak sortutako lantaldeen jarduera berrikusi dute, eta prestatzen ari den zerbitzu-zerrenda berria. Azkenik, aldizkako lanpostu-eskaerak betetzeko aurten abiarazi duten aldi baterako agenteen lan-poltsa sortzeko ekimena aztertu dute. Ekimen horri esker, Euskadiko hirurogeita hamar gaztek lana izan dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)