Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Loiola eta Herrera lotuko dituen tunelaren bat egitearen ondorioz Intxaurrondo auzoa Donostialdeko Metroa izango denaren sarera hurbilduko du.

2010.eko ekainak 11

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Loiola eta Herrera lotuko dituen trenbide tunelaren bat egite ekitaldian hartu du parte gaur goizean. Lan horren barruan, 15.000 pertsona baino gehiagori zerbitzua emango dien Intxaurrondoko lur azpiko geltokia ere sartzen da.

Ekitaldia Sagastieder Pasealekuaren azpian burutu da, 50 metroko sakoneran. Horretarako, Loiola aldeko lubaki makinak 386,5 metro hondeatu ditu, eta tarteko erasoko arrapalatik 848,6 metro hondeatu dira. Ondorioz, guztira 1.235,1 metro egin dira.

Lur azpiko zati gehienak, mutur bakoitzetik aldi berean aurrera egiten duten bi fronteren bitartez hondeatzen dira. Bi fronte horiek bat egiten dutenean gertatzen da bat egite edo "kale" izenekoa.

Oso une berezia izaten da, izan ere, lan taldeek tokian bertan egindako lanaren emaitza da eta helburu nagusia betetzen da: lur azpitik doan bidea irekitzea eta komunikatzea. Tuneleko langileentzat, tunelgile izenekoentzat, bat egitearen edo "kalearen" unea obra batean gehien ospatzen den unea da, beraien zaindari den Santa Barbara egunarekin batera.

Loiola-Herrera zatiaren bikoizketak aukera emango du maiztasunak bikoizteko Amara eta Errenteria artean, hau da, tren zerbitzuak eskaintzeko 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin; murriztu egingo ditu uholdeak gertatzeko arriskuak, une honetan Urumea ibaiaren gainean dauden eta tapoi hidraulikoa eragiten duten zubien ordez zubi berria eraikiko baita; 15.000 pertsona baino gehiagori eskainiko die zerbitzua Intxaurrondon, eta beste 5.000 Herreran, geltoki erabat berriak egingo baitira, zenbait sarbiderekin, eskailera mekanikoekin eta igogailuekin, biztanle horiek guztiak bizi diren tokietatik 10 minutu baino gutxiagora; eta merkantzien trafiko independentea izan dadin aukera emango du, Pasaiako portura joango den lotura zuzenaren bitartez.

Deskribapen teknikoa

2.600 metro luze den Loiola-Herrera zatia bikoizteko proiektua Donostialdeko Metroaren Proiektuaren barruan dago. Azpiegitura berria egiteko eta instalazioak modernizatzeko lanen barruan sartzen da Herrera eta Intxaurrondo auzoetan bi geltoki berri eraikitzea, eta egungo trenbidea merkantzien trafikorako egokitzea, Pasaiako portura joango den lotura zuzenaren bitartez.

Intxaurrondoko eta Herrerako geltoki berriek 20.000 pertsona baino gehiagori eskainiko diete zerbitzua, eta zenbait sarbide izango dituzte, eskailera mekanikoekin eta igogailuekin. Mugikortasun urria duten pertsonek ere erabili ahal izango dituzte.

Intxaurrondoko geltokirako sarbidea haitzulo motakoa izango da, metro tipologiakoa. Sarrera, azaleran egongo diren bi ahoren bitartez egingo da. Bi sarbideak Montes Francos parkean eta Sagastieder Pasealekuan egongo dira. Sagastiederreko kanoiaren ahoaren eta nasaren arteko maila aldaketa 36,57 metrokoa izango da, eta Montes Francos parkeko sarbidearen eta nasaren artekoa, berriz, 45,47 metrokoa. Zarategi pasealekuaren ekialdean egongo den igogailu baten bitartez ere sartu ahal izango da geltokira.

Herreran, tunel faltsuan erdi lurperaturik egongo den geltoki berriaren eraikuntzari esker inguru guztia berrantolatu ahal izango da, hirigintzari eta bideei dagokienez. Oinezkoentzako igarobideen bitartez pilotalekuarekin eta Trintxerpeko auzoarekin lotura izango duen plaza handia egingo da.

Proiektu horren barruan, Loiolako geltoki berriaren inguruetan hiriko bidezubia egiteaz gain, gune bat egokituko da oinezkoentzat eta bideentzat azpiegitura horren barruan. Horrez gain, Urumea ibaiaren gainean zubi berria eraikiko da. Zubia 70 metro izango da luze eta ez du euskarririk izango ibaian. Zubi berriak gaur egungo zubiak eragiten duen tapoi hidraulikoa saihestu eta uholdeak gertatzeko arriskua gutxiagotuko du. Azken ekipamendu berri horrek oinezkoentzako bi espaloi izango ditu bi aldeetan.

Laburbilduz, 71,7 milioi euroko inbertsioa izango da (BEZ barne), eta honako hau bilduko du: 

  • 2,6 km-ko trenbide bikoitza bidaiarientzat,
  • merkantzietarako bakarrik erabiliko den beste trenbide bat, sarrera independentearekin Pasaiako portura,
  • trenbide pasagune bat kenduko da,
  • bi geltoki berri eraikiko dira Herreran eta Intxaurrondon, eta bakoitzak zenbait sarbide izango ditu, eta
  • une honetan Urumea ibaian dauden bi zubiak kenduko dira eta zutaberik gabeko beste bat egingo da haien ordez.

Obraren egoera

Loiola aldean hondeaketa hasi aurretik egin beharreko lanak 2009ko martxoan hasi ziren. Toki horretan ur-arazketa estazioa instalatu da, tunela hondeatzeko lanen ondorioz sorturiko urak tratatzeko, eta baita obrako ibilgailuak garbitzeko garbitegi automatikoa ere, arazturiko urak erabiliz.

Zandardegi pasealekuaren inguruan dagoen beste frontean, 2009ko irailean 80 metroko galeria hondeatzeko lanak hasi ziren, lineako tuneleraino. Tunelean ekialde-mendebalde noranzkoko hondeaketa egin da, Loiolarantz. Ahokadura horretan ere ur-arazketa estazioa eta garbitegi automatikoa instalatu dira, hondeatzeko lanen ondorioz sorturiko urak tratatzeko eta berrerabiltzeko.

Aldi berean, Intxaurrondon egingo den geltokira sartzeko lanak ere ari dira burutzen. Montes Francos ingurua akokaturik dago 2009ko martxotik. Ondoren, hondeaketa, faseka, lau maila desberdinetan, burutu ahal izateko eta horrela Intxaurrondoko geltokiarekin lotu ahal izateko, egin beharreko lanak egin dira.

Sagastieder pasealekuan dagoen hegoaldeko kanoian burutu da jada mikro-pilotedun pantailen arteko hondeaketa, eta kanoia meategi eran hondeatzeko lanak hasteko aukera emango duen mikro-pilotedun aterkia burutzen ari da.

Geltokia egongo den gunean, haitzuloaren alboko zabalguneen hondeaketa lanak ari dira burutzen.

Trenbide bikoitzeko lineako tunelean, meategiko tunelak izango dituen bi kilometroetatik 1.235 metro hondeatu dira jada.

Azkenik, Herrera inguruan, ukituriko zerbitzuak desbideratu eta gero, geltoki berria eraikitzeko zimendatzeak burutzen ari dira. 2009ko maiatzean, A-8 autobidera sartzeko bidea eraisteko eta irailean martxan jarri zen behin behineko geltokia eraikitzeko lanak hasi ziren. Geltoki berria martxan zegoela, irailean eta urrian bidezubiaren gainerako zatia eraitsi zen, eta azaroan Herrerako geltoki zaharra lurreratu zen.

Obraren zifra esanguratsuak

  • Lineako tunelaren eta haitzuloaren aurrerako hondeaketa.- 68.000 m3
  • Tunelari eta haitzuloari eusteko buloiak.- 45.000 m.
  • Tunelari eusteko TH-21 zertxak.- 17.430 Kg.
  • Tunelari eusteko HEB-180 zertxak.- 173.000 kg.
  • Tunelari eta haitzuloari eusteko proiektaturiko hormigoia.- 5.000 m3
  • Piloteak iparraldeko kanoiko sarreran.- 1.200 m.
  • Pantailen arteko hondeaketa kanoietan.- 4.000 m3
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola