Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko osasun zerbitzuek beste hiru sari jaso dituzte

2014-11-04

Osakidetzak hiru sari jaso ditu Diario Médico argitalpen espezializatuak banatzen dituen Osasunaren 2014ko ideia onenen sarietan. Helburua medikuntza, osasun-arreta eta osasuna hobetzen lagundu dutenen lana errekonozitzea da.

Kudeaketaren kategorian, bi ekimen saritu dituzte, Osakidetzaren ama-umeentzako arreta-zentro guztietan aplikatzen den Jaioberrien segurtasuna indartzeko protokoloa eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Total Automation Laboratory berria, eta Ikerketa eta farmakologia kategorian, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko emaile bizien sei giltzurrun-transplanteen katea.

Jon Darpon Osasuneko Sailburuak adierazitakoaren arabera, Osakidetzako profesionalei zor zaizkie sariak, baita Eusko Jaurlaritzari ere, osasun-sistema publikoari, unibertsalari eta kalitatezkoari eusteagatik. «Garrantzitsua da Osakidetza osasun-sistema ontzat jotzea, baina adi eta lanean jarraitu behar dugu, kalitateari eusteko eta ahal den heinean hobetzeko», esan du.

Sariak ekimenetako arduradunek jaso zituzten, atzo arratsaldean, Bartzelonan, Kataluniako Antzoki Nazionalean, ospatutako ekitaldian. Sari-banaketan Generalitateko Osasuneko kontseilari Boi Ruiz ere egon zen.

 

JAIOBERRIEN SEGURTASUNA INDARTZEKO PROTOKOLOA

Protokolo berritzaile honen helburua haurdunaldiko, erditzeko eta erditze ondoko prozesuetako segurtasunarekin lotutako protokoloak sistematizatzea da, haurtxoa eta gurasoak bereizteko arriskua txikitzeko, eta haurtxoa, gurasoak eta osasun-langileak ditu partaide. Protokolo honekin, gurasoak sentsibilizatu eta trebatuko dira, balizko segurtasun gertakariak saihesteko parte har dezaten.

Hurrengo urteetan Osakidetzaren zerbitzu eta erakunde guztietan aplikatuko diren ildoak biltzen dituen «2013-2016 aldirako Osakidetzaren Pazienteen Segurtasun Estrategiaren» arloan jasota dago.

 

 EMAILE BIZIEN SEI GILTZURRUN TRANSPLANTEEN KATEA (GUO)

Espainian lehen aldiz egin den emaile bizien sei giltzurrunen transplante-katean (emaile samariarraz eta hainbat fasetan) parte hartu zuten bost zentroetatik lehena izan zen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea.

Orain arte gure herrialdean inoiz egin den transplante katerik luzeena izan da, guztira sei pazienteri egin baitzieten transplantea.«   »«Emaile samariar» batek, elkarren artean bateraezinak ziren 5 emaile-hartzaile bikotek eta hildako emaileen itxaron-zerrendako hartzaile batek hartu zuten parte.
 
Ildo horretatik, TENak argitaratu berri du emaile bizien 100 giltzurrun-transplante egin direla, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen eginkizuna funtsezkoa dela, Estatuan transplante gehien egiten dituen laugarren ospitalea baita.

 

TOTAL AUTOMATION LABORATORY (GUO)

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpón Osasuneko sailburuak uztailean inauguratu zuten Laborategien eraikin berriak lagunduko du Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko laborategian herrialderako eta nazioarterako erreferente bihurtzen.

Laborategi berriek teknologia berri eta berritzaileak dituzte, ospitalearen eta Osakidetzaren zerbitzu zorroa handitzeko, hobetzeko eta pertsonalizatzeko. Gainera, prozesuen segurtasuna handitu eta sinplifikatuko ditu, ikerketa-arloekin lankidetza estutuko du eta ospitalearen eraginkortasuna eta jasangarritasuna handituko ditu.

Sariaren bidez nabarmendu nahi izan dute laborategien automatizazioak biokimikako, immunologiako, hematologiako eta koagulazioko diziplinak lotzea ahalbidetzen duela. Hala, kostuak aurreztu dituzte eta eraginkortasuna handitu da. 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 4a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan