Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskal Enpresaren Hitzorduaren ekitaldia zuzendu du

2010.eko ekainak 14

Epsilon Euskadi, Orona, Hine-ren zuzendari nagusia eta EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea, izan dira aurtengo edizioko sarituak

Lehendakariaren hitzetan, Euskadin “tunelaren bukaerako argia ikusten da” euskal ekonomiaren egoera “ez baita lazgarria”. Patxi Lópezek dio testuinguru ekonomiko honetan egin behar diren sakrifizioek herrialdearen “ongizate egoera eta solidaritatea” dituztela helburu.

Patxi López lehendakariak “Euskal Enpresaren Hitzordua” ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia ETBk eta Caja Laboralek antolatu dute eta bertan, lehendakariak “azken urteotako aurrezte eta murrizketa neurri zorrotzenak hartu berri ditugun arren, Euskadiren egoera ez dela lazgarria” adierazi du. Horrez gain, euskal ekonomiaren egoerari dagokionez, Euskadin “tunelaren bukaerako argia ikusten hasi garela” esan du.

Bilboko Campos Eliseos Antzokian egin den ekitaldi honetako sarituak Epsilon Euskadi ikerketa aerodinamikorako zentroaren zuzendari den Joan Viladeprat; Orona, igogailuak eta jasotze sistemak fabrikatzen dituen enpresa; eta familia kapitaleko HINE multinazionalaren sortzaile den Peio Guibelalde izan dira. Lehendakariak sari berezia eman dio lan babestuaren arloko euskal enpresen elkarteari, EHLABEri, minusbaliatuak laneratzea errazteko egin duen ahaleginagatik.

Bere esku-hartzean, lehendakariak "une honetan egiten ari garen sakrifizioen helburua gehien behar dutenekiko solidaritatea bermatzea eta etorkizunean euskal gizartearen ongizate egoera bermatzea" dela azaldu du. Horrez gain, lehendakariak euskal ekonomiaren inguruko datu positibo batzuen berri eman du, esaterako, langabeziak behera egin duela eta aurtengo lehenengo bi hiruhilekoetan ekonomia hazi egin dela azaldu du. Bere ustez, datu horiek "okerrena igaro dela" esan nahi dute, baina ezin garela "lasaitu" onartu du. Patxi López lehendakariaren hitzetan, "krisi honetatik zera ikasi behar dugu, ziklo baten bukaeran gaudela eta datozen urteetan munduko hazkuntzaren % 70a azaleratzen ari diren herrialdeen eskutik etorriko dela eta, egoera berri horretara egokitzeko, herrialdean aldaketa sakonak egin beharko ditugu". Horrez gain, Euskadin "geure burua gizarte gisa ulertzeko moduaren aldaketa sakon bati aurre egiten ari gara, eta bereziki, besteekin harremanak izateko modua aldatzen ari gara, eta lehiakortasuna, solidaritatea eta iraunkortasunean oinarritutako eredu baten bidez soilik egin ahalko diogu aurre erronka horri", adierazi du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari