Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak kultura-arloko enpresek duten sortzeko ahalmena askatzearen alde egiten du

2010.eko ekainak 14

"Enpresa-eredu berrien aurrekari dira kultura-arloko enpresak"

Lehendakariak gaur eman die hasiera "Kultura-enpresak, sektore sortzaileak eta enpleguaren sortzea" jardunaldiei, Gasteizko Lakua hotelean. Blanca Urgell Kulturako sailburuak ere hartuko du parte jardunaldietan, eta horien helburua da sorkuntza-sektoreen enplegua sortzeko gaitasuna aztertzea, kulturak berez duen balioa eta jarrera eta balioak aldatzeko duen gaitasuna ahaztu gabe.

Lehendakaria harro azaldu da "inork gogoan izaten ez dituen eta oparotasun ekonomikoko aldietan enpresaren alorrean nolabait gutxietsi egiten diren kultura-arloko enpresak" jorratzen dituzten jardunaldiei hasiera emateko aukera izateaz. Kulturaren alde lan egiten duten enpresak diren aldetik, batzuetan ez dituzte kontuan hartzen, produktiboagoak diren eta enplegu eta aberastasun gehiago sortzen duten beste sektore batzuei ematen zaielako lehentasuna. Patxi Lópezek ideia hori ezeztatu nahi izan du bere parte-hartzean eta kolektibo horren garrantzia azpimarratu du, "talentu berriak aurkitu, joera berriak garatu eta estetika desberdinak diseinatzeaz gain, benetako enplegu-sortzaileak direlako".

Euskadiko enpresen % 3,5 kultura-esparrukoak direla kontuan izanda, guztizko enpleguaren % 2rekin eta 19.000 lanpostu baino gehiagorekin, kultura-arloko enpresak ezin dira alde batera utzi enplegua sortzen dutenak aipatzerakoan. Horrez gain, Lehendakariak azpimarratu nahi izan du garrantzi berezia dutela, enplegu hori krisi garaian gizarte-egoera ahulean dagoen kolektibo baten esku dagoelako, alegia, gazteen esku. Ildo horretan, Lópezek gaineratu du benetako balioa gazteen enplegu hori sortzea dela, baina enplegu hori kalitatezkoa, iraunkorra eta berdea ere badela, berritzaile eta dinamikoagoa delako eta gizarte-ohiturei aurre egin eta jokabide-aldaketak sustatzen dituen sentsibilizazio-funtzioa duelako.

Gauzak horrela daudela, Eusko Jaurlaritzak, Lehendakariaren esanetan, berariaz arlo horretara zuzendutako programak garatu behar ditu oraindik ustiatzeko dauden sektore horietan enplegu-iturriak indartzeko, eta, era horretara, kultura eta sormena eragile izan daitezen gizartea eta ekonomia berritzeko prozesuetan. Lehendakariak adierazi duenez, "kultura-arloko enpresek sortzeko duten ahalmen hori askatu behar dugu nahitaez, askotan, indar hori erabili gabe geratzen da-eta hazkundea eta enplegua sortzeko orduan". Mezu positiboa eta baikorra bidali nahi izan die ekintzaile eta aitzindariei, eurak dira-eta, bere ustez, "Herri honen benetako balioa, benetako aberastasuna".

Lehendakariak, bere hitzaldia bukatzeko, kultura-arloko enpresek aberastasun bikoitza dakartela adierazi du, kulturak berebiziko garrantzia baitu gaur egun gure gizartean; hain zuzen ere, kulturari esker gara pertsona eta kulturak egiten gaitu gizaki. "Kulturan bizi da gure arima, eta horrexek bereizten gaitu gainerako animaliengandik. Ezinbesteko dugu kultura hazteko eta hezteko, sentitzeko eta amets egiteko... ikasteko eta garatzeko... eta gure burua aberasteko. Kultura aberasgarria baita, bai, bi ikuspegietatik begiratuta, gainera; batetik, aisialdirako eta gozamenerako delako, eta, bestetik, diru-kontuetan ere etekina atera daitekeelako".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria