NIK Patrika Digitala
Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Oregi: «La Reineta funikularrean Euskadiko garraio txartelak erabiltzeko aukera jasangarritasuna lortzeko aurrerapauso bat da»

2014-11-06

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, La Reineta funikularrean Euskadiko garraio txartelak erabiltzeko aukerak jasangarritasuna lortzen eta garraio publikoa sustatzen lagunduko du. «Barik, Bat eta Mugi txartelen erabileraren etengabeko sinplifikazioak eta bateratzeak ingurua zaintzen laguntzen dute, egunero tranbia, trena eta autobus publikoa erabiltzera animatzen gaituztelako», azaldu du Trapagaranen.

 

Oregik La Reineta funikularra erabiltzeko sistema berria aurkeztu du gaur goizean, Trapagarango alkate Xabier Cuellarekin eta Euskotrengo zuzendari Imanol Lezarekin batera. Hala, Arabako Bat txartela, Bizkaiko Barik txartela eta Gipuzkoako Mugi txartela erabili ahalko dira funikularrean.

 

«Legegintzaldi honetarako gure helburuetako bat Bat, Barik eta Mugi txartel bakarren interoperabilitatea lortzea da, eta horretan ari gara. Horretarako aukera ematen dute Bilboko tranbiak, Euskotrenen Ermua eta Deba arteko ibilbideak, La Reineta funikularrak eta, urte amaiera baino lehen, Gasteizko tranbiak. Udaberrian, horretarako aukera emango du Donostiako dbus zerbitzuak eta aurrerago beste garraiobide batzuetan aplikatuko da –azaldu du Ana Oregik-. Ekimenak esfortzuak eskatzen ditu, sistemak teknologikoki bateratu behar direlako, baina aurrerapausoak ematen ari gara. Gainera, ez gara EAEra mugatuko, Baionara ere zabaldu nahi baitugu».

 

Txartelen interoperabilitatearen helburua erabiltzaileei lana erraztea, garraio publikoa sustatzea eta, bereziki, gure ingurua eta planeta zaintzea da, keinu horren eta egunero tranbia, trena edota autobusa erabiltzeko ohituraren bidez.

 

Cuellar alkatearekin, Euskotreneko zuzendari Imanol Lezarekin eta udaleko beste ordezkari batzuekin batera, Oregik La Escontrilla estazioa bisitatu du eta La Reineta funikularrean ibili da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Cuellar, Manuel Tejada