Berriak Segurtasuna
Eu

Azken hogei urteetan emakumezko gidarien kopurua % 65 handitu dela adierazten du Segurtasun Saileko txosten monografiko batek

2014.eko azaroak 12

Kalean eta errepidean istripuren bat izan zuten 15.278 pertsonek. Horietatik % 72 gizonezkoak izan ziren; emakumezkoak, aldiz, % 28

Berdintasunerako XI. Foroaren baitan bide-segurtasuna eta generoari buruzko jardunaldi bat ireki du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevorekin batera gaur Bilbon. Azken hogei urteetan, EAEn gidatzen duten emakumezkoen errolda % 65 handitu dela adierazten du Segurtasun Saileko zuzendariak jardunaldian aurkeztu duen txosten monografikoak. Datu horiek eta beste batzuk webgune honetan ikusi daitezke: www.trafikoa.net.

EAEko azken urteko erroldan gidabaimena zuten pertsonak, guztira, 1.232.093 ziren. Horietatik % 59,5 gizonezkoak ziren eta % 40,5 emakumezkoak. Gidarien errolda globala % 35 igo da 1993. eta 2013. urteen artean. Emakumezkoena % 65, gizonezkoena, berriz, % 20. Gizonezkoen ehunekoa % 67koa izan zen 1993. urtean; emakumezkoena, ordea, % 33koa. Zifrak, hurrenez hurren, % 60ra eta % 40ra gerturatu ziren 2013. urtean.

Ezbehar-tasa

Ezbehar-tasei dagokienez, EAEko errepideetan istripuren bat izan zuten pertsonak, guztira, 15.278 izan ziren 2013. urtean. Pertsona horietatik % 72 gizonezkoak ziren, % 28, berriz, emakumezkoak. Ehunekoak antzekoak dira lesio larriagoak izan zituzten pertsonen artean. Gainera, datu hori lurralde historiko bakoitzean errepikatzen da.

Istripuren bat izan zuten gidariak hartzen baditugu kontuan soilik, aldeak are handiagoak dira. Izan ere, % 76 gizonezkoak ziren eta % 24 emakumezkoak. Emakumezkoen aldeko datu hori urteen joanean mantendu egin da, monografikoan jasotako datuen arabera. Hala ere, pixkanaka txikitu egin da aipatutako alde hori. Zeren ezbeharren batean tartean egon ziren emakumezko gidarien ehunekoa % 14koa izan bazen ere 1993. urtean, 2013. urtean % 24ra igo zen.

Datu horiek interpretatzerako orduan, hala ere, beste parametro batzuk hartu behar dira kontuan. Parametro horiek, esaterako, normalean gidatzen duten pertsonen kopurua (generoaren arabera) edo egiten duten kilometro-kopurua dira.

Zirkulazioko ezbehar-tasei dagokienez, generoen arteko aldeak ez dira hain handiak kolektibo batzuetan. Adibidez, ibilgailuren batek harrapatutako pertsonen kolektiboan (istripu-mota hau emakumezkoek izan ohi dute). 2013an ibilgailuren batek harrapatutako gizonezkoak % 52 izan zirela adierazten dute datuek; emakumezkoak, berriz, % 48 izan ziren. Urte horretan, istripuren batean inplikatuta egon ziren emakumezkoak % 28 izan ziren. Ibilgailuren batek harrapatutako emakumezkoak, berriz, guztizko kopurutik % 48 izan ziren.

Zorionez, ibilgailu-harrapatzeak (zirkulazio-istripu guztiak bezala) jaitsi egin dira urteek aurrera egin ahala. Izan ere, 1993. urtean, 325 gizonezkok eta 205 emakumezkok ibilgailu-harrapatzeren bat izan zuten; 2013. urtean, aldiz, kopuru horiek jaitsi egin ziren 90 gizonezkok eta 82 emakumezkok izan baitzuten ibilgailu-harrapatzeren bat. Eta hiriko ibilgailu-harrapatzeei buruz jarduten badugu soilik, aldeak gutxitu egiten dira, batik bat, 64 urtetik gorako hildakoen edo larriki zauritutakoen artean.

Sexua, adina eta alkoholemia-kontrolak

Alkoholemiagatiko positiboetan gizonezkoek alde handia ateratzen diete emakumezkoei. Positibo horien ehunekoa txikiagoa da emakumezkoetan gizonezkoetan baino, adin-talde guztietan. Ertzaintzak 2013. urtean alkoholemiako prebentzio-kontroletan jasotako positibo horiek sexuaren eta adinaren arabera banatzen baditugu.Guztizko kopurua kontuan hartuta, kontrolen bat egin zuten gizonezkoen % 20k positibo eman zuen. Aldiz, emakumezkoetan, kopurua ia erdia izan zen.

Ertzaintzaren prebentzio-kontrolak ausazkoak direla aintzat hartu behar da, alegia, ez da kontuen hartzen gidariaren sexua.

Errepide-sentsibilizazioari eta -berrezitzeari buruzko ikastaroak

Puntukako gidabaimena martxan jarri zenetik (2006ko uztailaren 1etik), errepide-sentsibilizazioari eta -berrezitzeari buruzko bi ikastaro egin daitezke. Horietako batzuk hasieran esleitutako puntuetako batzuk galdu dituzten gidarientzat dira. Izan ere, ikastaro horiek gainditu eta aprobetxatuz gero, puntuak lor ditzakete (gehienez, sei puntu). Beste ikastaro batzuk, ordea, esleitutako puntu guztiak galdu ondoren, gidabaimena edo lizentzia berriz lortu nahi dutenentzat dira.

EAEko errepide-sentsibilizazioari eta -berrezitzeari buruzko ikastaroetan parte hartu duten pertsona gehienak gizonezkoak izan ziren 2007tik 2013ra. Zehazki, iaz, % 94 gizonezkoak izan ziren; emakumezkoak, berriz, % 6.

Ondorioak

Monografikoan jasotako datu estatistikoen bidez, ondorio garrantzitsu batzuk atera daitezke:Adibidez:

  • Emakumezkoek gizonezkoen aldean zirkulazio-istripu bat izateko aukera gutxiago dute, zeren emakumezko gidarien kopurua txikiagoa da gizonezkoena baino.
  • Ezbehar-tasako sexuen arteko aldea jaitsi egin da urteek aurrera egin ahala.
  • Emakumezko gidarien ehunekoa nabarmen igo da hogei urtean (% 65). Gizonezko gidarien artean, berriz, gutxiago igo da (% 20).
  • Arrisku-mailaren aldea txikiagoa da ibilgailu-harrapatzeetan, batik bat, hiriko ibilgailu-harrapatzeetan, sexua kontuan hartuan hartzen badugu.
  • Generoen araberako aldeak alkoholemiako prebentzio-kontroletan eta errepide-sentsibilizazioari eta -berrezitzeari buruzko ikastaroko parte-hartzean errepikatzen dira.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @silbiagv
    2014.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TRAFIKOA] Segurtasun saileko te ostena ➡ Azken hogei urteetan emakumezko gidarien kopurua % 65 handitu da ➡ http://t.co/VCuJQ1

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)