Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak botere publikoen antolamendua eta jarduera aldatzeko deia egin du herritarren desafekzioari eta konfiantzarik ezari erantzuteko

2014.eko azaroak 26
  • Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Euskal Herri Administrazio Legearen Proiektu anbiziotsua aurkeztu du legebiltzarrean. Aipatutako proiektuak tresna berriak eta zorrotzak jasotzen ditu kontuak emateko, arduradun politikoak kontrolatzeko eta informazio publikoa ahalik eta gardentasun handienaz eskura jartzeko.
  • Legegintzaldien hasieran Jaurlaritzak «Gobernu Plan» bat argitaratuko du EHAAn. Plan horretan proiektu, plan eta jarduera estrategikoak zehaztuko dira, baita horiek lortzeko baliabideak, aurreikusitako epea, gauzatzeaz arduratuko diren organoak eta jarraitu eta ebaluatu ahal izateko adierazleak ere.
  • Erregistro publiko eta borondatezko bat sortzea ere aurreikusita dago askotariko interesen ordezkari diren taldeek informazioa goiztiarra eta zehatza jaso dezaten eta politika publikoak taxutzeko prozesuetan parte har dezaten. 

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean Euskal Herri Administrazioaren Lege Proiektua azaltzeko. Izan ere, Gobernu Kontseiluak irailaren 16an onartu ondoren, legebiltzarrean izapidetzeko fasean sartuko da lege-proiektua. 

Euskal Herri Administrazioaren Lege Proiektuak 1980ko hamarkadatik datorren esparru juridikoa eguneratuko du; horrez gain, botere publikoen antolamenduan eta jardunean balio-aldaketa ere sustatu nahi du proiektuak. Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak azaldu duen moduan, proiektu horren bidez erantzun egin nahi diote herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantzarik ezari, desafekzio politikoa delakoari, baita egungo konplexutasun sozial, ekonomiko, kulturak eta teknologikoei ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei, fundazio publikoei eta partzuergoei eragiten die araudi berriak.  Bi bloke nagusitan egituratuta dago: 

  • Euskal Sektore Publikoaren sailkapena, osaera eta antolamenduaegituraren, funtzionamenduaren eta betebeharren erregulazioa; erakunde bakoitzaren eskumenen mugak; administrazioen arteko nahitaezko lankidetza eta koordinazioa, eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak, eta abar. 
  • Gobernu onaren printzipioen erregulazioapolitika publikoetan gardentasuna, herritarren partaidetza, plangintza eta ebaluazioa; administrazio-sinplifikazioa; publizitate aktiboa; informazio publikoa eskuratzeko bermea, eta abar. 

BALIO ALDAKETA 

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak adierazi du proiektuak bere egin duela zeregin publikoa kalitatezkoa izan dadin herritarrei erabat irekita egon behar dela eta haiekiko elkarreragina sustatu behar duela; horregatik, Euskadin zerbitzu publikoa gobernatzeko eta administratzeko era berri bat gauzatzeko hainbat tresna eta konpromiso jasotzen ditu, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen profil handiak erantsita.

Hala, berritasun nagusien artean, nabarmendu du legegintzaldien hasieran Jaurlaritzak «Gobernu Plan» bat prestatuko duela, eta plan, programa, jarduera eta helburu estrategikoak zehaztuko dituela, baita horiek lortzeko beharrezko baliabideak, aurreikusitako epea, gauzatzeaz arduratuko diren organoak eta jarraitu eta ebaluatu ahal izateko adierazleak ere.  «Gobernu Plan» hori legebiltzarrean aurkeztu eta EHAAn argitaratuko da.

Askotariko interesen ordezkari diren taldeentzako erregistro bat sortzea da testuaren beste berritasun bat. Erregistratzea borondatezkoa izango da, baina horri esker eskubidea izango dute prozesu parte-hartzaile guztiei buruzko komunikazio goiztiar eta zehatza jasotzeko.

Gainera, Euskal Herri Administrazioak gehienez 15 eguneko epean erantzun beharko die herritarren informazio-eskaerei. Horrela egin ezean, herritarrek «Gardena Gardentasunaren Euskal Agentzia»ra jo ahal izango dute. Informazio publikoa eskuratzeko eta ahalik eta gardentasunik handiena egoteko eskubideen arloan sortzen diren auziak ebatziko ditu sortu berriko organo independente horrek; horrez gain, eskubide horretarako legezko mugei buruz ere ebatziko du datu pertsonalen babesa, segurtasun publikoa, bizitza pribatua, sekretu profesionala edota jabetza intelektual eta industriala oinarri hartuta.

Jaurlaritzak garatzen dituen araudien eta dekretuen prestaketan parte hartzeko eskubidea aitortzen die herritarrei, orobat, Herri Administrazio Legearen Proiektuak. Izan ere, Erregelamenduetarako Herri Ekimenasortuko dute, herritarrek eragiten dieten arauak sortzen parte hartu ahal izateko. 

Helburu berarekin, Gobernu Irekiaren Plataforma sortuko dute, eta honako funtzioak izango ditu: EAEko Administrazio Publikoa eta herritarrak etengabe harremanetan jartzea, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea. 

ERAKUNDE PUBLIKOAK

Euskal sektore publikoaren sailkapenari, sorrerari eta antolaketari dagokienez, proiektuak irizpide izugarri zorrotzak eta murriztaileak ezarriko ditu. Jaurlaritzak edo legebiltzarrak irizpide horiek bete beharko ditu erakunde publiko berriak sortzeko. Adibidez: 

  • Sortzeko beharra egiaztatu beharko dute.
  • Bikoiztasunik ez dagoela bermatu beharko dute. 
  • Berezko nortasun juridikoa duten erakundeak eratzea onartuko da erantzun beharreko interes orokorra edo eman beharreko zerbitzua administrazio nagusitik lortzerik ez dagoenean soilik.
  • Ekimen pribatuak zerbitzu edo prestazio jakin bat eskuratzea behar bezala bermatzen ez duenean baino ez da onartuko zuzenbide pribatuaren mende jarduten duten erakundeak eratzea.
  • Erakunde berriak eratu edo lehendik dauden beste batzuetan parte hartu ahal izateko, egiaztatu beharko da interes orokorrari ezin zaiola eraginkortasunez erantzun une horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoa osatzen duten giza eta antolamendu-baliabideen bitartez.
  • Herri-administrazioko bestelako organoek edo sektore publikoko bestelako erakundeek ordura arte betetzen zituzten eginkizunak hartuko dituzten erakundeak sortzen badira, halaber, berrantolatu egin beharko dira baliabideak ezinbestean, eta aipatutako eginkizun edo eskumen horiei dagozkienak murriztu, ezabatu edo eskualdatuko dira.

Erakunde publikoak sortzen diren unetik, beren eraginkortasuna ebaluatuko da, helburuen eta xedeen betetze maila, erabilitako baliabideak eta lorpenak ezagutzeko. Euskal Herri Sektoreko Erakundeen Erregistroan izena eman beharko dute, halaber; azken horrek horien egitura, antolamendua zein bestelako erakunde publiko edo pribatuetan duten partaidetza jakinaraziko ditu. Erakunde publiko guztiek lege honek ezartzen dituen publizitate aktiboko eta informazioa eskuratzeko eskubideak bete beharko dituzte. 

PUBLIZITATE AKTIBOA 

Publizitate aktiboari dagokionez, Josu Erkorekak azaldu du proiektuan finkatutako eskakizun-mailak Estatuko legedian ezarritakoak baino zorrotzagoak direla. Esate baterako, Jaurlaritzak herritarren esku jarri beharko du hauei buruzko informazioa:

  • Kontratazio-mahaien osaera, aktak eta kontratatzeko prozeduren behin betiko ebazpenak, parte-hartzaile guztiek lortutako puntuak barne, baita bidean dauden azpiegitura-lanak ere, horien xedea, kontratista, esleipenaren zenbatekoa, gauzatzeko epeak, egindako aldaketak eta abarrak azalduta.
  • Goi-kargudunen izendapenak eta kargugabetzeak, horien eginkizunak, bestelako jarduerekiko bateragarritasunari buruzko ebazpenak, horien agenda publikoak eta elkarreraginerako helbide elektronikoak.
  • Emandako laguntza eta diru-laguntza guztien zerrenda eta horien zenbatekoa, bai eta pertsona onuradunen zerrenda ere. Alderdi politiko, enpresa-erakunde eta sindikatuen kasua da, bai eta legez ezarritako diru-laguntzen edo laguntza publikoen hartzaile diren pertsona indibidual edo juridikoena ere. 

Informazioa tratatzeko, berrantolatzeko eta berrerabiltzeko moduan eman beharko da, hau da, formatu digitalean, estandarrean eta irekian, kontuak benetan emateko, leku bakarrean, Gobernu Irekiaren Plataforman.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IraideOlalde
    2014.eko azaroak 26

    Comentario de Twitter:
    Erkoreka apela al cambio en la organización y actuación de los poderes públicos para responder a la desafección ... http://t.co/abyXbbPhgo

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)