Berriak Segurtasuna
Eu

Moto-istripuetan hildakoen eta zauritu larrien kopurua erdia baino gehiago jaitsi da azken hogei urteetan

2014.eko azaroak 06

Euskadiko motozikleten kopurua hiru aldiz handitu da 1993. eta 2013. urteen artean

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak istripu-tasen bosgarren monografikoa azken hogei urteetako «Euskadiko errepideetako motozikleten istripuei» buruz egin du. Txosten hori webgune honetan eskura daiteke:www.trafikoa.net. Txosten horretan, motozikletek hiru lurralde historikoetan etengabeko hazkundea izan dutela nabarmentzen da. Hala, ikus daiteke 2013ko abenduaren 31n motozikleten kopurua 111.176koa zela, 1993. urtean baino hiru aldiz handiagoa. Iazko automobil guztien % 8,6.
 

Hazkundea azken hamar urteetan oso nabarmena da, zeren 1993. eta 2002. urteen artean % 31 hazi zen, baina 2004. eta 2013. urteen artean igoera % 94koa izan da.

1.000 biztanleko motozikleten kopurua aintzat hartuz gero, tasarik altuena Gipuzkoan dago, zehazki, 71 motozikleta 1.000 biztanleko, hots, Arabako 41eko edo Bizkaiko 40ko kopurutik gora.

Baina beste toki batzuekin erkatzen badugu, esaterako, Bartzelonarekin (hiri honetan, 1.000 biztanleko 96 motozikleta daude) edo Balear Uharteekin (1.000 biztanleko 95eko kopurua dago) esan daiteke, Gipuzkoan izan ezik, EAEko motorizazio-maila baxua dela.

Istripu-tasa

Motozikleten istripu-tasari dagokionez, hildakoen eta larriki zauritutakoen kopuruak beheranzko joera izan du, batez ere, Bizkaian. Zeren 1993. urtean hildakoen edo larriki zauritutakoen kopurua 82koa izan zen; aldiz, 2013. urtean 29koa izan zen.

Azken hogei urteetan, hildakoen edo larri zauritutakoen kopurua erdia baino gehiago jaitsi da euskal errepideetako motozikleta-istripuetan. Izan ere, 1993. urtean 147 motorzale hil ziren; iaz, ordea, 63. Hala ere, bestelako trafiko-istripuetan hildakoen edo larriki zauritutakoen kopurua askoz gehiago jaitsi dela ezin da alde batera utzi.

2013. urtean EAEn motozikletako 11 gidari hil ziren. 11 horietako 9 hiriarteko bideetan hil ziren, gainerako 2ak, berriz, hiriko bideetan. 2013. urtean motozikletako 113 gidari edo bidaiari larriki zauritu ziren; horietatik 54 errepidean zauritu ziren.

Motoan bidaiatzen duten pertsonak tartean dauden trafiko-istripuen larritasuna, motoko istripuen % 72an baten bat zauritzen den datuak islatzen du. Aldiz, zifra hori % 25ekoa da automobiletan.

Bestela esanda, motorzale batek trafiko-istripu bat izaten duenean hiltzeko edo larriki zauritzeko probabilitatea sei aldiz handiagoa du moto batean bidaiatuz gero; probabilitate hori jaitsi egiten da, ordea, bestelako ibilgailu batean bidaiatuz gero.

«Moto bat gidatzen duten pertsonak edo moto batean bidaiatzen duten pertsonak ahulagoak dira. Beraz, beraien burua babesteko neurriak hartzea eta arretarekin gidatzea, tentuz gidatzea eta gainerako gidariak errespetatuta gidatzea beharrezkoa da», esan du Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Garbiñe Sáez de Molinuevok. Hala ere, egoera pixka bat hobetzen ari dela adierazi du, zeren biktimak suertatu ziren istripu guztien % 8 moto-istripuak ziren 2005. urtean, baina 2010. urtean % 13 ziren, 2012. urtean % 12 eta 2013. urtean % 11.

Asteburuko istripuak

Motozikleta-istripuak asteko egunen arabera banatuz gero, egunik okerrenak larunbata eta igandea direla ikus daiteke. Euskal errepideetan azken hogei urteetan izan diren moto-istripu guztien % 22 larunbatean gertatu dira, % 17 igandean eta gainerako asteko egun bakoitzean % 12.

Datu hauek istripu-kopuruaren isla ere badira, zeren hildako motorzaleen % 51k eta larri zauritutako motorzaleen % 40k larunbatean edo igandean izan baitzuten istripua. Ostiral arratsaldea gehitzen bada, hildako motorzaleen hamarretik seik eta larriki zauritutakoen hamarretik bostek istripua asteburuan izan zutela ikus daiteke.

Istripu gehien izaten diren ordutegi-bitarteak 13:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 22:00etara dira. Datu horietatik motorzaleek gauez oso gutxi bidaiatzen dutela ondoriozta daiteke.

Adinen arabera, motozikleta batekin istripu bat izateko arrisku handiena duen adin-taldea 24 eta 34 urte bitartekoa dela adierazten dute datuek. Hala, motozikletarekin istripua izan dutenen % 58k adin hori dute; aldiz, % 28k 35 eta 44 urte artean dituzte eta % 12k 18 eta 24 urte artean.

Istripu-mota

Istripu-motari dagokionez, aurrez aurreko eta alboko kolpeek dute istripu-tasarik handiena. Izan ere, errepidean gertatutako motozikletako lau istripuetatik bat mota honetakoa da. Kolpe guztiak batera hartzen baditugu, motoko istripu guztien erdiak martxan doan beste ibilgailu batekin txoke eginda izandako kolpeak direla ikus dezakegu. Txoke horien % 24an motoa galtzadatik irten dela nabarmentzekoa da (ezkerretik % 9an eta eskuinetik % 16an). % 3,7, berriz, galtzadan bertan gertatutako iraultzeak izan dira.

Ezaugarri nagusiak:

  • Istripua izan duten hamar motorzaleetatik bederatzi gizonezkoak dira.
  • Motozikleta-istripuetako erdia baino gehiago, zehazki, % 52 gizonezkoak dira, 25 eta 44 urte artekoak.
  • Hiru faktore nagusi daude, distrazioa, zirkulazioko arauetako baten bat ez betetzea eta abiadura, motozikletek izaten dituzten ezbehar gehienak gertatzeko.
  • Horrelako istripu gehienak asteburuan gertatzen dira, argi eta garbi.
  • Moto-istripuen kopuruaren erdian ez da beste ibilgailurik izaten tartean.
  • Motorzale batek trafiko-istripu bat izaten duenean hiltzeko edo larriki zauritzeko probabilitatea sei aldiz handiagoa da moto batean bidaiatuz gero; probabilitate hori jaitsi egiten da, ordea, bestelako ibilgailu batean bidaiatuz gero.
  • Moto-istripu gehien maiatzean, ekainean eta uztailean gertatzen dira.
  • Azken hiru urteetan hildako edo larriki zauritutako biktimak izan dituzten moto-istripu gehien pilatu dituzten euskal errepideak, berriz, honakoak dira: N-634, GI-636, A-8 eta BI-637.

«Motozikletak erabiltzen dituztenek jakin behar dute nahiz eta ibilgailu-mota honekin maniobrak egitea beste ibilgailuekin egitea baino errazagoa den eta desplazamenduak ere malguago egiten diren, abantaila hori kolpe edo eroriko bakoitzean ahultasun handiago bihur daitekeela. Beraz, motorzaleek arreta handiagoa izatea beharrezkoa da», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzako arduradunak.

Txostenaren ondorioak

Txosteneko ondorioen artean hau da aipatzekoa: nahiz eta motozikleta gainerako ibilgailuak baino malguagoa izan (bere bolumenarengatik eta maniobrak egitea errazagoa delako), motozikletak gidatzen dituztenak ahulagoak dira txoke edo eroriko baten kasuan.

Motoaren erabiltzailea motoa gidatzeak dakartzan arriskuez jabetzea garrantzitsua da eta, era berean, istripuak ez direla zoriz gertatzen eta ia beti ekidin daitezkeela ere jakin behar du. Horretarako, bideko seinaleak errespetatzea garrantzitsua da. Baina hori derrigorrezkoa izateaz gain, gizabidearen eta hezkuntzaren erakusgarri ere bada.

Gehiegizko abiadura, izaera lehiatsuarekin gidatzea, gidatzeko orduan gainerakoei adorea eta gaitasuna erakutsi nahi izatea, eta abar jarrera axolagabeak dira, eta horiekin istripu-arriskuak biderkatu egiten dira.

Oro har, kaskoa erabili behar den arren, ez da bestelako ekipamendu osagarrietan eskasian ibili behar ezta motozikletaren mantentzean ere. Ibilgailuaren egoera txarra dela eta aurreikusi gabeko egoeretan erantzun desegokiak izan daitezke, baina ekipamendu egoki batek lesioak hain larriak ez izaten lagun dezake.

Kontzientziazio-kanpaina motoziklistentzat

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak monografiko hau argitaratu du, baina, aldi berean, irratietan entzuteko kontzientziazio-kanpaina bat ere jarri du martxan. Kanpaina horretan motozikletan bidaiatzen dutenek izan beharreko arreta nabarmentzen du. Arreta hori beharrezko baitute izan dezaketen ahultasunaren ondorioz.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    Moto-istripuetan hildakoen eta zauritu larrien kopurua erdia baino gehiago jaitsi da azken hogei urteetan http://t.co/GPrAikpBXd

Komunikabideek behera kargatzeko