Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak Eman Zure Euskara! kanpaian ipini du abian, justiziaren alorreko euskarazko lehen komunitatea sortzeko

2014.eko abenduak 03
  • Jaurlaritzak lanerako euskarazko erreminta guztiak emango dizkie komunitate honetako kide izan nahi duten profesional juridiko guztiei: formulario juridikoak, erreminta teknologikoak, trebakuntza, kontsulta-zerbitzuak, eta abar.
  • Auzia Euskaraz proiektuan bildutako ekimena da, Jaurlaritzak orain urtebete martxan ipinitakoa. 
  • Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu 2015ean, Justizia Administrazioko langileak euskalduntzeko.

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak Eman Zure Euskara! kanpaina ipini du abian; haren bitartez, Euskadiko justiziaren esparruan erabat euskalduna izango den lehen komunitatea osatzeko interesa duten orok informazioa eta izena emateko erraztasunak izango ditu. Ekimen honen helburua orain artean banatuta dagoen kolektiboa kohesionatzea da, prozesu judizialetan euskara normalizatzeko proiektu honetan parte-hartzaile aktiboen komunitate bat sortzeko helburuz.

Hala, judikaturako profesionalek, fiskaltzak, abokatutzak, idazkaritza judizialak, psikosoziologiak, medikuntza judizialak, unibertsitateko irakasleek eta Euskadiko Justiziako funtzionarioek beren lana euskaraz egiteko beharrezko erreminta guztiak jaso ahal izango dituzte: lexiko juridiko normalizatua, formulario juridikoak, legeak euskaraz eguneratuta, erreminta teknologikoak, trebakuntza, kontsulta-zerbitzua eta garatzen ari diren gainerako ekimen eta ekintzak.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren bitartez, komunitate honen inguruan sortzen diren ekintza guztiak koordinatuko eta kudeatuko ditu, baina kideok izango dute garatu beharreko ekimenak iradokitzeko eta zuzentzeko ardura. Parte-hartzaile bakoitzak Justizia euskalduntzeko interesekoa eta egokia izan daitekeela iritzitako guztia ipini ahal izango du mahai gainean, eta, hala euskara-emaile bilakatuko da.

Kanpaina hau sortzeko judikaturako 200 profesionalek baino gehiagok egin dituzte aldez aurretik bilerak (epaileak, abokatuak, prokuradoreak eta idazkaritza judizialeko profesionalak). Topaketa horietan, parte-hartzaileek interes berezia izan zuten esparru judizialeko talde profesional bat sortzeko, euskararen eremuan lan egiteko eta aurrerapausoak emateko aukerarekin loturik. Eta orain artean ez da izan horrelakorik.

EUSKARAREN ESPARRURAKO JUSTIZIAREN 2015EKO AURREKONTUA

Ekimen hau Auzia Euskaraz proiektuaren barruan dago jasota. Jaurlaritzak iazko abenduan ipini zuen martxan proiektua, Justiziaren esparrua euskalduntzeko. Proiektuari esker, prozedura judizialak erabat euskaraz izapidetzea lortuko da, abokatuak demanda judizial bat jartzen duenetik dagokion ebazpena egiten den arte.

Eusko Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu 2015ean Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizaziora, herritarrek euskaraz egiteko eskubidea berma dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)