Berriak
Eu

Kontsumobideko I. Euskara Planaren helburua: kontsumitzaileei arreta elebiduna bermatzea eta euskara zerbitzua emateko eta lanerako hizkuntza gisa erabiltzea

2014.eko abenduak 03

Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, onartu du Kontsumoko Euskal Institutuaren I. Euskara Plana.

 

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta Kontsumobidean euskara zerbitzua emateko eta lanerako hizkuntza gisa erabiltzea dira Kontsumoko Euskal Institutuaren I. Euskara Planaren helburu nagusia, kontsumitzaileei arreta hobea eskaintzeko. Gaur goizean onartu du Osasuneko sailburu Jon Darpón buru duen Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak.

Osasuneko sailburuaren arabera, hizkuntz eskubideak errespetatzea administrazio ororen betebehar saihestezina da; euskal administrazioari bi hizkuntza ofizialetan, bai euskaraz bai gaztelaniaz, kalitatezko zerbitzua bermatzea dagokio. Baita Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuan ere. Osakidetzak duela urtebete onartu zuen II. Euskara Plana xede berberaz.

Elena Unzuetak esan duenez, 2017 aldirako I. Euskara Plana onartuta, helburua da euskara zerbitzua emateko hizkuntza gisa, ahoz zein idatziz, erabil dadin bermatzea hala kanpoko harremanetan –beste herri-administrazioekin eta herritarren arretarako zerbitzuetan–, nola barneko harremanetan –euskara Kontsumobideko lanerako hizkuntza izatea, alegia–.

Kontsumobideko zuzendari Elena Unzuenak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana kontuan hartuta idatzi da aipatutako plana, eta bat dator 2014-2018 aldirako Kontsumobideko Plan Estrategikoarekin. Aurtengo uztailean onartutako azken plan horrek, jardueren artean, Kontsumobideko hizkuntza-normalizaziorako I. plana egitea, ezartzea eta jarraitzea jasotzen du kontsumitzaileei arreta elebiduna ematea bermatzeko, betiere Eusko Jaurlaritzan Euskara Erabiltzeko 2013-2017 aldirako V. Plan Orokorraren arabera.

Hala, I. Euskara Plana sortu da dokumentu horiek oinarri hartuta eta Kontsumobiden euskarak egun duen egoeraren gaineko azterketa sakona egin eta Institutuko langile guztiei galdetu ondoren.

 

Helburu orokorrak

Planak honako 4 helburu orokor hauek jasotzen ditu:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea Kontsumobiderekiko harremanetan, bereziki herritarrei zuzeneko arreta emateko zerbitzuetan.
  • Euskara lanerako hizkuntza izateko aurrerapenak egitea, euskaraz gero eta gehiago sortuz.
  • Euskara gehiago erabiltzea Kontsumobideren eta bestelako herri-administrazioen arteko harremanetan.
  • Kontsumobideko Zuzendaritzaren lidergoa sendotzea euskararen normalizazio-prozesua Kontsumoko Euskal Institutuaren ohiko jardunean txertatzeko.

Aipatutako helburu orokorrak osatzeko zeharkako hiru lerro ezarri dira, horiek garatzeko lagungarri izango direnak: Planean bertan ezarritako hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta arauak aplikatzea; Kontsumobideko langileen eta zuzendaritzaren hizkuntza-gaitasuna handitzea, erabilera areagotzeko, eta azkenik, Kontsumobideko langileen eta zuzendaritzaren euskararekiko atxikimendua sustatzea euskararen erabileran eragiteko.

Halaber, eta Euskara Planak ezarritako helburuak betetzeko, berariazko 53 neurri ere jaso dira. Kontsumobidek neurri horiek hartuko ditu Planean ezarritako helburuekin eta zeharkako lerroekin lotuta.

 

Jarraipena eta ebaluazioa

Kontsumobideren I. Euskara Planaren urteko ebaluazioa egingo du Institutuak berak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Kontsumobiderekin elkarlanean, bitarteko ebaluazio bat egingo du plangintza-aldiaren hirugarren urtean, eta azkenik, haren indarraldia amaitu aurretik, hau da, 2017ko abendua baino lehen, amaierako ebaluazio bat egingo du Kontsumobidek.

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 3a.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau