Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren eta Carlos III. Institutuaren ikerketa bati esker Euskadin gizonezko baten eraginez sortutako GIB-en transmisio kate bat hauteman dute. Bi urtean 26 infekzio eragin ditu

2014.eko azaroak 24

Sexuan gizonekin jarduten duten gizonen kolektiboen zaurgarritasuna berretsi du azterketak.Hiesa eta sexu bidezko transmisioko bestelako infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzaren politikek lehenesten duten biztanle talde nagusietako bat da hori

 

Osakidetzako eta Madrilgo Carlos III. Institutuko profesionalek egindako ikerketa bati esker Euskadiko gizon batek eragindako GIBen transmisio-kate bat hauteman dute. Aipatutako katearen bidez 26 infekzio izan dira bi urtean. Sexuan gizonekin jarduten duten gizonen arteko GIB-1en transmisioko kluster horien hedapen azkarra (jatorri bereko infekzioa duten gizabanako taldea) berretsi du azterketak, eta ondorioz, ez dela komeni prebentzio-maila lasaitzea, ez banakoen artean, ezta herri-administrazioetan ere. 

Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Planeko koordinatzaile Daniel Zulaicak azterketa horren garrantzia nabarmendu du. Aipatutako azterketa bihar Malagan hasiko den VI. GeSIDA kongresuan aurkeztuko dute, eta arrisku handiko jokabideekin lotutako fenomeno hori berresten du, esaterako duela gutxi Galizian hauteman zena, ehun pertsona ingururi eragin ziona. 

Zulaicak, era horretan, gogora ekarri du orain dela egun batzuk Osasuneko sailburu Jon Darpónek erne egoteko deia egin zuela jendaurrean; gainera, hobera egin arren oraindik desagertu ez den (eta horrela frogatu du agerraldi hau hautemateak) errealitate baten aurrean prebentzioa eta kontrola areagotzeko apustua berretsi ere egin zuen, eta gizon homosexualen edo prostituzioan diharduten pertsonen kolektiboak nabarmendu zituen, zaurgarritasun handiagoa baitute.    

Hain zuzen, iragan astean jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 2015-2018 aldirako Plan Estrategikoa lantzen ari direla. Plan Estrategiko horren helburua Euskadin hiesaren eragina gutxitzen jarraitzea eta sexu transmisiozko bestelako infekzioak (STI) frenatzea da. Zaurgarritasun handiena duten taldeetan prebentzioa eta kontzientziatzea bultzatzen ditu planak, hain zuzen, eta horien artean lehentasuna du harreman homosexualak dituzten gizonenak.   

 

AZTERKETAREN ONDORIOAK

 

Osakidetzak eta Madrilgo Carlos III. Institutuak egindako azterketak jarduera-ildo hori egokia eta beharrezkoa dela berresten du. Izan ere, azterketaren ondorio nagusien artean hauxe nabarmentzen da:  

 

-       Pertsona bakar batek eragindako BIGen agerraldi horren hedapen azkarrak agerian uzten du sexuan gizonekin jarduten duten gizonen kolektiboan arrisku-portaerak ohikoak direla, eta horri esker zabaldu da GIBa pertsona horien artean, baita, seguruenik, beste batzuen artean ere.

 

-       Horrek guztiak sexu-harremanetan prebentzio-neurriak erabili beharra nabarmentzen du.

 

 

 

-       Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro gomendatu nahi diete sexu-harremanak gizonekin izan dituzten gizonei BIGen eta sifiliaren testa egiteko. Halaber, kolektibo horretan prebenitzeko eta diagnostikatzeko programetan GKEek funtsezko eginkizuna dutela onartu dute.

 

-       Jakina denez, era horretako testak Osakidetzako lehen mailako arretako kontsultetan eta sexu-transmisiozko infekzioetako kontsultetan egin daitezke, EAEko hiru hiriburuetan. Anonimotasuna nahi izanez gero, Euskadiko 46 farmaziatan egin daiteke testa 5 euro ordainduta, baita Hiesaren esparruan lan egiten duten GKE nagusietan (doan) ere. Informazio hori webgune honetan dago eskuragarri: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-cksida03/eu

Orain identifikatutako transmisioko klusterraren xehetasunari dagokionez, indize-kasua (jatorri bakarreko agerraldia eragin zuen pertsona) 2008an hauteman zen, eta 2012 eta 2014 artean diagnostikatu dira gainontzeko infekzioak, guztiak, bat izan ezik, 18 eta 52 urte arteko gizonengan, eta harreman homosexualetan hartuta.

Ez da lehen aldia, Euskadi barruan zein kanpoan, era horretako agerraldi bat erregistratzen dena (parekagarria da aurretik aipatutako Galiziako F azpitipoarekin), baina ez du alderik gainontzeko aldaerekin agresibitate handiago edo txikiagoari edota erretrobirusen aurkako tratamenduaren aurreko erantzunari dagokionez.

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 24a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau