Berriak Segurtasuna
Eu

Arartekoak Ertzaintzaren hautaketa-prozesuak eragindako kexak artxibatu ditu, XXIV. promozioko probetako epaimahaiaren jardueran irregulartasunik ez dela egon uste baitu

2014.eko abenduak 04
Izangai batzuek zalantzan jarri zituzten proben puntuazio-aldaketak
 
Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozedurak eragin dituen kexak itxi eta artxibatu ditu Arartekoak, bere ustez ez baita irregulartasunik egon Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Epaimahai Kalifikatzailearen jardueran.

Ertzaintzaren XXIV. promozioko hautaketa-prozesuaren parte-hartzaile batzuek zalantzan jarri dute hautaketa-proben epaimahaiak bigarren probaren lau ariketak gainditzeko behar ziren gutxieneko puntuazio-mugak aldatu izana, deialdiaren 6.8 oinarriari jarraiki. Oinarri horren arabera, epaimahaiak proba bakoitza eta horiek osatzen dituzten ariketak gainditzeko behar zen gutxieneko puntuazioa alda zezakeen, egoki irizten zion moduan, «hautaketa-sistemak egoki egin zezan aurrera», betiere eska litekeen gutxieneko maila eta izangaiek erakutsitako ezagutza-maila kontuan hartuta.

Hedabide batzuek jaso zuten moduan, errekurtsogileek puntuazio-aldaketa «bidegabetzat» jotzen zuten, uste baitzuten deialdiaren 6.8 artikuluak ez zuela baimenik ematen ariketa batzuen puntuazioa aldatzeko, proba osoaren puntuazioa baizik.

Segurtasun Sailak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Arartekoak zalantzan jarritako erabakiaz hauxe xedatu du: «Ez da arbitrarioa izan, beharrezko gaikuntza baitzuen eta, gainera, era objektibo eta arrazoizko batez hartu baitute, izangaiek, haien nortasuna ezagutu gabe jakina, ariketa bakoitzean lortutako emaitzak ikusita, eta ahalik eta pertsona gehienek gainditzeko xedez». Arartekoren ebazpenak agerian uzten du neurri hori hartzeak «deialdiaren oinarrietan aurreikusitako emaitza ekarri duela; hau da, lau ariketen baturan gutxienez 60 puntu lortzen dituztenek baino ez gainditzea azterketa ».

Bere argudioetan, Herriaren Defendatzaileak hauxe adierazi du: «Hartutako irizpideak ere ez dakar enplegu publikoa sartzeko garaian izangaien gaitasun teknikoaren lehentasuna ez errespetatzea; izan ere, adierazi dugun moduan, antolamendu juridikoak helburu hori bilatzen du berdintasun, merezimendu eta gaitasuneko printzipioak uztartuz». «Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako zuzentzeko irizpideak, –dio Arartekoak– ariketa bakoitzean ezberdinak badira ere, jada aurreratu dugunez, deialdiaren oinarriek aurreikusitakoaren barruan hartu dira, eta berdin aplikatu zaizkie parte-hartzaile guztiei. Gainera, ariketa bakoitzean zuzen emandako erantzunek balio bera izan dute izangai guztientzat».

Azkenik, Arartekoak erabaki du kexak ixtea eta artxibatzea, «epaimahaiaren jardunean irregulartasunik ez dela egon iritzita».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko