Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Gutxieneko zerbitzuak Bizkaiko adinekoen zentro pribatuetako grebarako

2010.eko ekainak 11

 

Gutxieneko zerbitzuak Bizkaiko adinekoen zentro pribatuetako grebarako

 Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gaur eman duen Aginduaren bidez, ekainaren 14, 21 eta 28an, eta uztailaren 1, 5, 8, 12 eta 15ean 24 orduz Bizkaiko adinekoen zentro pribatuen sektorerako aurreikusia dagoen greban nahitaez eman behar diren oinarrizko zerbitzuak emango direla bermatzen da.

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, gizartearen funtsezko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Hori betetzeko, adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan eman beharko diren gutxieneko zerbitzuak finkatu beharko ditu Administrazioak, kasu honetan.

Bizkaiko Adinekoen egoitza pribatuen sektorean 127 egoitza inguru, 72 etxebizitza komunitario eta 49 eguneko zentro daude, eta horietan arreta osoa ematen zaie; 6.813 pertsonari egoitzetan (% 66k mendetasuna edo mendetasun handia dute), 325 pertsonari etxebizitza komunitarioetan (% 67k mendetasuna edo mendetasun handia dute) eta 1.109 pertsona ingururi eguneko zentroetan (% 40k mendetasuna edo mendetasun handia dute).

Sektore horretan pertsonei ematen zaizkien zerbitzu guztiek ez dute eragin bera haien baldintza biopsikosozialetan. Greba-egoeretan ezinbestez bermatu beharrekoak  «zuzeneko arretako zerbitzuak» izenekoak dira (erizaintza, medikuak, fisioterapeutak, arreta geriatrikoa, talde psikosoziala, etab.) Zerbitzu horren lanen artean daude, besteak beste, jaikitzeko, garbiketa pertsonalerako, janzteko edo jateko laguntza, bazkariak prestatu eta zerbitzatzea, hidratazioak, botikak banatzea, jarrera aldaketak, siesta terapeutikoak eta higiene pertsonala. Zeregin horiek zerbitzuaren erabiltzaileen osasuna bermatzeko tratamendu integral osoaren parte dira, batez ere mendetasun handia duten pertsonen kasuan.

Egoitza horien ohiko funtzionamendua modu irregularrean banatzen da egunean zehar egin beharreko lanari dagokionez; horrela, lan-jarduera handiena goizeko lehenengo orduetan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, gosaldu, botikak, etab.), eguerdian (siesta terapeutikoetarako oheratu eta jaikitzea eta une horretako jarrera-mugimenduak eta botikak barne), eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratzea, botikak, etab.) izaten da, eta ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da. Horren ondorioz, ordu horietan beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa dagoen gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.

Bizkaiko tutoretzapeko apartamentuetako, eguneko zentroetako, etxebizitza komunitarioetako eta egoitzetako langileen greba egiteko eskubidea baldintzatuta egongo da eta gutxienekotzat jo behar diren zuzeneko arretako zerbitzuei eutsi egin beharko zaie, egoiliarren bizitza eta osasuna bermatzearren. Beraz, ohetik jaiki eta oheratzeko behar diren zerbitzuak (jarrera-aldaketak eta abar barnean hartuta) eman beharko dira, osasun-asistentzia ematekoak (botikak, sendaketak...), baita higiene pertsonala, elikadura eta botikak ematea ere.

Egoitza-zentroak

1. Egoitza guztiak:

a) Jaiki, oheratu, higiene pertsonalean lagundu eta elikadura eta botikak emateko ezinbesteko lanak egiteko, lan horiek egin ohi dituzten gerokultoreen % 70eko gutxieneko zerbitzua ezartzen da, eta ezin izango dira ondorengo ratioak gainditu:

 

 

Ezinbesteko lanak

Gehieneko ratioak

Goizean

Jaiki, higiene pertsonala, gosaria, botikak eta jantzi

1/10

Eguerdian

Bazkaldu eta siestarako oheratu

1/12

Arratsaldean

Siestatik jaiki eta askaria eman

1/14

Gaua

Afaria, botikak, higiene pertsonala eta oheratu

1/12

b) Gainerako lanetarako gerokultoreen % 50eko gutxieneko zerbitzua ezartzen da, eta ezin izango da 1/20 ratioa gainditu. Lehentasuna izango dute zaintza lanek, unean uneko eskaerei erantzuteak (komunera joan, ura, beste beharrizan batzuk...), higiene pertsonalak, hidratazioak eta jarrera-aldaketek.

2. Unitate Psikogeriatrikoak eta Soziosanitarioak:

a) Jaiki, oheratu, higiene pertsonalean lagundu eta elikadura eta botikak emateko ezinbesteko lanak egiteko, lan horiek egin ohi dituzten gerokultoreen % 70eko gutxieneko zerbitzua ezartzen da, eta ezin izango dira ondorengo ratioak gainditu:

 

 

Ezinbesteko lanak

Gehieneko ratioak

Goizean

Jaiki, higiene pertsonala, gosaria, botikak eta jantzi

1/8

Eguerdian

Bazkaldu eta siestarako oheratu

1/10

Arratsaldean

Siestatik jaiki eta askaria eman

1/12

Gaua

Afaria, botikak, higiene pertsonala eta oheratu

1/10

b) Gainerako lanetarako gerokultoreen % 50eko gutxieneko zerbitzua ezartzen da, eta ezin izango da 1/14 ratioa gainditu. Lehentasuna izango dute zaintza lanek, unean uneko eskaerei erantzuteak (komunera joan, ura, beste beharrizan batzuk...), higiene pertsonalak, hidratazioak eta jarrera-aldaketek.

3. Etxebizitza komunitarioak:

a) Gerokultoreen % 50ek lan egingo du, gutxieneko zerbitzu gisa.

b) Jaiki, oheratu, higiene pertsonaleko, elikadurako eta botikak emateko ohiko ordutegian portzentaje hori % 20 handiagoa izango da, zerbitzu horiek emateko.

4. Eguneko zentroak:

a) Gerokultoreen % 50ek lan egingo du.

b) Otorduen ohiko ordutegian (botikak ematea barne) portzentaje hori % 20 handiagoa izango da, zerbitzu horiek emateko.

5. Medikuak eta OLT/EUDak:

a) Medikuen % 50ek eta OLT/EUDen % 70ek lan egingo dute.

6. Sukaldeko langileak:

a) Sukaldeko langileen % 50ek lan egingo dute. Greban, sukaldeko langileek elikagaiak prestatu egin beharko dituzte, baina ez bestelako lanik.

7. Garbitzaileak:

a) Sukaldeko langileen % 20ek lan egingo dute. Greban, garbiketako langileek jendearen osasunerako edo segurtasunerako berehalako arrisku larria izan dezaketen arloetako lanak baino ez dituzte egin beharko. Horretarako, Laneko eta/edo Osasuneko Arriskuen Prebentzioan jasotako xedapenak eta protokoloak hartuko dira erreferentziazko irizpidetzat.

8. Mantentze-lanetako langileak:

a) Jaiegun batean bezala emango dute zerbitzua, premiaz eta atzerapenik gabe erantzun beharreko gertakariei erantzuteko, pertsonen osasuna edo bizia arrisku larrian jartzen baldin badute.

Aurreko idatz-zatietan aipatutako gutxieneko zerbitzu horiek ez dituzte murriztuko, inolaz ere, greba egiten duten langileen eskubideak. Gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Horrelakorik gertatuz gero, legez kontrakotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko