Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Juvena 2014 kanpainak Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen inoizko kopururik handiena erregistratu du

2014.eko azaroak 27

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek positibotzat jo ditu datuak. Izan ere, “berresten du antxoa gaztea osasuntsu dagoela gure kostaldean

JUVENA kanpainaren emaitzei esker, harrapa daitekeen antxoa-kopuruari lotutako arriskuen gaineko gomendioak egin dakizkieke arrantza-alorreko agintariei.

JUVENA 2014 kanpaina zientifikoaren emaitzek adierazten dutenez, irailean 724.000 tona inguru antxoa gazte zeuden Bizkaiko golkoan, denak aurreko udaberrian jaioak. Eusko Jaurlaritzak, ekimenaren bultzatzaile gisa, datuen balorazio positiboa egin du: “berresten du antxoa gaztea osasuntsu dagoela gure kostaldean, aukera ematen baitie euskal arrantzaleei antxoa modu jasangarrian arrantzatzen jarraitzeko”, esan du Orozek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak.

AZTIko zuzendari gerente Rogelio Pozok nabarmendu duenez, kalkulatutako ugaritasuna inoizko handiena da “JUVENA (2003-2014) seriearen barnean, ia-ia seriearen batezbestekoa bider lau”. Pozok azpimarratu duenez, “hautemandako antxoa gaztearen biomasak iragartzen digu ezen, neguan aurreko urteetan izandako biziraupen-tasaren antzekoa izanez gero, probabilitate oso handia dagoela 2015ean antxoa helduen stockak ICES/CIEM Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak ezarritako gehienezko biomasa (21.000 tona) gainditzeko”.

JUVENA 2014 kanpainaren helburua izan da antxoa gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztea, egoera aztertzea eta haien biziraupenari eragiten dieten ingurumen-faktoreak aztertzea, hori guztia hurrengo urtean helduarora iritsiko diren antxoen biomasa-kantitatea aurresateko.

Itsasoaren eta elikaduraren ikerketan aditua den zentroak, AZTIk, egin du azterketa hori, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin (IEO) lankidetzan, irailean, ontzi ozeanografiko hauetan: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Emma Bardán eta IEOren Ramón Margalef. Kanpaina bi fasetan bereizi da: hasierakoa, antxoa gaztearen ugaritasunaren ebaluazioa; eta, bestea, portaeraren eta ekologiaren azterketa.

Lehen fasearen barruan, kalkulatu da espezie pelagikoen komunitatea ugaria dela —antxoa tartean dela—. Horretarako, metodologia akustikoa erabili da: itsasora ultrasoinuak igortzen dira, eta, lortutako oihartzunean oinarrituta, hautemandako banakoen kantitatea kalkulatzen da.

Halaber, teknikariek antxoa batzuk harrapatzen dituzte, neurria, pisua, adina eta kondizio biologikoa zehazteko. Bestetik, ikertzaileek arrain horien eguneroko hazkuntza eta elikadura aztertzen dituzte.

Bigarren fasean, antxoa gaztearen ekosistema aztertzen da; hau da, haren ingurunea, eskura zer eta zenbat elikagai duten , eta harrapakari naturalen presentzia eta ugaritasuna. Horretarako, kondizio hidrografiko eta ingurumenekoen ezaugarriak zehazten dira, bai eta planktonaren banaketak ere. Kanpainan jasotako laginak AZTIren eta IEOren laborategietan aztertzen dira gero.

JUVENAren finantziazioa hauen esku dago: Eusko Jaurlaritza, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa eta IEO. Azterketari esker, harrapa daitekeen antxoa-kopuruari lotutako arriskuen gaineko gomendioak egin dakizkieke arrantza-alorreko agintariei.

JUVENA antxoa gazteen kanpainaren osagarri, Bioman kanpaina egiten da, eta AZTI arduratzen da horretaz ere. Udaberrian Bizkaiko Golkoan dagoen antxoaren biomasa ugaltzailea kalkulatzen du, egunero erruten den arrautza-kopurua kontuan hartzen duen metodoaren bidez. 1987an hasi ziren azterketa hori egiten, eta antxoaren nazioarteko ebaluazioaren funtsezko oinarria da. Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (ICES/CIEM) egiten du.

2014ko kanpainan, 12.610.729 kilo antxoa lehorreratu ziren euskal portuetan; lonjan, 22.200.735 euroko balioa izan zuten, eta batez besteko prezioa kiloko 1,76 euro izan zen. 2015ekoa seigarren kanpaina izango da arrantza-toki hori ireki zenetik; beraz, indartu egin da arrain horren presentzia, bai fresko kontsumitzeko, bai kontserbagintza hornitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rogelio Pozo