Berriak Osasuna
Eu

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko haur eta gazteen zentroek, 2013an, 0 eta 18 urte arteko 6.100dik gora gaixori eman zioten arreta

2014.eko abenduak 05

Hilabete honetan 30 urte beteko dira Galdakaon kokatuta dagoen Barrualdeko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroa sortu zenetik; zentroak urteurrena oroitzeko jardunaldi zientifiko bat egin du gaur eta Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek eman dio amaiera.

Duela lau urte, Haur eta Gazteen Osasun Mentalak nortasun propioa hartu zuen, helduentzako osasun mentaleko zentroetatik bereizita, 2010ean Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea sortu zenean. Gaur egun, lau zentro espezifikok betetzen dituzte 0 eta 18 urte bitarteko 160.000 biztanle ingururen osasun-arreta beharrak. Osasun-eskualde bakoitzean, haur eta gazteen osasun mentaleko zentro bana dago: Bilbon, Uriben, Barrualden eta Ezkerraldea-Enkarterrin.

Zentro horietan 48 profesional aritzen dira lanean: psikiatrak, psikologoak, gizarte-laguntzaileak eta administrariak. Aipatutako gaixoen behar anbulatorioei arreta ematen diete, adingabeen arazo psikikoak eta garapen-arazoak goiz antzemateak tratamendua eta osatzea errazten duelako.

Osasuneko sailburuak, Jon Darpónek, profesional horien lana nabarmendu du, hain zuzen ere, eta zera adierazi du: «Osakidetzak Osasun Mentaleko Sare bizia, konplexua eta aldakorra dauka. Sare horrek erreferentziazko esparru argi bat dauka, giza-baliabide eta baliabide material bikainak eta denon artean gainditu beharko ditugun erronkez betetako horizontea».

2013an, Osasun Mentaleko Arreta Anbulatorioko programak, Bizkaian, 6.155 gaixori eman zien arreta; horietatik 3.244ren kasuan, lehenengo kontsultak ziren.Horrek esan nahi du 0 urtetik 18ra bitartekoen artean kasu berrien intzidentzia % 2koa baino pixka bat handiagoa dela eta buruko osasunarekin lotutako kontsulten prebalentzia % 4 ingurukoa.

Baina, arreta anbulatorioa emateaz gain, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak, eskualde bakoitzean, Haur eta Nerabeen Asaldura Mental Larriak Artatzeko Programa garatu eta ezarri du. Programa honen helburua hauxe da: gaixotasun mentalak ahalik eta adin txikienarekin artatzea, gaixoen bizi-kalitatean eragitea saihesteko, gaitz horiek familia barruko, ikastetxeko eta gizarteko bizitzari eragiten baitiete. Mota horretako arazoak Arreta Plan Indibidualizatu baten bidez jorratzen dira, bai gaixoa bai haren familia barne hartuta.  Iaz, plan horren bidez 428 pertsona eta haien familiak artatu zituzten.

Buruko osasuna Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako 2013-2020 Osasun Planean jasotako arloetako bat da, eta horren barruan, haur eta gazteen osasunari atal zehatz bat zuzendu diogu. Bizimodu osasungarrirako ekintzak sustatzea, arrisku-jokabideak prebenitzea eta esparru soziosanitarioaren eta hezkuntza-esparruaren arteko koordinazioa hobetzea dira helburuetako batzuk.

Bestetik, Osakidetzak, arazo larriak goiz antzematea garrantzitsua dela eta pediatriak rol esanguratsua daukala jakinda, bai lehen mailako artatzearekin bai ikastetxeekin koordinazioa sendotzeko asmoa dauka.

Galdakaon kokatutako Barrualdeko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroaren 30. urteurrena

Galdakaoko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroak 30. urteurrena ospatzeko jardunaldi zientifiko bat egin du gaur, «30 urte haurren osasun mentala artatzen» izenburupean, eta Osasuneko sailburu Jon Darpónek eman dio amaiera. Jardunaldian, profesional asko izan dira; bai Osakidetzakoak, bai hezkuntzako, gizarte-zerbitzuetako, Foru Aldundiko eta justizia-administraziokoak.

1984ko abenduan, Galdakaoko Haurren Psikiatriako Unitatea jaio zen, Carmen Álvarez doktorearen ekimenari esker –garai hartan Bizkaiko Foru Aldundiaren mende zegoen Zaldibarko Ospitale Psikiatrikoko profesionala zen–. Galdakaoko zentroa sortzea ez zen posible izango, udalaren laguntzarik gabe; asmo horretarako, eraikin bat utzi zuen, hain zuzen. Handik urte batera, zerbitzua Osakidetzaren mende geratu zen, foru-aldundiek beren mendeko osasun-zerbitzu guztiak eskualdatu baitzizkioten.

Gaur egun, Zentroa 0 urtetik 18ra bitarteko 43.000 xede-biztanleri zerbitzua ematera bideratuta dago, eta 10 profesional aritzen dira bertan lanean: 5 psikiatra, 3 psikologo, 1 gizarte-laguntzaile eta 1 administrari.

Arreta anbulatorioko programan ematen duen arretari dagokionez, 2013an, 1.517 pertsona izan dira Zentroan; horietatik 828, lehenengo aldiz.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 5a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)