Berriak Osasuna
Eu

Erakundeen arteko protokolo batek lagunduko du haurren babesgabetasun kasuak hobeto atzematen osasun arloan

2014.eko azaroak 12

Donostia, 2014ko azaroaren 12a.– Erakundeen arteko protokolo berri batek lagunduko du haurren babesgabetasun kasuak osasun arloan hobeto atzematen  eta euskal osasun zerbitzuko langileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuak koordinatzen. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak, Euskop Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak protokoloa sinatu dute, eta azpimarratu dute “erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela haurren eskubideen babesteko”.

Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak, Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendari nagusi Euken Barreñak aurkeztu dute,  gaur, protokolo hau, zeinaren helburu nagusia den osasun zerbitzuetako langileen eta gizarte zerbitzuetako langileen arteko lankidetza sistematizatzea, tratu txarren susmoen aurrean edo familiek arretarik gabe utzitako haurren kasuetan esku hartu behar dutenean.  Protokolo oso bat da, berariazko egokitzapenez osatua hainbat ataletan: lehen mailako arreta; pediatriako larrialdiak eta ospitaleratzeak; neonatologia,  ama berriak eta erditzeak; larrialdiak eta osasun mentalaren sarea.

Osasun arloko profesionalak etengabeko harremanean daude adingabeekin eta, horregatik, funtsezkoak dira haurren babesgabetasun egoerak atzemateko. Osakidetza da, hain zuzen, udaletako gizarte zerbitzuek eta Foru Aldundiko gizarte zerbitzuek jasotzen dituzten jakinarazpen askoren iturria; izan ere, osasun arloko langileek harreman zuzena dute haurrekin haien hazkundeko etapetan zehar, eta haurrak egoera zail bat bizi duela edo laguntza behar duela antzeman dezakete. Horregatik, egokitzat jo da lehendik datorren osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen arteko lankidetza arautu eta sistematizatzea.  

 

Zer egoeratan arautu den osasun arloko profesionalen eta haurren babeserako zerbitzuen arteko koordinazioa:

 a) osasun arloko profesionalek tratu txarren susmoa dutenean edo zaintzan utzikeria antzeman dutenean;

 b) ) ama batek osasun-zerbitzuan adierazten duenean haurdun dagoela (edo umea izan duela) eta semea edo alaba adopzioan eman nahi duela;

 c) gizarte-zerbitzuek, kasu horietako batean, informazio garrantzitsua eskatzeko esku hartzen dutenean;

 d) egoera larrietan, banantzeko legezko neurria gauzatu behar denean, adingabea ospitaleratuta dagoela; eta

 e) gizarte zerbitzuek sail arteko ekintza mediko garrantzitsuren bat eskatzen dutenean, kasu baten diagnosia egiteko.

Dokumentuan adierazten da egoera horietan profesionalak norengana, eta nola,  jo behar duen informazioa trukatzeko, eta zer epetan jo behar duen.

 

 

2014ean Foru Aldundiak hartutako adingabeak

 

- Jakinarazpenak: 2014ean, Foru Aldundiak 313 jakinarazpen jaso ditu haurren babes-gabeziaren inguruan.

 

- Babesteko legezko neurriak: urtean zehar 195 babes neurri hartu dira. Gaur egun, 627 daude indarrean. Haur horietatik, 333 familia harreran daude; eta 297, egoitza harreran.

 

- Familian bertan egindako esku hartzeak: 705 adigabe izan dira gizarte eta hezkuntza esku-hartzeko programetan edo esku-hartze terapeutikoko programetan hartuak. Programa horiek adingabea familiatik atera gabe egiten dira.

 

Azken urteetako eboluzioa

Urtetik urtera gora doa jakinarazpen kopurua, eta horrek behartzen gaitu arreta baliabideak handitzera. Gure ustez, igoera horren arrazoia haurren babes-gabezia egoerak detektatzeko gaitasun handiagoa da.

   

Antzeko beste protokolo batzuk

Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak antzeko protokolo bat dute ikastetxeetan gertatzen diren haurren babes-gabeziak detektatzeko eta irakasleen eta foru eta udal gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko, haurren babesari dagokionez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatua; Euken Barreña, Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendari nagusia