Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Sakoneko politiketan "norabide aldaketarik" egongo denik ez du ikusten Josu Erkorekak, baina Catalá Ministroak jarrera "irekiagoa" duela baieztatu du

2014.eko azaroak 06

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Justiziaren Administrazioari buruzko Arloko Biltzarraren Osoko Bilkuran parte hartu du gaur goizean Madrilen, eta biltzar horretan Justiziako ministro berria, Rafael Catalá, izan da.

Topaketaren ondoren, Josu Erkorekak bilera komunikabideen aurrean baloratu du. Jarrera-aldaketa dagoela aitortu du; izan ere, ministroak jarrera irekiagoa eta elkarrizketarako prestutasun handiagoa duela adierazten du. Baina, «sakoneko politiketan ez da norabide-aldaketa argirik eta eraginkorrik ikusten», gai eztabaidagarri gehienetan ziurgabetasunak edo zehazgabetasunak jarraitzen du», esan du.

Bilera honetan landu duten gaietako bat tasa judizialena izan da. Gai horri dagokionez, Espainiako gobernuak tasa horiek «aztertu eta doituko» direla ziurtatu duela baieztatu du Josu Erkorekak, baina ez duela azaldu «ez noiz ezta nola ere». Gainera, Rafael Catalák zuzentzen duen Ministerioak doako justizia berrikusiko duela adierazi izana kritikatu du Erkorekak. Baina «doako justiziari tasa judizialek nolako ekarpena egingo dioten ez du zehazten.» «Gizarteak doako justiziaren sakoneko berrikuspen bat eskatzen du», gogorarazi du Erkorekak. Zenbatekoak doitu behar direla adierazi du, zenbateko horiek «proportzionatuak» izan daitezen eta ez daitezen izan «harresi zeharkaezinak» herritarrak justizia eskuratzeko orduan.

Bileran landutako beste gaietako bat Erregistro Zibilena izan da. Estatuko gobernua aurreko Justizia ministroaren jarrera mantentzen «tematuta» dagoela egiaztatu dutela ziurtatu du Erkorekak, eta jarrera hori «okerra» dela uste du Erkorekak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)