Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiren interesak defendatuko ditu Europan, nekazaritza-politikaren etorkizunari eta auto elektrikoari buruzko eztabaidan

2010.eko ekainak 08

Eskualdeetako Komitearen 85. osoko bilkura (Brusela, ekainaren 9 eta 10)

▪ Nekazaritza Politika Bateratua dela eta, Eusko Jaurlaritzak defendatuko du nekazaritzak merkatuak ordaintzen ez dituen ondasunak ekartzen dizkiola Europari -esaterako, lurraldearen eta paisaiaren kudeaketa, ingurumena eta baliabide naturalak babestea eta lurralde-kohesioa-, eta horiek guztiek balioa eransten diotela Europar Batasun osoari

▪ Auto elektrikoari buruzko euskal estrategiaren berri emango die han bildutako eskualde europarrei

 

Ekainaren 9 eta 10ean egingo du 85. osoko bilkura Eskualdeetako Komiteak, Bruselan. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echenique jauna izango da Euskadiren ordezkari osoko bilkura horretan.

Euskal ordezkaritzaren agendan, aipatzekoa da, halaber, Guillermo Echeniquek auto elektrikoaren estrategia azalduko diola Eskualdeetako Komitearen barruko "Automobilaren krisia" delako taldeari.

 

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran

Guillermo Echeniquek 27 emendakin aurkeztuko ditu Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran eztabaidatzekoak diren 10 diktamenei buruz, europarroi zuzen-zuzenean dagozkigunak.

Euskal herritarroi zuzenean eragiten diguten kontuei buruz Euskadik zer-nolako jarrera hartuko duen azalduko du euskal ordezkariak osoko bileran, saioan parte hartuko duten Dacian Ciolos -Nekazaritza eta Landa Garapena- eta Michel Barnier -Barne-merkatua eta Zerbitzuak- Europako Komisarioen aurrean; zehazki, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) etorkizunaz, bioaniztasunaz eta gune naturalen kontserbazioaz, eta Europaren biziberritzeaz eta hiri-garapenaz ariko da.

Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma dela-eta, Echeniquek nabarmentzen du "Europako eskualdeek nekazaritza-politika berritu eta indartzearen alde jardun behar dugula. Nekazaritza eta elikadurako sektorea estrategikoa da, eta oraindik ere lehiakorragoa eta irmoagoa izateko aukera daukagu oraintxe".

 

Auto elektrikoari buruzko euskal estrategiaren aurkezpena Europako eskualdeen aurrean

Guillermo Echeniquek auto elektrikoa dela-eta Euskadik zer-nolako estrategia daukan azalduko dio Eskualdeetako Komiteko "Automobilaren krisia" taldeari. Taldea sortu zenetik, Frantziako Bretainia eskualdeko burua koordinatzaile dela, talde horretako kideek erabaki zuten eskualdeen parte-hartzeari indar handiagoa ematea automobilaren sektoreak pairatzen duen krisiari aurre egiteko proposamen eta ekimenen bila.

Eusko Jaurlaritzak, hasiera-hasieratik hartu du parte Europan landu den eztabaida horretan, bai eta instantzia europarrek aurrera eraman dituzten kontsulta publikoetan ere, eta bat egin du ibilgailu garbi eta energiaz eraginkorrei buruzko lehenengo estrategia europarrarekin (duela gutxi Europako Batzordeak aurkeztua).

Ezin aipatzeke utzi ibilgailu elektrikoa izan dela lehentasunetako bat Espainiarentzat Europar Batasuneko lehendakari izan den bitartean. Are gehiago, kontu horri buruzko eztabaida aurtengo otsailean piztu zen, Lehiakortasuneko Ministroen Kontseilu Informala Donostian bildu zenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia