Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek HABE eta FEVAren arteko hitzarmena berritu du Argentinan

2014.eko azaroak 08

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta FEVAren (Federación de Entidades Vasco-Argentinas) arteko hitzarmena berritu du Argentinan, La Plata hirian egun hauetan burutzen ari den Euskal Astearen baitan. Saiburuarekin batera, eta erakunde argentinarraren aldetik, federazioaren presidente Hugo Andiazabal izan da sinatzaile.

Urtero sinatzen den hitzarmen honi esker, HABEk hiru arlotan ematen dio laguntza FEVAri. Batetik, euskara klaseengatiko diru-laguntza jasotzen du Argentinako elkarte horrek. Argentinan une honetan 650 pertsona heldu inguru ari dira euskara ikasten HABEk babestuta, 51 taldetan eta 35 Euskal Etxetan banatuta.

Bestetik, Euskal Etxeetan bertan sortutako euskara irakasle argentinarrak sortzea bultzatzen du HABEk, formazioa eskainita. Irakasle izateko konpromisoa hartzen duten eta FEVAk hautatzen dituenen talde bati ikastaroa ematen dio HABEk: euskara ikasten dute, eta euskara irakasteko metodologia ikasten dute. Urte osoan on line jasotzen du ikastaroa talde horrek, eta bi barnetegi trinko antolatzen dira urtero, udan eta neguan. HABEko teknikari bat joaten da Argentinara ikastaro trinko hauek ematera. Egun, 32 pertsona  daude Argentinan programa honetan.

Azkenik, hango egoerara egokitutako euskara metodoak eta ikasmaterialak, “Argentinan Euskaraz” izenekoak, ipintzen ditu HABEk FEVAren esku. Programa honek 25 urte beteko ditu 2015ean. Hori dela eta, Euskal Etxe guztiak lanean ari dira dagoeneko urteurren hori ospatzeko ekitaldian antolatzen.

Omenaldia euskal lanari

Euskal Astearen baitan antolatutako ekitaldien artean, “Omenaldia euskal lanar”i deiturikoan parte hartu du sailburuak. Argentinako Industria Batasunak antolaturiko ekitaldiak, lehen euskal etorkinei aitortza egin nahi izan die: artzain, hesolagile, esne eta okela abeltzain, bai eta enpresen sortzaileei eta ekintzaileei ere –enpresa hauetako asko Argentinako industriaren ikono bihurtu dira eta oraindik ere lanean jarraitzen dute-. Cristina Uriartek nabarmendu duenez, “garai  batean hainbeste tratu itxi zituen euskaldunaren hitza, baliagarria da oraindik ere aurkezpen-txartel gisa. Ohorea da guretzat, euskaldunekin loturiko irudi horrek oraindik ere bizirik jarraitzea, komunitate eusko-argentinarrari esker”.

Euskal Astearen barnean antolaturiko ekitaldiekin bat eginez, sailburuak zenbait erakunderekin ere izan ditu bilkurak. Hauen artean, aipatzekoa da Buenos Aires probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendari Nagusiarekin, Nora Silvana de Luciarekin, izan duen bilera. Bi agintarien arteko solasaldian mintzagai izan dira probintzia honetan Euskal Etxeek duten presentzia batetik –Argentinako guztien ia %50 bertan daude-, eta Zuzendaritza Nagusiak euskal zentroekin duen harremana, bestetik. Hezkuntza eta Kultura Zuzendari Nagusiak Euskadiko emaitza akademikoen gaineko interesa azaldu dio sailburuari,  bai eta Lanbide Heziketak EAEn izan duen bilakaeraren ingurukoa ere (Argentinako Lanbide Heziketaren %70 Buenos Aires probintzian dago kokatua).

Argentinako Euskal Astean izan duen parte hartzearen amaiera gisa, Cristina Uriarte sailburua euskal dantzen gaualdian izango da. Hainbat Euskal Etxetako dantza taldeek erakustaldia egingo dute, gure kulturaren bereizgarri nagusiak belaunaldi gazteei transmititzeko euskal diasporak egiten duen lanaren erakusle.

Atxikitako argazkien azalpena:

-FEVA La Plata 1: Cristina Uriarte eta Hugo Andiazabal FEVAren presindetea, hitzarmena sinatu ondoren.

-FEVA La Plata 2: FEVAren urteroko bilera, La Platako Euskal Astearen baitan

-La Plata 1: Cristina Uriarte La Platako Euskal Etxearen presidente Javier Cluarekin

-La Plata2: Cristina Uriarte, Buenos Aires probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendari Nagusiarekin, Nora Silvana de Luciarekin, bileran

-La Plata 3 eta 4: Cristina Uriarte, La Platako alkate Pablo Bruerarekin solasean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)