Berriak Osasuna
Eu

Sindikatuek Osakidetzan egin duten grebaren balioestea

2014.eko abenduak 04

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jose Maria Armentia Giza Baliabideetako zuzendaria prentsa aurrean agertu dira gaur goizean Vitoria-Gasteizko Osakidetzako egoitzan, sindikatuek deitutako grebak lehenengo orduetan izan duen jarraipenaren aurreneko balorazio bat egiteko. Agerraldi horretan jakinarazi dutenez, goizean % 10,9(e)ko jarraipena izan du grebak hiru Lurralde Historikoetan. Osakidetzako zuzendari nagusiaren hitzetan, ehuneko horrek argi uzten du azken asteetako mobilizazioek “ez dutela Osakidetzako langile gehienen babesa lortu,eta horrek sindikatuei zer pentsa eman beharko lieke. Hausnarketa egiteko tarte bat hartu eta akordioak lortzen saiatzeko lanean hasi beharko lirateke”.

Osakidetzako ordezkariek adierazi dute osasun arloko zentro gehienetan normaltasuna izan dela nagusi goizean, oro har, bai lehen mailako arretan, bai eta ospitaleetako arretan ere. Gaueko eta goizeko txandetan aritzekoak ziren 19.423 langileetatik, 2.094(e)k lanuztearekin bat egin dute eta 17.329 euren lanpostuetan izan dira.

 

Hona hemen Lurralde Historiko bakoitzean grebak izan duen jarraipena:

Araba                                                                    %7,8  

Bizkaia                                                                 %12,5

Gipuzkoa                                                             %9,9

 

Lanbide-kategorien arabera, lanuztearen eragina honako hau izan da:

Medikuak                                                            % 5,7 

Erizainak                                                           % 11,5          

Osasun arloko gainerako langileak           % 14,7

 

 

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariaren esanetan, “Euskadin azken asteetan zenbait sindikatuk bultzatu duten lan-gatazkak ez du justifikaziorik, gure ustean. Eta hurrengo hilabeteetarako ere mobilizazioak iragartzen ari direla ikusita, are gutxiago, kontuan izanda, gainera, mahaian oraindik zehaztu gabeko gaiak daudela”. “Gaurko greba egunarekin, langileei eta pazienteei eurei ere ezartzen ari zaien tentsioa amaitzea espero dut, eta jarrerak hurbiltzeko eta akordioetara heltzeko gai garela erakuts dezagula” erantsi du.

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak gogorarazi du, aldi berean, “sindikatuak nahita ari direla norberaren lan-baldintzak zerbitzuaren kalitatearekin lotzen eta nahasten, zertarako eta gizartea asaldatzeko eta, ondorioz, horretatik lan-arloan onura ateratzeko.

Hemen mobilizazioak egiten eta Gobernuaren proposamen oro kritikatzen ari diren bitartean, gaur bertan, beste hiri batzuetan, sindikatu berek ez dute kritikatzen Euskadin baino gehiago lan egiten dutela gutxiago kobratuta”.

Osakidetzako zuzendari nagusiak berriro errepikatu du ez diotela lan egiteari eta akordioak lortzen saiatzeari utziko: “negoziatzeko prest gaude, oraindik ere”. Aldi berean, egoera honen ondorioz eragozpenak jasan dituzten paziente guztiei barkamena eskatu die, eta berriz adierazi die bere esker-ona lanuztearekin bat egin ez duten langileei, herritarrekin hartutako konpromisoarengatik.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 4an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Maria Armentia Giza Baliabideetako zuzendaria