Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Sektore publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen aurka konstituziokontrakotasunaren errekurtsoa aurkeztea baimentzeko. (2014-12-02(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 02

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK SEKTORE PUBLIKOA ARRAZIONALIZATZEARI BURUZKO ESPAINIAKO LEGEAREN AURKAKO ERREKURTSOA AURKEZTUKO DU KONSTITUZIO AUZITEGIAN GERNIKAKO ESTATUARI JUSTIFIKATU GABEKO ERASOA EGITEAGATIK

Espainiako Gobernuak diru-laguntzak argitaratzeko baliozko datu-base bakarra Estatukoa dela xedatu du eta informazioa ematera behartu ditu EAEko herri-administrazio guztiak, hori ez egitea hutsegite larritzat hartuta.

EHAAren maila debaluatu du eta beste bide batzuetatik aurkitu ez diren herritarrei egin beharreko jakinarazpen ofizial guztiak BOEn argitaratzera behartu du.

Eusko Jaurlaritzak aldebiko negoziaziorako 6 hilabeteko epe bat hasteko eskatuko dio Espainiakoari adostasuna lortzen saiatzeko Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean.

Gobernu-kontseiluak konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzea onartu du gaur Sektore publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa erreformatzeko beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen 25., 26., 27. eta 30. artikuluetan (Bat, Bi, Hiru eta Sei paragrafoeetan) eskumen-inbasio larria dagoelako. Herri-administrazioak erreformatzeko batzordeak (CORA) izeneko txostenean sektore publikoa arrazionalizatzeko eta berregituratzeko proposatutako hainbat neurri hartu ditu Lege horrek. Eusko Jaurlaritzak, baina, 96 alegaziotik gora aurkeztu zituen horren aurka (2014-09-26) eskumen-gehiegikeriagatik eta Gernikako Estatutua edukiz hustu eta degradatzeagatik.

Lehenik, Espainiako gobernuak xedatzen du Diru-laguntzen Espainiako Datu-basea dela laguntza guztiak argitaratzeko balio duen bakarra. Hala, diru-laguntzei buruzko informazio guztia Estatuko Administrazio Orokorrari ematera behartzen ditu herri-administrazio guztiak. Horrez gain, informazio hori ez ematea hutsegite larritzat jo ere egiten du, deialdiak indargabetzeko aukera ezarrita.

Eusko Jaurlaritzaren ustez EAEko herri-administrazioak ezin hobeki bermatzen ditu publizitateko, gardentasuneko eta informazioa ezagutarazteko printzipioak, eta Espainiako gobernuak bere eskumenen mugak gainditu dituela deritzo. Ez da onargarria herri-administrazio batek egindako deialdi baten baliozkotasuna beste baten, kasu honetan Estatuko Administrazio Orokorraren, borondatearen eta ekintzaren mende egotea.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak berak aldatu ez den Xedapen Gehigarri bat jasotzen duela, eta horrek xedatzen duela Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, bere foru-araubidea dela eta, lege hori haren Autonomia Estatutuan ezarritakoa errespetatuta egingo dela.

EHAA

Bigarrenik, administrazioek aurkitu ezin izan diren pertsonei egin beharreko jakinarazpen ofizial guztiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra ezarri du Espainiako gobernuak. Era horretan, Espainiako Legeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren eginkizuna debaluatzen du, osagarri huts bihurtuta, eta Euskadiren jarduna Estatuko Administrazio Orokorraren borondatearen eta kontrolaren mende jarrita.

Eusko Jaurlaritzak EHAAri justifikatu gabe eta aurrez aurre egindako eraso hori salatu du. EHAA, izan ere, funtsezko tresna da, Euskadiko administrazio-jarduera ezagutarazten du, ondare instituzionaltzat hartu daitekeena, eta botere publiko guztiek zalantzarik gabe aintzat hartu eta babestu beharrekoa.

Autogobernuko erakundeen antolamenduaren, araubidearen eta funtzionamenduaren ezjakintasun sakona erakusten du Espainiako gobernuaren gehiegikeria horrek eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du ez dagoela Euskadiren eta Estatuaren arteko hierarkia-harremanik.

Administrazioaren eta herritarren arteko harremana errazteko eta oztopoak murrizteko aitzakia ezin da erabili, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Gernikako Autonomia Estatutua urratzeko.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

Uneotan bi lege ari dira negoziatzen batzordearen barruan:

1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren kanpo ekintzari eta zerbitzuari buruzkoa.

Gainera, legegintzaldi honetan, orain arte, 10 lege hitzartu dituzte bi gobernuek guztira, era horretan konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak, guztizkoak edo partzialak, saihestuta:

Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren gaineko akordio partziala.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren gaineko akordio partziala.
Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legearen gaineko erabateko akordioa.
Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legearen gaineko erabateko akordioa.
Euskadiko Aurrezki Kutxen Legearen gaineko akordioa.
Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko eta uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, aldatzen duen maiatzaren 29ko 2/2013 Legearen gaineko erabateko akordioa.
Hirien Birgaitze, Biziberritze eta Berrikuntzari buruzko 8/2013 Legearen, ekainaren 26koaren gaineko erabateko akordioa.
Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen gainerako erabateko akordioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen gaineko erabateko akordioa.
Hezkuntza Kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Legearen gaineko akordio partziala (LOMCE).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau