Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Eusko Jaurlaritzak 2014ko Korta Sariak eman ditu

2014-11-25

Teodoro Cid Chamorro, Xabier de Irala Estévez, Ricardo Garate  Crucelegi eta Manuel Iraolagoitia Oregui izan dira aurtengo saridunak

Iñigo Urkullu lehendakariak 2014ko Korta sariak eman ditu, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiarekin batera. Lan-ibilbidea eta enpresarekiko konpromisoa aitortzen dituzte urtero sari horiek. Teodoro Cid, Xabier De Irala, Ricardo Garate  eta Manuel Iraolagoitia izan dira aurtengo saridunak.

Lehendakariaren iritziz Joxe Mari Kortak zituen balioen lekukoa hartu dute enpresaburu horiek. Eta balio horiek «ahalegina, konpromisoa, erantzukizuna eta taldeko lana» dira Urkulluk azaldutakoaren arabera. Berrikuntzaren, kudeaketa aurreratuaren eta barneko zein antolamenduko egiturak egokitzearen alde egin duen enpresa-eredua osatzen dute guztiek. 

ELKARRIZKETA SOZIALA

Horiek horrela, elkarrizketa sozialerako deia egin du lehendakariak, «lehen mailako» tresna delako «enpresa eratzen eta osatzen duten pertsonen arteko elkarguneak bilatzeko».

Lehendakariak esan du funtzionatzen duen enpresa enpleguaren eta herri-ondasunerako ekarpenaren sinonimoa dela, eta enpresaburuen figura aldarrikatu du. Izan ere, arriskatzeko eta ekiteko beren erabakiari esker, «herria eraikitzen dute».

EKONOMIAREN HAZKUNDEA

«Ekonomia hazkunderantz aldatzen ari da» eta Jaurlaritzaren ardura da aldaketa hori laguntzea, adierazi du Urkulluk. Hartarako, Jaurlaritzak 1.200 milioi euro inbertitzea aurreikusi du. Hazkunde hori finkatzea da enplegua sortzeko giltza. Aurreikuspenen arabera, enplegu garbiaren bidera itzuliko da Euskadi datorren urtean. 

MEMORIA

Saridunen lan-ibilbidea nabarmentzen ez ezik, José Mari Kortaren memoria ere aldarrikatzen dute sari hauek, duela 14 urte ETAk hildako euskal enpresaburuarena, alegia. «Ibilbide garbiko pertsona izan zen, konpromisoko eta enpresako pertsona», adierazi du lehendakariak. Azaldu duenez, iragana gogora ekartzeaz gain, memoria «etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko oinarria ere bada. Memoriarik gabe ez dago adiskidetzerik, ez dago bakezko elkarbizitzarik, ez dago etorkizunik», gehitu du Urkulluk

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)