Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean arituko dira babesgabetasun egoeran dauden adingabeak zaintzeko prest dauden familiak bilatzeko

2014.eko azaroak 07

Kanpaina honek irakasleak, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako gazteak eta adingabe horien familiak sentikor bihurtu nahi ditu. 25 pertsona eta familia bilatzen dira, hainbat arrazoi direla eta, jatorrizko familiekin bizi ezin diren haurrei beste aukera bat emateko denbora, ahalegina eta konpromisoa emateko prest daudenak, familia batean bizi izatea etorkizun hobearen bermea baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak familia harrerarekiko sentikortasuna eta hedapena indartzea proposatu dio bere buruari. Babesgabetasun egoeran dauden adingabeak zaintzeko prest dauden pertsonak eta familiak aurkitzeko hainbat kanpaina gauzatu ondoren, Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza eskatu du.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak itun estrategikoa gauzatu dute, lurraldean eskolatutako umeen bidez Bizkaiko familiengana heltzeko.

Ikastetxeek tutoretza orduak emango dituzte, familia harreraren onurak hobeto ulertzen laguntzeko. Halaber, horretan interesa duten familiak Familia Harrerako Programara hurbiltzera bultzatuko dituzte.

Baterako kanpaina honen helburua bikoitza da: alde batetik, irakasleak, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako gazteak eta adingabe horien familiak sentikor bihurtu nahi dira; beste aldetik, familiak bultzatuko dira programa hurbiltzera eta, hainbat arrazoi direla eta, jatorrizko familiekin bizi ezin diren haurrei beste aukera bat emateko denbora, ahalegina eta konpromisoa ematera.

Familien horien laguntza beharrezkoa izango da, harrera zentroetan 9 urtetik beherako umerik bizi ez dadin. “Adin hori izanda harrera familia batekin bizi izatea etorkizun hobearen bermea da” adierazi du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak.

Bizkaiak 25 familia inguru behar ditu hainbat adinetako umeak —baina bereziki txikienak— hartzeko.

Eskolako umeen bidez familien arreta erakartzeko, “hainbat material prestatu dira. Horien bidez, ume horien beharrizanak landu eta sakondu ahal izango dira ikasgelan, irakasleek gidatuta” azaldu du Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak. Horrela, bai ikastetxeak bai familiak lehiaketa batean parte hartzera bultzatuko dira. Lehiaketaren helburua Bizkaiko familia guztiek familia harrera hobeto ezagutzea da.

"Nik familia bi dauzkat... eta zuk?” lehiaketa

Aldi berean, Aldundiak "Nik familia bi dauzkat... eta zuk?” izeneko lehiaketa antolatu du. Horren barnean, familia harrerari buruzko kontakizuna edo irudia aurkeztu ahalko da. Lehiaketak bi kategoria izango ditu. “Ikastetxea” kategorian ikasgelaren barneko kontakizuna edo irudia aurkeztu ahalko da lehiaketan. Ikastetxe bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu kontakizunaren modalitatean, baita beste bi ere irudiaren modalitatean. Beraz, ikastetxe bakoitzak lau lan, gehienez, aurkeztu ahalko ditu.

Beste kategoria familiakoa izango da: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako gazteek obrak prestatuko dituzte, horretarako beren familien laguntza izanda. Familia bakoitzak lan bat aurkeztu ahalko du kontakizunaren modalitatean, baita beste lan bat ere irudiaren modalitatean, baina horietako bakar batean jaso ahalko du saria.

Bi modalitateak errazteko, bi erakundeek hainbat laguntza material prestatu dituzte:

  • Unitate didaktikoa, irakasleek lan egiteko eta lehiaketaren proposamenak prestatzeko gidaliburu gisa erabiliko dutenak, baita familia harreraren errealitatearekiko sentikor bihurrarazteko tresna gisa ere. Hilabetetik beherako aldian gauzatuko da, eta bi tutoretza tarte eskatuko ditu, gutxienez.
  • Familientzako informazio liburuxka. Bertan familia harrera azaltzen da, eta lehiaketaren ideia aurkezten da. Horrekin batera, parte hartzen duten ikastetxe guztietatik bidalitako komunikazio-gonbidapena emango da.
  • Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko familia harrerako langile adituen laguntza egongo da, orientazioa emateko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Lehiaketa 2014ko azarotik 2015eko urtarrilaren amaierara bitartean antolatu da. Beraz, 2014-2015 ikasturteko lehenengo hiletan gauzatuko da. Lanak aurkezteko azken eguna 2015eko urtarrilaren 31 izango da.

Argibide gehiago nahi izanez gero, honako hau ikusi: http://www.bizkaia.net/acogimiento

Babes neurria

Familia harreraren helburua adingabeak harrera familia batean garatzen eta integratzen laguntzea da, horretako kideak izango balira bezala. Halaber, gurasoekiko harremanari eutsi, eta hori hobetuko dute, eta itzultzeko prozesuari lagunduko zaio, hori posiblea denean.

Beraz, harrera Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko 3/2005 Legean arautzen den aldi baterako neurria da.

 

Bilbon, 2014ko azaroaren 7an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Ardanza