Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Basque Ecodesign Meeting topaketan ekodiseinuaren aplikazio sektorialak aztertzeko zortzi saio tematiko egiten ari dira

2014.eko azaroak 17

Zortzi saio paralelo egiten ari dira eta horietan ekodiseinuaren aplikazioaren adibide zehatzak aurkeztu dira, hainbat ikuspegitatik begiratuta, ekodiseinuaren inguruko Europako hegoaldeko topaketa handiena den Basque Ecodesign Meeting-aren eremuan.

Hala, Life Cycle Thinking aplikatzen duten metodologiak aztertzeko eta produktuaren diseinu jasangarrian aplikatutako kostuen azterketa jorratzeko saio bat egiten ari da. Bizi-zikloa kontuan hartzen duten tresna berriak aurkeztu dira eta manufaktura eta zerbitzu sektoreetan nola aplikatu eztabaidatu da.

Beste saio paraleloetako batean, zerbitzu ekosistemikoak aztertzen ari dira, zerbitzu horiek enpresentzako aukeratzat hartuta. Saio horretan, "Enpresa eta zerbitzu ekosistemikoak" gida aurkeztu da eta azpiegitura berdeen inguruko mahai-inguru bat antolatu da.

ETEek ekodiseinuan duten rola izan da beste saio paralelo bateko aztergaia. Saio horretan, enpresa batzuen kasu arrakastatsuak aurkeztu dira, adibidez: SteelcaseBSH eta Nicolás Correa enpresenak. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolak eta Mondragon Unibertsitateak aurrera daramaten Euskal Autonomia Erkidegoko Ekodiseinu Ikasgelak proiektua azaltzeko gune bat egon da eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Joan Rieradevallek, Europan ekodiseinu arloan itzal handiena duen adituetako bat, ere topaketetan parte hartu du.

Laugarren saioan bizi-zikloaren bukaera eta kudeaketa-sistema integratuak jorratu dira; bosgarrenean, berriz, ekodiseinua enpresen marketin-estrategiatzat hartuta aztertu da. Azken horretan, komunikazioa hobetzeko eta produktuaren ingurumen-ezagutzarako merkatuko tresnak aurkeztu dira.

Ekodiseinua, mugikortasun, elikadura eta egur sektoreekin lotuta

Mugikortasunaren sektorearekin lotutako berariazko saio bat egin da eta bi bloke izan ditu: bata, itsas, trenbide, aeronautika eta automobilgintza azpisektoreetako joerak identifikatzera zuzendua; eta bestean, enpresa batzuen kasu praktikoak aurkeztu dira, esaterako, BoeingAirbusAernnovaWartsilaLKS eta CIE Automotiverenak.

Horrez gain, elikadura sektorean aplikatutako ekoberrikuntzaz eztabaidatu da, AZTI-Tecnaliak koordinatutako saio batean. Bizi-zikloaren azterketa aipatu da, elikaduraren eta nekazaritzaren industriarekin lotuta, ikuspuntu estrategikotik hasita, Europan ingurumen-eraginak arintzeko neurri gisa, ingurumen-etiketatzerako tresnen bidez duen komunikazio-ahalmeneraino. Elikadurarena da Europako Batzordeak lehentasunezkotzat jotzen duen sektoreetako bat.

Azkenik, Habic, Euskal Autonomia Erkidegoko ekipamendu, egur eta diseinu klusterrak, habitataren, bulegoaren, egurraren eta contract-aren sektorearen jasangarritasunari buruzko berariazko saio bat koordinatu du. Saio horretan, sektoreari Europa mailan eragiten dioten ekoberrikuntzako estrategia nagusiak identifikatu dira, baita jasangarritasuna eta ingurumena sustatzeko egindako ekintza nagusiak ezagutarazi ere. 

Basque Ecodesign Meeting ekodiseinuari buruzko bi urtean behingo nazioarteko topaketa da. Laugarren batzarra gaur, azaroak 17, egiten ari da, Bilboko Euskalduna jauregian, Basque Ecodesign Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak –Ihobe sozietate publikoaren bitartez– antolatuta.

Ia 400 pertsona eta 80 hizlari inguru parte hartzen ari dira. Ekitaldiaren garapena Twitter-en bidez jarraitu ahal da, ecodesignBEM2014 etiketa erabiliz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)