Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko eta babestutako alokairura bideratzeko kanpaina abiarazi du

2014.eko azaroak 21

Eusko Jaurlaritzak pauso berri bat emango du hutsik dauden etxebizitzak erakartzeko eta babestutako alokairura bideratzeko. Hala, «Zabaldu zure ateak. Irabazi ziurra/Abre tu casa. Ganas seguro» komunikazio-kanpaina abiarazi du gaur. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok aurkeztu du.

 

Euskadin hutsik dauden 42.000 etxebizitzetako batzuk babestutako alokairura bidera daitezke etxebizitzak eskuratzeko programa publikoen –Bizigune eta Asap– bitartez ,eta hala, gero eta handiagoa den babes publikoko etxebizitzen eskariari erantzun. Eskaria bereziki handia da gurasoen etxetik joan nahi duten gazteen artean.

Beste autonomia-erkidego batzuetako zifrekin alderatuta kopuru txikia den arren, etxebizitza-parkearen % 6 horren mobilizazioa Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusietako bat da gizarte-politikei dagokienez.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur Bilbon aurkeztu duen kanpainak (Zabaldu zure ateak. Irabazi ziurra) helburu hori du. Mezu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsen jabeak animatu nahi ditu aloka ditzaten. «Etxebizitzarik gabe gizarteratzea ezinezkoa da», esan du Aburtok prentsaren aurrean.

«Etxebizitza duina eman nahi diegu merkatu librean eskuratu ezin dezaketenei, batez ere, krisialdi ekonomikoaren ondorioz egoera okerrean edo baztertzeko arriskuan daudenei», nabarmendu du sailburuak.

Horren truke, Eusko Jaurlaritzak hiru abantaila ematen dizkie etxebizitza hutsak alokatu nahi dituzten jabeei: lasaitasuna, konfiantza eta segurtasuna. Lasaitasunari dagokionez, kontratua amaitzean etxebizitzak ez du kalterik izango eta jabeak ez du ordaindu gabeko gasturik izango. Konfiantzari dagokionez, Eusko Jaurlaritza izango da abal-emailea, bai zuzeneko alokairuaren bidez bai aseguratzaile moduan. Azkenik, segurtasuna, Gobernua bera delako ordaintzen duena errenta, nahiz eta etxebizitza hutsik gelditu kontratua bukatu aurretik, eta aseguratzen dituena gerta litezkeen ez ordaintzeak.

Eusko Jarurlaritzak horretarako, bi programa ditu: Bizigune eta Asap. Lehena urteekin indartu da eta egun 5.100 etxebizitza inguru kudeatzen ditu.

Asap programari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren web orriaren bidez abiarazi dute etxebizitzak eskatzeko eta esleitzeko prozedura berria,agente laguntzaileekin lankidetza estuan, sektore publikoko sozietateen bitartez –Sestao Berri edo Bidebi–, edo sektore pribatukoen bitartez,  higiezinen jabetzako hamar agentek baino gehiagok hartu behar baitute parte.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)