Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak harrera egin die 2014an jardunean hasi diren Ikerbasqueko ikertzaileeia

2014.eko abenduak 02

Jakintza-arlo guztietako 33 zientzialari Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean hasi dira Research Professor eta Research Fellow programei esker

 Diplomak banatzeko urteko ekitaldia Lehendakaritzan egin da, unibertsitateetako, ikerketa-zentroetako eta zentro teknologikoetako arduradunak tarteko zirela

IKERBASQUEren Research Fellow eta Research Professor deialdiek mundu osoko 1.000 eskaera baino gehiago jaso dituzte 2014an

Aurten ikerketa-zereginetan hasi diren IKERBASQUEko ikertzaileei harrera egin die gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak, Lehendakaritzan antolatu ohi den urteroko topaketan.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela, Research Professor eta Research Fellow programei esker Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan jardunean hasi diren jakintza-arlo guztietako 33 zientzialarien artean diplomak banatzeko ekitaldia egin da.

Ekitaldian, halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura Sailburuak, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Pedro Miguel Etxenike DIPCeko presidenteak parte hartu dute, eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoetako arduradunak bildu ditu.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professor deialdiaren bidez, 10 zientzialari gehitu dira 2014an. Etorri berri diren ikertzaile horietako batzuek ikerketa-zentroak zuzenduko dituzte, edota zientzia-ikerketa bultzatzea xede duen ERC Grants delako Europa mailako laguntzarik handiena dute.

Bestalde, Research Fellow deritzon ekimena, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen programa da. 

Programa hau 2012an abiarazi zen, helburu bikoitza betetzeko asmoz: alde batetik, atzerrian lanean ari diren zientzialariak erakartzea, karreraren une batean ala bestean kanpora joandako bertako ikertzaileak barne, eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Research Fellow programari esker, 2014an 23 pertsona gehitu dira.

2014an ere, IKERBASQUEk bi programa horietako deialdiak zabaldu ditu, eta horien bitartez, 47 herrialdetako 1.000 eskaera baino gehiago jaso ditu (569 eskaera Research Professors deialdiko 10 lanpostuetarako eta beste 468 Research Fellowseko 25 lanpostuetarako).

Orain arte, IKERBASQUEk Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemari gehitu zaizkion Research Professor eta Research Fellow kategorietako 181 ikertzaile erakarri ditu. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentro publiko nahiz pribatuak, zientzia esperimentaletan, giza-zientzietan, medikuntzan, ikasketa teknikoetan, ingeniaritzan, gizarte-zientzietan eta beste hainbat esparrutan trebatutako adituen ekarpenez profitatzen ari dira.

IKERBASQUE, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)