Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bilerako burua izan da

2010.eko ekainak 11

Lehendakaritzan egin den bilera Batzordeak legegintzaldi honetan egindako  lehenengoa izan da

Patxi López lehendakaria legegintzaldi honetan Euskareren Aholku Batzordeak egin duen lehenengo bilerako burua izan da. Organo horren eginkizuna da hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko harreman-organoa izatea. Bileran Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren egitasmo nagusiak zein Euskararen Aholku Batzordearen lanerako proposamen nagusiak aztertu dira.

Bilkuraren hasieran lehendakariak parte hartzaileei hauxe esan die, "Gobernuak euskara bide onetik sustatu dezan aholkulari pribilegiatuak zarete", eta erantsi du "bi dira hurrengo hilabeteetan dauzkazuen zereginak: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia  berrikusi eta Euskara Hogeitabat garatu. Bi lan hauek zuzen betetzen baditugu, goi-mailako agertoki batetara heltzea lortuko dugu. Gizarte elebidunago, modernoago, irekiago bat lortuko dugu."

Blanca Urgell Kulturako sailburuak, bere aldetik, esan duenez, "Euskarak ofizialtasunaz haratago joan behar du. Lortu behar dugu euskararen esparrua gero eta handiagoa izan dadila. Arrisku bat dagoelako. Euskara aurreiritziek eraikitako "putzu ilun eta sakonetik" atera genuen eta agian Administrazioko eremu itxiegian sartzen ari gara. Euskara ezin delako izan funtzionarioen hizkuntza burokratiko bat, latina Erdi Aroan bezala. Euskara bizirik nahi dugu".

Bestalde, Lurdes Auzmendik sailburuordeak Euskararen Aholku Batzordearen helburu nagusiak eta lanerako proposamenak zehaztu ditu. Bi lan nagusi izango ditu aurten Batzordeak: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berrikusi, garai berrietara egokitzeari begira, batetik, eta Euskara 21 prozesuaren ondorioz zehaztutako hizkuntza politikaren ildoak garatzea.

Auzmendi andreak adierazi duenez, uda ostean abian jarriko dira Euskararen Aholku Batzordeko hiru batzorde-atal: Euskara 21 ekimena garatzea ardura duen XXI mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak izeneko Batzorde-atal berezia, Toponimia alorreko batzordea eta Terminologia batzordea.

Bilkura aprobetxatuta, gogorarazi dute ezen, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko Dekretuaren arabera, Batzorde Osoko berezko kide ez direnen kargu-aldia hiru urtekoa dela eta epe hori urriaren 16an bukatuko dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari, Consejera Blanca Urgell