Berriak
Eu

Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak aurkeztu dio Eskualdeetako Komiteko 'Automobilaren krisia' taldeari Euskadik zer-nolako estrategia daukan auto elektrikoari buruz (Brusela, 2010eko ekainaren 10a)

2010.eko ekainak 10

Euskadi, bazkide garrantzitsua da ibilgailu elektrikoaren Europako estrategiari buruzko eztabaidan

 

Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak auto elektrikoari buruzko Euskadiren estrategia aurkeztu die Europako eskualde eta erakundeei. Echeniquek Euskadik "automobilgintza-sektorearen industria- eta teknologia-bilakaerarik handienean" izango duen papera defendatu zuen.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, Eskualdeetako Komitearen 'Automobilaren krisia' taldearen baitan, azpimarratu du "Euskadi gakoa dela Europarako, Euskadiko automobilgintza-, industria- eta zientzia-sektoreak Europako auto elektrikoa gure autonomia-erkidegoan sor dadin baldintza guztiak betetzen dituelako".

Komitearen euskal ordezkaritzaren agendan azpimarratu behar da, halaber, egun hauetan Bruselan egiten ari den Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran parte hartuko duela. Osoko bilkura horretan EBko eskualde guztietako ordezkari politikoak izango dira.

Eskualdeetako Komitearen 'Automobilaren krisia' taldea Europako hainbat eskualdek osatzen dute, eta helburua da eskualdeek automobilgintzaren sektorearen krisia arintzeko proposamen eta ekimenak bilatzerakoan duten papera sustatzea. Foro horren baitan, Europako eskualdeek egun Euskadin abian jarri diren helburu eta ekimenak zuzenean ezagutzeko aukera izan dute.

Echeniquek gogoratu zuen "Euskadiko estrategia Eusko Jaurlaritzaren iraunkortasunaren aldeko apustu orokorraren parte dela eta helburua dela 2020an saldutako autoen % 10 elektrikoak izatea". Ildo horretan, Klima Aldaketari eta Mugikortasun Iraunkorrari buruz Euskadin onartuko diren legeek bilduko dituzte alor horietako ekintzak.

 

Euskadiko auto elektrikoa Ibilgailu Garbiei eta Energetikoki Eraginkorrei buruzko Europar Estrategiaren parte da

Europako eskualde eta agintariek kontuan hartu dituzte bai Euskadiko estrategia, bai ezarri ditugun akordio eta ekimenak. Horren ildotik, beraz, Euskadiko ordezkaritzak bere bost helburuak nabarmendu zituen:

- Euskadiko automobilgintza-sektoreari laguntzea ibilgailuetarako sistema eta osagaiak garatzeko prozesuan.

- Euskadiko ekipamendu elektriko eta elektronikoaren sektoreari laguntza ematea ahalmen industrialak eta teknologikoak garatzeko prozesuan.

- Karga-puntuen sarea eratzea Euskadin.

- Erraztasunak ematea gure eskualdeko erakunde eta herritarrei, auto elektrikoa eskura dezaten.

- Ibilgailua maila eta eremu geografiko guztietan sartu eta erabil dadin erraztuko duen esparru juridikoa garatzearen alde egitea.

Auto elektrikoari lotuta, ekimen zehatzak eraman dira aurrera Euskadin, hala nola: 2009ko abenduan Eusko Jaurlaritzak eta Mercedes-Benz enpresak akordioa sinatu zuten, Mercedes-Benzek Gasteizen duen plantan ibilgailu elektrikoak garatu eta ekoizteko (Vito eta Smart modeloak).

Bestalde, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Repsolek ere akordioak sinatu dituzte, ibilgailuak kargatzeko instalazioen gaineko ikerketak egin eta horiek abian jartzeko. Instalazioak 2011ko ekainerako operatibo egongo direla aurreikusi da.

Euskadiko klusterrak ere hizpide dugun ekimenaren parte dira. Izan ere, Europar Batasuneko Lehiakortasuneko ministroek Donostian egin zuten kontseilu informalaren astean (2010eko otsaila), Euskadiko Automobilgintza Klusterrak eta Energiaren Klusterrak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, ekintza bateratuak aurrera eramateko auto elektrikoaren eta autoari lotutako karga-sistemen arloetan.

 

Europan auto elektrikoari buruz dagoen eztabaidari Euskadik egiten dizkion ekarpenen dekalogoa

Europako eskualdeen eta erakundeen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Europan auto elektrikoari buruz dagoen eztabaidari Euskadik egiten dizkion ekarpenen dekalogoa aurkeztu zuen. Hona hemen ekarpen horiek:

- Garraioak eragindako energia-kontsumoa gora doan heinean, nahitaezkoa da neurriak hartzea.

- 2010ean autoak merkaturatzen hasi direnez gero, ibilgailu elektrikoak izan duen bultzada sendoa errealitate bihurtu da.

- Auto elektrikoa aukera paregabea da enpresentzat, aurrera egin dezaten eta sendotu daitezen.

- Estrategiaren helburua Euskadin, auto elektrikoa saltzeari dagokionez, hau da: 2020. urtean, saltzen diren autoen % 10 elektrikoak izatea.

- Beharrezkoa da auto elektrikoaren teknologiaren arauak eguneratzea.

Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik hartu du parte gai honi buruz Europan izan den eztabaidan, eta Europako erakundeek egin dituzten kontsulta publikoetan ere partaide izan da. Ildo horretan, Europako Batzordeak joan den apirilaren 28an Garbiak eta Energetikoki Eraginkorrak diren Autoei buruzko Europako Estrategia bultzatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak bat egin du horrekin hasieratik. EBko Espainiaren Lehendakaritzan auto elektrikoak lehentasuna izan du; eta horri buruzko eztabaida, hain zuzen ere, Donostian bertan hasi zen, aurtengo otsailean izandako Lehiakortasuneko ministroen Kontseilu informalean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia