Elkarlan Sariak
Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
qrcode

Jaurlaritzak aldatu egingo du Enplegu Publikoaren Legearen zirriborroa, zentral sindikalen proposamenak barneratzeko, eta beste mahai orokor bat deituko du

2014-11-05
  • Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak uste du gaurko bileran aurrerapen «kualitatibo eta kuantitatiboak» egin dituztela, eta «oso positibotzat» jo ditu Mahai Orokorrean parte hartu duten zentral sindikalek egindako ekarpen guztiak.
  • Orain, Jaurlaritzak Enplegu Publikoaren Legearen beste zirriborro-proposamen bat egingo du, gaurko bileran hitz egindakoa biltzeko, eta, hilabete baino lehen, beste Mahai Orokor batera deituko ditu sindikatuak, negoziatzen jarraitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazioko Mahai Orokorra egin da gaur goizean, eta gai-zerrendaren puntu bakarra Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektua izan da. Zentral sindikal guziak izan dira bileran –ELA, LAB, CCOO eta UGT–; horiek, bada, Euskal Administrazio Publikoko ia 70.000 langileak ordezkatzen dituzte.

Gobernuaren aldetik, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak eta honako zuzendari hauek parte hartu dute: Juan María Barasorda Funtzio Publikoa), Estefanía Gordoa (Lan Harremanak), María Iruretagoiena (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea), eta Giza Baliabideetako arloko honako arduradun hauek: Jose María Armentia (Osakidetza) eta Karmele Arias (Ertzaintza).

Bileraren amaieran –4 ordu iraun du–, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak «oso positibotzat» jo ditu zentral sindikalek egindako ekarpenak. Zehazki, zera esan du: «Ekarpen batzuk idatziz egin dituzte, alegazio modura, eta beste batzuk ahoz, bileran bertan. Den-denak oso positiboak dira, esan nahi baitute zentral sindikal ia guztiek gure abiapuntua partekatzen dutela: esparru juridiko moderno eta eguneratu bat behar dugula enplegu publikoa arautzeko». Gainera, nabarmendu nahi izan duenez, bileran, «4 orduz egon gara negoziatzen, eta esan dezakegu aurrerapen kualitatibo eta kuantitatiboak egin ditugula».

Aldiz, Funtzio Publikoko sailburuordeak deitoratu duenez, «sindikatuetako baten ordezkariak –LABi erreferentzia eginez– Negoziazio Mahaitik alde egin dute bileraren hasieran, testuari funtsezko ekarpenik egin gabe».

Azkenik, Andrés Zearretak adierazi duenez, orain «Jaurlaritzak testuaren beste zirriborro bat egingo du, denen ekarpenak barne hartuta, eta hilabete baino lehengo, beste Mahai Orokor bat deituko dugu, sindikatuekin Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektua negoziatzen jarraitzeko».

ALEGAZIOAK ENPLEGU PUBLIKOAREN LEGEAREN AURREPROIEKTUARI

Enplegu Publikoaren Legearen lehen testuak foru-aldundien, EUDELen eta Eusko Jaurlaritzaren baterako lana izan du abiapuntu. Kontsulta publikoko eta alegazioetarako fasean, zentral sindikal gehienek egin dituzte ekarpenak, bai eta hauek ere: Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Administrazio Publikoko ehunka langilek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)