Berriak
Eu

Azken bi urteetan, ia 1.700 enpresa berri atxiki zaizkio kontsumo arbitrajeko sistemari, Kontsumobideren kanpainei esker

2014.eko azaroak 10

2014ko Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitzeko kanpaina berria

 

Euskadin, ia 15.000 enpresa daude atxikita Kontsumobidek kudeatzen eta eskaintzen duen arbitrajeko sistemara. Sistema honen bidez kontsumoko gatazkak erraz eta azkar konpontzeko aukera dago.

 

Kontsumobidek 2014ko kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitzeko kanpaina abiarazi zuen urriaren amaieran, kontsumitzaileen arbitraje-eskaera gehiago dituzten enpresa-sektoreetako 900 atxikipen gehiago lortzeko. Horretarako, abenduaren 31ra arte, Euskadiko enpresa eta saltokietara bisita pertsonalizatuak egingo dira, bai eta profesionalei ere. Horietan, kontsumoko arbitraje-sistemari buruzko informazioa emango zaie, eta atxikitzera animatuko dituzte.

Kontsumobidek urtero egiten du arbitraje-sistemari atxikitzeko kanpaina enpresa berriak erakartzeko. Azken bi urteetan, 1.667 enpresa berri atxiki dira Kontsumobideren kanpainen bidez; hortaz, "Kontsumobidek kudeatzen eta eskaintzen duen sistema hau tresna soil eta azkarra da,  kontsumitzaileen eta enpresen artean sor daitezkeen kontsumo-gatazkak konpontzeko", nabarmendu du Kontsumobideko zuzendaria den Elena Unzuetak.

Elena Unzuetak azaldu duenez, gainera, kontsumoko arbitraje-sistemaren funtzionamendua "eraginkorra da gatazkak konpontzeko; hartara, auzi luze eta garestiak saihesteko". Izan ere, arbitraje-elkargo inpartzial batek aztertzen du gatazka, eta gehienez 6 hileko epean, laudo bat onartzen du, aldeek nahitaez bete behar dutena.

2013an, 1.204 arbitraje-espediente jaso zituen Kontsumobidek, aurreko urtean baino % 15 gehiago. Arbitrajearen ondorioz, emandako laudoen % 72 kontsumitzaileen aldekoak izan ziren.

 

Arbitraje-sistemari atxikitzea eta bere abantailak

Euskadiko enpresa, saltoki eta profesionalak borondatez egin dezakete bat kontsumoko arbitraje-sistemarekin, Kontsumobideren webgunean dagoen atxikipen-orria (pdf. 68 KB) beteta. Kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitzeak ez du kosturik, ez zerbitzuak erabiltzeagatiko kuotarik; enpresek kontsumitzaileekin dituzten desadostasunak arbitraje-sistema erabiliz konpontzeko konpromisoa hartu besterik ez dute egin behar.

'Atxikitako enpresa. Kontsumoko arbitrajea' logotipoaren irudia'

Gaur egun, 14.951 enpresa (baja eman zutenak edo jarduera eten zutenak kenduta) daude arbitraje-sistemara atxikita, eta beren abantailak baliatzen dituzte.

Zehazki, arbitraje-sistemari atxikitako enpresek:

  • Kalitate-elementu osagarri bat gehitzen diete beren produktu eta zerbitzuei, eta berme-plus bat eskaintzen diete kontsumitzaileei beren erosketetan.
  • Beren bezeroen konfiantza indartzen dute, izen ona irabazten dute eta kontsumitzaile eta bezeroen gogoko dira.
  • Lehiakortasuna handitzen dute.
  • Kide diren enpresen erroldan ageri dira, eta erraz identifika daitezke Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunearen bidez (Atxikitako enpresak. Bilaketa).
  • Atxikipena egiaztatzen duen bereizgarri ofiziala dute, eta arbitraje-zerbitzua beren publizitatean sar dezakete.

 

Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitzeko bereizgarria

Atxikitako enpresak erraz identifika daitezke. Guztiek kontsumo-arbitrajeko kide diren bereizgarri ofiziala dute (beren establezimenduan eta/edo publizitatean).

Hauxe da bereizgarria: bi gezi zuri eta sinbolo ireki bat, hori ere zuria, hondo laranjaren gainean. Kontsumoko arbitrajeko hiru aldeen bat-egitea sinbolizatzen du: kontsumitzaileak, enpresak eta administrazioa.

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroak 10

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko