Berriak
Eu

Elena Unzueta: 'Euskal eskolaumeei kontsumoaren aurrean kritiko eta arduratsu jokatzeko erremintak eta elementuak eman nahi dizkiegu'

2014.eko abenduak 05

Kontsumobideko zuzendariak, Elena Unzuetak, Bilboko Madre de Dios ikastetxeko ikasleak bisitatu ditu gaur, kontsumo arduratsuari buruzko Estatuko lehiaketa bat irabazi ostean.

Kontsumobidek kontsumoko hezkuntzaren inguruan antolatzen dituen trebakuntza-tailerretan parte hartzen duen 126 ikastetxeetako bat da Madre de Dios, eta tailerrok ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta egoten dira.

Iazko ikasturtean 21.669 ikaslek eta beren irakasleek parte hartu zuten Kontsumobideren tailerretan, baita 921 gurasok ere.

 

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria, Elena Unzueta,  Bilboko Madre de Dios ikastetxean izan da gaur bisitan, DBHko 3. ikasgelako ikasleak zoriontzen. Izan ere, kontsumoaren inguruko hezkuntzari buruzko aurtengo Consumopolis lehiaketa irabazi dute.  Lehiaketa Estatu osoan egiten da, Espainiako Kontsumo Erakundeak antolatzen du, eta Euskadin Kontsumobideren lankidetza izaten du. Autonomia-erkidego guztiek parte hartzen dute.

Elena Unzuetak nabarmendu du Madre de Dios ikastetxeak eta Kontsumobideren programan parte hartzen duten EAEko ikastetxe guztiek inplikazio handia dutela kontsumoari buruzko hezkuntzan. Esandako trebakuntza dohainik izaten da Euskadiko ikastetxeetan. Halaber, Kontsumobideko zuzendariak kontsumoari buruzko tailerrotan parte hartzen jarraitzera animatu ditu ikasleak, irakasleak eta gurasoak, guztia ere modu kontzientean, kritikoan eta solidarioan hausnartzeko kontsumo arduratsuaren inguruan. “Euskal eskolaumeei  kontsumoaren aurrean kritiko eta arduratsu jokatzeko erremintak eta elementuak eman nahi dizkiegu; hori da gure helburua eta konpromisoa, apustu hori egiten du Kontsumobidek hezkuntzaren alorrean, eta alor horretara bideratzen dugu, hain justu, gure aurrekontuaren zati handi bat, 1,7 milioi euro baino gehiago aurten”, nabarmendu du Elena Unzuetak.

Kontsumobideren ikastetxeetarako trebakuntza-programa Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetara dago bideratuta, eta kontsumoarekin lotutako 18 gai ipintzen ditu aukeran: eskubideak eta betebeharrak, elikadura, kontsumo jasangarria, aisia, jolasa eta jostailuak, segurtasuna, erosketa eta etiketatzea, teknologia berriak eta publizitatea.

Ikasleen gurasoei zuzendutako tailerrak ere eskaintzen ditu (informazio-tailer bat eta zazpi tailer praktiko), beren seme-alabekin kontsumo-irizpide arduratsuak sortzen laguntzeko helburuarekin. 2013-2014 ikasturtean, programa honen barruan 2.635 tailer eman zituzten Euskadiko 126 ikastetxetan, eta 21.669 ikaslek parte hartu zuten beren irakasleekin, baita 921 gurasok ere.

Ikastetxeetako trebakuntzaz gain, Kontsumobidek beste bi programa ere badauzka trebakuntza-jarduerak mamitzeko: helduen programa eta Kontsumobideren zentroetan egiten dena.

Tailerrok doan izaten dira, eta helburua herritarrak kontsumitzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharren alorrean informatzea, kontzientziatzea eta heztea da, produktuak eta zerbitzuak modu kritikoan, kontzientean eta arduratsuan kontsumi ditzaten.

Iaz Kontsumobideren trebakuntza zentroetan 1.935 trebakuntza-jarduera egin ziren, eta ia 24.000 lagunek parte hartu zuten haietan. Kontsumobideren trebakuntza-zentroek 37 tailerreko katalogoa daukate, bederatzi gairen inguruan antolatuta: publizitatea, etiketak, erosketak eta zerbitzuak, jasangarritasuna, eskubideak eta betebeharrak, segurtasuna, teknologia berriak, finantza-zerbitzuak eta elikadura. Honako hauek izan dira tailerrak garatzeko eskaera gehien izan duten arloak: Elikadura eta jasangarritasuna.

Helduak trebatzeko programa espezifikoari dagokionez, 2013an guztira 3.214 lagunek parte hartu zuten Euskadiko adinekoen 30 zentro eta elkartetan egindako jardueretan.

Iaz guztira 49.777 lagunek parte hartu zuten Kontsumobideren trebakuntza-jardueretan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 5a.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MadredeDiosIkas
    2014.eko abenduak 05

    Comentario de Twitter:
    Hoy hemos tenido la especial visita de Elena Unzueta directora de Kontsumobide-Instituto Vasco de Consumo http://t.co/w3BiuAIngG

Komunikabideek behera kargatzeko