Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Herri Administrazio eta Justizia sailak 225 milioi euro inbertituko ditu 2015ean, hau da, EAE-ren aurrekontu osoaren % 2,1

2014.eko azaroak 10

Jaurlaritzak abian jarriko ditu Bilboko Henao kaleko Euskadiko Fiskaltzaren egoitza berriaren obrak. Haiek gauzatzeko inbertsioa 10,6 milioi euro ingurukoa izango da, eta 2017an amaituta egongo da.  

Justizia arloko gizarte-gastua 32,7 milioi euro ingurura iritsiko da: oinarrizko zerbitzu guztiak bermatuko dira eta Familien Topagune berri bat eraikiko da, auzitegiek bisita-erregimen bat jarri dieten gurasoei zuzenduta.

Kostu judizialak ordaintzeko partidak % 148 egin du gora, Espainiako Gobernuak 2012ko legean ezarritako tasa handien ondorioz gora egin baitute gastuok.  

Herri Administrazio eta Justizia Sailak 225,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean, 2014an baino % 2 gehiago. Sailaren aurrekontu osoaren hiru laurden Justizia eta Justizia Administrazioa arloei dagokie, zeinak 2015ean 167,6 milioi euroko aurrekontua izango baituten guztira, 2014an baino 4,6 milioi euro gehiago. 

Zifra horien bitartez justizia arloko oinarrizko gizarte-zerbitzu eta programa guztiak sendotu ahalko ditu Eusko Jaurlaritzak, baina, horretaz gain, azken urteetan azpiegituretan egin diren lehen inbertsio garrantzitsuak ere gauzatuko ditu; esaterako, Euskadiko Fiskaltzarentzat egoitza berri bat eraikitzea, Bilboko Jabetza Ganbera zegoen lekuan, Henao kaleko 9. zenbakian. 

Jaurlaritzak 2,2 milioi euroko partida bildu du 2015eko aurrekontuan obra-proiektua finantzatzeko, birgaitze-lizentziak ordaintzeko eta, aurreikuspenen arabera, 2017an amaituta izango diren obrak abian jartzeko. Lanen kostua, guztira, 10,6 milioi euro izango dira. Obra-proiektuak eraikinaren kanpoaldea eta forjak errespetatuko ditu, haien balio historiko eta kultural handia dela-eta. Barnealdea, aldiz, erabat hustuko dute 3.000 metro koadro inguru hartuko duten bulego modernoak eraikitzeko.

Azpiegitura judizial berri hori eta tresna informatikoak hobetzeko 2015ean eginiko 5,3 milioi euroko inbertsioa funtsezko urratsak izan dira Euskadiko justizia-administrazioa modernizatzeko eta hura zerbitzu publiko eraginkor, arin eta kalitatezko bilakatzeko bidean. 

JUSTIZIA ARLOKO GIZARTE GASTUA 

Justizia arloko gizarte-gastuak 1,3 milioi euro egin du gora, 2014. urteko aurrekontuarekin alderatuta, eta 32,7 milioi eurora iritsi da. Aurrekontuaren areagotze horri esker Eusko Jaurlaritzak justizia arloko oinarrizko gizarte-zerbitzu guztiak bermatu ahalko ditu 2015ean:   

  • 14,5 mil/€ Doako Laguntza Juridikoko zerbitzurako: Jaurlaritzak % 5,3 handitu du baliabiderik ez duten edo egoera bereziki ahulean diren pertsona guztiek justizia-zerbitzuak doan jasotzeko gastua finantzatzeko 2015eko partida, 2014koaren aldean. Doako zerbitzu horiek honako baliabide ekonomikorik gabeko pertsona hauek erabili ahalko dituzte: inputatuta, atxilotuta edo preso daudenak, genero-indarkeria, sexu-erasoak eta etxeko indarkeria jasaten dutenak, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritarrak, desgaitasun psikikoa dutenak, abusuen edo tratu txarren biktima direnak eta abar. Horretaz gain, partida horrekin Orientazio Juridikoko Zerbitzua abian jartzeko gastuak finantzatzen dira. Zerbitzu horrek aholkularitza eta orientazioa eskaintzen du doan, prozesu judizialen aurretik.  
  • 12,9 mil/€ Gazte Justiziarako: epaileek eta auzitegiek delituak gauzatu dituzten gazteei ezarritako neurrien betetzea finantzatzeko aurrekontuak egonkor jarraitzen du aurreko urteari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak zortzi zentroko sarea du hiru lurraldeetan, baina, horrez gain, «Ingurune Ireki»ko neurriak betetzen ari diren adingabeak gizarteratzeko programa guztiak kudeatzen eta finantzatzen ditu; adierazitako horiek, kasuen % 78,8 dira:beren familia-eremuan geratzen direnean baina eguneko zentroetara joanda; tratamendu anbulatorioa jasotzen ari direnak, zaintzapeko askatasun erregimenean eta zeregin sozioedukatiboekin; komunitatearen aldeko lanak egiten ari direnak; asteburuan etxean izaten direnak eta abar.
  • 1,5 mil/€ Familien Topaguneentzat: partida horrek % 31,5 egin du gora 2014koarekin alderatuta. Gorakada horren arrazoia Eusko Jaurlaritzak apirilean lehen udal-titulartasunekoa zen Barakaldoko zentroaren kudeaketatik eratorritako kostuak bere gain hartu izana da. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak Familientzako Topagune berri bateraikiko du Bilbon; horretarako 120.000 euroko aurrekontu-partida aurreikusi du, eta lanak 2015ean hasiko dira. Instalazio berriak Sagarminaga inguruan kokatuko dira, Bilboko Santutxu auzoan, eta orain daudenak baino modernoagoak eta handiagoak izango dira (Uribarri auzoan daude orain). Hortaz, epailearen aginduz zerbitzu horren beharra duten familiak hobeto izango dira aurrerantzean.  
  • 729.600 € Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzurako: zerbitzu horrek oso larriak ez diren delituak egiten dituzten pertsonei beren espetxe-zigorrak komunitatearen aldeko lanengatik trukatzea edo bestelako gizarteratze-programetan parte hartzea ahalbidetzen diete.
  • 677.600 € Biktimari Laguntzeko Zerbitzurako: adierazitako zerbitzua biktima guztiei eskaintzen die Jaurlaritzak egoitza judizialean bertan. Egoitza horren plantilla indartu egingo da 2015ean eta 11 langile izatetik 16 izatera igaroko da. Justiziaren arloko gizarte-zerbitzu hori da gehien indartuko dena, % 45,6 areagotuko baita dagokion inbertsioa, 2014koarekin alderatuta. Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak ardura berri bat du urte honetatik: biktimei jakinaraztea beren erasotzaileak kartzelatik noiz atera diren.
  • 635.800 €  Bitartekaritza Zerbitzuetarako:zigor arloko eta arlo zibileko auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzuak dira, baita Ekonomisten Euskal Elkargoak arazoak dituzten eta hipoteka ordaintzeko aholkularitza behar duten hipoteka-bitartekaritzako zerbitzuak ere. 
  • 400.000 € Gizarteratzeko eta Laneratzeko Programetarako:Euskadiko presoak gizarteratzeko eta laneratzeko programak dira.

HERRITARRENTZAKO ARRETA 

Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoko arloak 14,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean; horietatik % 58, hau da, 8,2 milioi, herritarrekiko interakzio-tresnetan inbertituko dira. Hau da, batik bat, ZUZENEAN herritarrak artatzeko zerbitzuan, eta Eusko Jaurlaritzaren web-zerbitzuan. Horrek, 2015eko hasieran, erronka garrantzitsu bat izango du: eraldatzea, alegia, «Euskadi.net» izatetik «Euskadi.eus» izatera igarotzea. 

Arlo horretan sartzen dira, gainera, 4,7 milioi euroko zuzkidurak, Euskal Administrazio Publikoaren zerbitzu elektronikoen eredua eta beste erakunde batzuekiko interoperabilitatea finantzatzeko, bai eta zerbitzu elektronikoen baterako plataformaren bilakaerarako ere. 

Azkenik, Jaurlaritzak gardentasunerantz eta gobernu onerantz aurrera egitea ahalbidetuko duten tresnetan 481.600 euro inbertituko ditu. 

KOSTU JUDIZIALEN GORAKADA (% 148)

Eusko Jaurlaritzaren araubide juridikoaren arloak 4,8 milioi euro edukiko ditu 2015ean. Diru hori honako helburu hauetarako erabiliko da: Eusko Jaurlaritzaren defentsa auzitegietan bermatzeko, eskumenak defendatzeko, Gernikako Estatutua egokitu eta garatzeko, arauen kontrola egiteko, eta abarrerako. 

Arlo horren barruan kostu judizialak ordaintzera bideraturiko partidaren % 148ko igoera bildu da. Neurri hori hartu behar izan da Espainiako Gobernuak 2012ko abenduan Tasen Legea indarrean jarri zuenetik prozesu judizialen ondoriozko tasei aurre egiteko. Zehazkiago, kontzeptu horregatik 2015ean 340.000 euro ordainduko direla aurreikusi da. 

Gainera, milioi bat euro bideratuko dira Aholku Batzorde Juridikora; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio guztien aholku-organoaren finantzaziora.  

HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA HERRI ADMINISTRAZIOAN 

Eusko Jaurlaritzak 13,9 milioi euro inbertituko ditu Euskadiko Herri eta Justizia Administrazioetan lan egiten duten pertsonak euskalduntzeko eta haietan hizkuntza normalizaziora jotzeko, hala euskal herritarrek haiekiko hartu-emanak euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko.

ERAKUNDEEN ARTEKO HARREMANAK

Jaurlaritzak 2,3 milioi euro bideratuko ditu 2015ean, iazko ekitaldian beste, honako hauek finantzatzera: erakunde arteko harremanak eta komunikazioak,  Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria kudeatzea eta argitaratzea, fundazioen kontuak eta aurrekontuak aztertzea, udal arloko eta tokiko analisiak eta azterlanak egitea, eta abar.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jonbarrika
    2014.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: I[#PRESUPUESTOS2015] Administración Pública y Justicia ➡ 225,1 millones de euros ➡ http://t.co/N8uFQD0dOc

  • @aitzibersanroma
    2014.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: I[#PRESUPUESTOS2015] Administración Pública y Justicia ➡ 225,1 millones de euros ➡ http://t.co/N8uFQD0dOc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)