Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta Bilboko Udalak akordioa sinatu dute, arlo soziosanitarioko baterako batzordea sortzeko

2014.eko azaroak 13

Batzorde Soziosanitarioa Bilbao Basurto ESIren eta Bilboko Udalaren artean

  • Dokumentu horretan Bilboko arlo soziosanitarioaren diagnostikoa eta gerora arlo horretan gauzatu beharreko ekintzak bildu dira.
  • Ereduaren oinarria esparru sozialaren eta sanitarioaren arteko ekintzak koordinatzea da eta helburu nagusia, berriz, Bilboko gizarteko sektorerik ahulenei emandako laguntza hobetzea, ekintza koordinatuaren bidez.

Bilbon, 2014ko azaroaren 13a. Ibon Areso Bilboko Alkateak, Jon Darpon Osasun Sailburuak, Jon Etxebarria Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Michol Gonzalez Bilbao Basurto ESIko gerenteak akordioa sinatu dute gaur Bilbon, Bilboko Udalak eta Bilbao-Basurto Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) aurrerantzean egingo dituzten jarduerak koordinatzeko eta hobetzeko.

Helburua, sistema bien sinergiak batzea da, premia sanitario eta sozialak dituzten pertsonei zuzendutako baliabideak optimizatze aldera; hartara, eraginkortasun eta eragingarritasun handiagoak lortuz eta laguntza horri jarraipena emanez.

Bilbotarrekin egindako kontratu honekin, Osakidetzak eta Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Lankidetza eta Osasun eta Kontsumo sailek, batera eta modu koordinatu eta sinkronizatuan jardunda, bilbotarrei zerbitzu soziosanitario hobea emateko konpromisoa hartu dute, horrela osasunaren,  ekitatearen eta bizimoduaren kalitatearen arloan emaitza hobeak lortzeko. Euskal erakundeek bideratutako ekintzak biltzen dituen eredu berri honen bizkarrezurra pertsonak dira eta bere oinarria, berriz,  esparru sozialaren eta sanitarioaren arteko ekintzak koordinatzea. Ikuspegi horri esker, azken onuraduna pertsona bera da, oro har.

Faktore sozialak

Bilboko Udaletxean gaur sinatu den akordioan jasota dagoenez, medikuntzaren eta bioteknologiaren arloetako etengabeko aurrerakuntzak direla-eta luzatu egin da bizi-itxaropena. Zenbait azterlanen ondorioen arabera, pertsonen bizitzaren azken 10 urteetan zelanbaiteko menpetasuna agertzen da eta, hortaz, pluripatologia kronikoa ere bai.

Azken hamarkadetako aldaketa soziodemografikoek gizartea pixkanaka zahartzea ekarri dute eta horrek bere isla du biztanleriaren piramidean eta aldaketak eragin ditu familia “tradizionalaren” ereduan: seme-alaba gutxiago, gero eta bizikide zaharragoak; familia gurasobakarrak, kide bakarreko familiak, kideak sakabanatuta han-hemen, emakumea lan-munduan sartzea.

Bizitzeko erak bilakaera handia izan du; balio eta erantzukizun pertsonal, familiar eta sozial berriak ezarri dira: Ongizatearen Egoera eta zerbitzuen eta prestazioen sareak finkatzea, eskubide subjektiboaren onarpenarekin.

Era berean, premia sanitarioak eta sozialak bereizten dituen marra gero eta lausoagoa da; beraz, ezinbestekoa da aldi berean edo modu sekuentzialean jardutea sektore sozialen eta sanitarioen artean, arreta osagarria eta koordinatua lortzeko.

Testuinguru honetan azpimarratzekoa da bilbotarrentzat ekimenarekin bat eginda dauden Udaleko Gizarte Ekintza, Berdintasun, Lankidetza eta Osasun eta Kontsumo sailen jarduerak duen garrantzia; izan ere, hainbat eta hainbat pertsonari ematen diote zerbitzua urtean zehar, komunitate mailan eta prebentzio arloan ere jardunda eta gizarte-zerbitzuen jomuga diren hiru zutabeei erantzunda: babesa/babesik eza, menpetasuna/autonomia eta bazterketa/gizarteratzea. Laburrean esanda, milaka hitzordu eta ekintza udalaren eta erakundeen laguntzarik gehien behar duten bilbotarrei.

Errealitate soziosanitarioaren ezagutza egoki horri esker, programa hobeak hedatu eta sinergia guztiak baliarazi ahal izango dira, lehenengo fasean lehen mailako arreta-esparruan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako beste esparru batzuekin izan beharreko ezinbesteko koordinazioa ahaztu gabe.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ibon Areso Bilboko Alkatea; Michol Gonzalez Bilbao Basurto ESIko gerentea