Berriak Osasuna
Eu

Gripearen aurkako txertoa jartzea komeni dela azpimarratu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak aurtengo kanpainaren amaierako fasean

2014.eko azaroak 19

Txertoa eraginkorra dela gogorarazi dute eta arriskuko populazioari deia egin diote berriz ere, hau da, 65 urtetik gorako adineko pertsonei, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei eta haurdun dauden emakumeei. 

2014. urteko gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpainaren azken egunak dira hauek. Kanpaina hori irailaren 29an hasi zen eta arriskuko populazioko 376.000 pertsonari jarri diote txertoa. Kopuru hori iaz data hauetan lortu zena baino handigoa da, baina gehiago hobetu daiteke oraindik.

Osasun sailburu Jon Darpónen hitzetan «gripea prebenitzeko neurririk eraginkorrena txertoa da. Gripeak sor ditzakeen ondorioak saihestea garrantzitsua da, batez ere, 65 urtetik gorako pertsonetan, diabetesa duten pertsonetan, biriketako, bihotzeko eta gibeleko gaixotasun kroniko bat duten pertsonetan eta haurdun dauden emakumezkoetan. Oro har, gaixotasun onbera bada ere, arriskuko talde hauei arazo larriak sor diezazkieke, heriotza barne.

Gogoratu behar da, gripea zutela baieztatu zen ospitaleratze-kasuen % 54,1 ZIUn egon zela iaz. Ehuneko horretako % 67 arriskuko talderen batekoa zen eta ez zegoen txertatuta. Gainera, hil ziren ospitaleratutako 23 pazientetako % 95,7k konplikazio-arriskuko faktoreak zituen gripearengatik eta horietako % 59,1 ez zegoen txertatuta, nahiz eta kanpainaren helburu-taldeetan egon.

Birusaren eragina handiagoa da udazkenaren amaieran eta neguaren hasieran, eta prestatuta egon behar da. Data horiek iritsi baino lehen, txertoa jartzea garrantzitsua da; zeren, gutxienez, gorputzean erantzun immunitario ona izateko, hau da, antigorputzak sortzeko 10 egun behar dira. Txertatuz gero, pertsona sanoek gripea izateko probabilitatea % 50 - 70 bitartean jaisten da, konplikazio- eta heriotza-probabilitatea ere jaitsi egiten da, % 80, gutxi gorabehera.

Urtero txertatzea garrantzitsua dela nabarmendu du sailburuak eta aurtengo birusa aurreko urteetakoen antzekoa dela gogorarazi du, Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenek hori adierazten baitute. Horregatik, jartzen ari diren txertoak aurreikusitako andui guztiak dauzka.

Gripearen eragina maila baxuan dago oraingoz; izan ere, joan den asteko tasa 100.000 biztanleko 14,63 kasukoa izan zen. Datu horiek «Mediku Jagoleen Sareak» eman ditu aurtengo denboraldian ere.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da, hori dela eta, ez da antibiotikoekin tratatu behar.Antibiotikoek ez dute inolako efikaziarik birusen aurrean. Oso kasu jakinetan bakarrik eta beti medikuak aginduta hartu behar dira antibiotikoak.

Gaixotasun hori desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez du tratamendu berezirik behar. Atseden hartzea eta likido eta antitermiko asko kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin hitz egin beharko dugu.

Transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa da prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 19a

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ezkerraldea_enk
    2014.eko azaroak 19

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Salud y Osakidetza insisten aconsejan vacunarse contra la gripe en el tramo final de la campaña http://t.co/jXbZO9M49q

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)