Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko hitzarmen baten sinadura-ekitaldiko burua izan da

2014.eko azaroak 19

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak eta Bordeleko Unibertsitateko errektore Manuel Tuñón Larak Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campus bat garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidente Alain Rousset ekitaldi horren buru izan dira. 

Proiektu hau 2011n abiatutako lan baten bukaera da. Bi unibertsitateen arteko lankidetza estutzen du eta, bai lehendakariaren bai errektoreen aburuz, nazioarteko dimentsioa emango dien «aliantza estrategiko» bat da. 

Euroeskualdeko bikaintasun campus bat sortuko da, goi mailako hezkuntzaren eta ikerketaren arlokoa, eta 100.000 laguni eragingo die, ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak barne hartuta. Hitzarmen horrek Akitania-Euskadi Euroeskualdearen garapen ekonomikoan «palanka eragina» izango du, Urkulluk adierazi duenez. «Helburua elkarrekin haztea eta nazioarteko dimentsioa izango duen unibertsitate-eremu bat sortzea da», gaineratu du.  Nazioarteko Bikaintasun Campusaren sorkuntzak erakundeak eta pertsonak gerturatu eta proiektuak sortzen ditu, Urkulluren arabera. Oinarritik hasita eraikiko den eredu bat da, «Europa eraikitzeko gure eredua», esan du.

Hauek dira zehaztu dituzten helburuetako batzuk: eskaintza akademikoa zabaltzea, ikerketa-eremu berri bat eratzea, Akitania-Euskadiko sare ekonomikoaren balio-sorkuntza bultzatzea eta bi eskualdeen arteko harreman kultural eta linguistikoa indartzea. Gainera, bi unibertsitateen nazioarteko proiekzioa areagotzeko ere lagungarria izango da.

Hitzarmena sinatu ondoren, euroeskualdeko sinposio bat hasi dute. Sinposio horretan, bi presidenteez eta unibertsitateetako bi errektoreez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Unibertsitateetako sailburuorde Itziar Alkorta izan dira, baita Kanpo Ekintzako idazkari nagusi Marian Elorza eta Europako Gaietako zuzendari Mikel Antón ere. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alain Rousset, Iñaki Goirizelaia, Manuel Tuñon de Lara