Berriak Lehendakaritza
Eu

Adierazpen Instituzionalaren, azaroaren 25a "Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna" dela eta. (2014-11-25(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko azaroak 25

LABURPENA

AZAROAREN 25-koADIERAZPEN INSTITUZIONALA
"EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA"

Azaroaren 25a dela-eta, hau da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aitortutako "Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna", Eusko Jaurlaritzak indarkeria sexistaren espresio mota guztien aurrean bere gaitzespena agertu du, gogoratuz indarkeria mota hau gizartean dagoen emakume eta gizonen berdintasun ezaren ondorio dela.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa...), bai eta sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne.

Ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere. Honek konpromiso aktiboa eskatzen du emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan, bereziki haur eta gazteekin, eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen lagunduko diegu eta.

Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria mota honen jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean baitago.

Adierazpen honekin, Eusko Jaurlaritzak bat egiten du emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespen eta salaketarekin eta gogoratu nahi du berdintasun politikak direla era honetako indarkeriak eragiten duen arazoa konpontzeko bidea, izan ere, emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen berdintasun ezaren erakusle latzena baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau