Berriak Segurtasuna
Eu

Ia bost mila dira genero edo etxeko indarkeria dela medio Ertzaintzak babesa emandako emakumeak

2014.eko azaroak 23

Guztira, 4.765 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes motaren bat genero edo etxeko indarkeriaren biktima direlako, iazko kopuru antzekoa, beraz. Segurtasun-neurri aipagarrienen artean dago Bortxa telefonoa, 1.103 biktimei esleitutakoa. Eskolta pertsonala dute 34k eta 31 kasutan erabiltzen da eskumuturreko elektronikoa. Lurraldeka, Araban 636 emakume babestu daude, 2.512 Bizkaian eta 1.617 Gipuzkoan.

2000az geroztik, Ertzaintzak emakumeen kontrako tratu txarrak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko jarduera-prozedura arautuak ditu. Egungo protokoloak 2006an jarri ziren martxan. Horien artean azpimarragarriena da arriskuen ebaluazio-sistema, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean osatu zena eta Europan ekimen aitzindari izendatu dutena. Arriskua neurtzeko prozedura hainbat aldiz ikuskatu eta hobetu da, azkena, 2013an.

Ertzaintzak kasu bat hautematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du, etxeko indarkeriako edo genero-indarkeriako espediente batean. Une horretatik aurrera, biktimari babes aktiboa ematen dio euskal poliziak, lotutako arrisku maila gorabehera eta epaileak kasua ebatzi duen edo ez gorabehera. Egun, 4.765 emakume dago egoera horretan: 636 Araban, 2.512 Bizkaian eta 1.617 Gipuzkoan. Duela urtebete, Araban 575 kasu zeuden erregistratuta, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan. Alegia, Euskadin, guztira, 4.746 ziren.

Genero- edo etxeko-indarkeriako espediente bakoitzak kasuaren historia osoa jasotzen du: elkarrizketak, salaketak, agindu judizialak edota bestelako aplikazio informatikoek emandako datuak, besteak beste.

Kasurik larrienetan babesa areagotzeko eta izapide judizialak arintzeko, tratu txarrak jasandako emakumeari ertzainek epaitegira laguntzea eskaintzen zaie, lehen izapide judizialak gauzatzeko. Gainera, gizarte-zerbitzuekin harremanetan dago Ertzaintza, adin txikiko seme-alabei arreta eskaintzeko, tratu txarrak gertatzen direnean.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, hala-holakoa, handia eta berezia. Ebaluazioa etengabekoa da; hau da, arrisku-maila aldakorra da, biktimaren edo erasotzailearen baldintzak aldatu ahala.

Biktima guztiek jasotzen duten lehen segurtasun-neurria autobabesari buruzkoa da. Aurrez aurreko saio bat da, bideo bat erakutsi eta informazio-eskuorri bat ematen dena. Lehen ekintza horren ondoren dator aldian behingo telefono-deien bidezko ikuskapena.

Bortxa larrialdietarako telefono-zerbitzua eskaintzen du Ertzaintzak tratu txarrak jasandako emakumeentzat. Terminal horrek lotura zuzena du Ertzaintzaren koordinazio-zentroarekin, larrialdi kasuetarako, eta kasuaz arduratzen den ertzain-etxearekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak tratu txarrak edo sexu-erasoak jasandako emakumeei eskaintzen dien 24 orduko arreta-zerbitzuaren 900 840 111 telefonorako sarbide erraza ahalbidetzen du. Era berean, besteak beste, GPS bidezko kokapena duen alarma aktibatzeko funtzioa du. Egun, 1.013 dira lanean diharduten terminalak: 171 Araban, 465 Bizkaian eta 377 Gipuzkoan.

Neurrien artean, hainbat zaintza-lan daude, espedienterik larrienetan, eskolta pertsonala edukitzea ekarri dezaketenak. Egun, 34 emakumek daukate eskola pertsonala: 5 Araban, 14 Bizkaian eta 15 Gipuzkoan.

Kasu batzuetan, agindu judiziala medio, erasotzaileari eskumuturreko elektronikoa esleitu ohi zaio, urruntze-agindua betetzen dela bermatzeko. Ertzaintzak, koordinazio-zentroen bidez, gailu horien alarma-abisuak kudeatzen ditu.  Egun, mota horretako 31 eskumuturreko daude aktibatuta: 2 Araban, 21 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan.

Ertzaintzak arlo horretan egindako lana organismo adituek aztertzen dute. Halaber, Ertzaintzak berak emandako arretari buruzko inkestak egiten dizkie biktimei beraiei.

Ertzaintzak lankidetza protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta lankidetza egonkorra du beste polizia-kidego batzuekin informazioa trukatzeko. Lankidetza hori funtsezkoa da batik-bat beren bizitokia behin-behinean edo behin betiko lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuetan.

Halaber, emakume biktimen arreta hobetzeko hitzarmen interinstituzionalaren jarraipenerako batzordearekin, Emakunderekin eta Jaurlaritzako hainbat departamenturekin etengabeko harreman eta lankidetza bideratzen du Ertzaintzat.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko azaroak 24

    Comentario de Twitter:
    Ia bost mila dira genero edo etxeko indarkeria dela medio #Ertzaintza-k babesa emandako emakumeak http://t.co/kGQzwBDy57

Komunikabideek behera kargatzeko